Kutsatu egiten da sua. Hernani (Gipuzkoa), Bermeo (Bizkaia), Barañain (Nafarroa)... Asko dira egunotan festan diren herriak, eta suak pizten dituztenak. Horregatik bakarrik badira garrantzitsuak sanjoanak, baina badira udako festen sasoiaren hasieraren iragarle ere. Handia da udan sanjoanen ondoren datorren suziri segida. Bolborak bolborari egiten dio dei, eta su batek beste su bat dakarren bezala, antzera gertatzen da festekin ere. Ez soilik udan, baina udan batez ere. Eguneko eguzki orduak murrizten joango dira, baina ugaldu egingo dira herrietako festak.
Uztailaren 6koa da suziririk suziriena: Iruñeko Udaletxeko plazatik botatzen den sanferminetakoa, hain zuzen ere. Atzera kontaketan jarraitzen du Estafeta kaleko erlojuak, eta nabarmena da jadanik egun batzuk baino falta ez direla. Prestaketa lanetan murgilduta dago hiria buru belarri. Ez da sanferminak ospatuko dituen Nafarroako herri bakarra, ordea. Lesakan (Nafarroa) ere festa izango dute uztailaren 6tik aurrerako egunetan, eta jendetza bilduko da han ere festa gogoz. Bi horiek izango dira udako lehen handiak, baina gehiago izango dira.
Iruñekoen jarraian datoz kasik Baionakoak. Uztaileko azken astean jendetzak hartuko du Lapurdiko hiriburua bost egunez. Uztailaren 25ean botako dute suziria, eta igandean amaituko dira ospakizunak. Abuztuaren 4an hasiko dira Gasteizko Andra Mari Zuriak. Egun horretan botako dute suziria, etaeuskara sustatzearen alde lanean aritu diren lau pertsonak izango dute festak abiatzeko ardura.
Donostian Abuztuan 11n hasiko dira festak, eta 18an bukatu. Su festak, musika eta piraten abordaiak. Bilboren txanda helduko da gero, eta abuztuaren 18tik 26ra konpartsek Ibaizabalen ertzetan jarritako txosnak izango dira hiriaren benetako erdigunea. Han emango dute eguna eta gaua batek baino gehiagok.
Herrialdez herrialde, eta zonaldez zonalde, dagoneko egina izango du jendeak bere inguruko festen egitaraua. Ez da zaila. Sanjoanetako suen ondoren, aste bat joan eta bestea etorri, hamaika dira festan diren herriak.
Suziri segida luzea Euskal Herrian zehar
Udako festen sasoiaren hasiera iragartzen dute sanjoanetako suek; gaurtik aurrera festa nagusituko da nonahi
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu