Jaiak. Burlata

Suziriarekin bestari ekingo diote bihar burlatarrek

Udalak aurrekontua murriztu behar izan du, eta, beraz, aurten ez dute urteroko zezen plaza ibiltaria jarriko

Kale animazioa izanen da arratsaldeetan: Menorkako Zaldiak talde katalanaren txanda da astelehenean. BERRIA.
Iker Tubia.
2011ko abuztuaren 13a
00:00
Entzun
Mateo Garralda eskubaloi jokalari burlatarrak emanen die hasiera herriko bestei. Bihar izanen da txupinazoa, 12:00etan. Burlatako Udalak kirolariaren ibilbide profesionala omendu nahi izan du, eta horregatik botako du suziria. Zortzi eguneko bestak izanen dira, urtero bezala, baina aurten zerbait faltako da: zezen plaza ibiltaria. Aurrekontuan murrizketak egin behar izan ditu Burlatako Udalak, eta, beraz, zezen plazarik ez jartzeko erabakia hartu du. Horren ordez, bigantxak askatuko dituzte.

Kaldereteak dira Burlatako bestetako ekitaldirik arrakastatsuena. Halaxe uste du Sonia Ezkerrena kultura batzordeko kudeatzaileak. Batzorde horri dagokio Burlatako bestetako egitaraua egitea. Horretarako, herri mugimenduaren iradokizunak kontuan hartzen dituztela dio. Haiek antolatutako ekitaldietan kaldereteak nabarmendu ditu. «Oso sustraiturik dagoen bazkaria da». Lehen lehiaketa bazen ere, egun kuadrillak biltzeko bazkaria baizik ez da. Aurten, karaokea izanen da bazkalondoan, «jendea gera dadin».

Arratsaldeetako ikuskizunak ere azpimarratu ditu Ezkerrenak. Ekitaldirik «dinamikoenak» horiek direla uste baitu. Batek batukadaren saioak, Menorkako Zaldiak taldearen kalejirak, Superbichos taldearen emanaldiak eta Los Funebres taldearen ikuskizun piroteknikoak osatzen dute bestetako kale animazioa. Lehenbiziko biak katalanak dira, eta espainiarrak azkenekoak.

Egitarau «osagarria»

Burlatako jai batzordeak ere prestatu du bere egitaraua. Bertako kide Amaia Ruizek esan duenez, haiena ez da udalak prestatutakoaren «alternatiba», «osagarri» baizik. Hauteskundeen kariaz, aurten ez dute aukerarik izan kultura batzordearekin biltzeko; beraz, euren egitaraua prestatu dute. Bazkariak, kontzertuak, kalejirak... hainbat ekitaldi prestatu ditu jai batzordeak. Berritasunen artean, Argako jaitsiera dago. Aspaldi egiten omen zuten, eta ostegunean berreskuratuko dute ohitura.

Ruizen esanetan, euskararen eguna da egunik bereziena. «Udalak egiten ditu hainbat egun, baina ez euskararena», esan du. Haren aburuz, beharrezkoa da euskara bultzatzea, eta hori da egun horren helburua. Ostiralean ospatuko dute, eta haurrendako ekitaldiak eta euskal afaria izanen dira, besteak beste.

Txosnen kokalekuari dagokionez, joan den urteko bera izanen da: Zaldua aparkalekua. Iaz kexu ziren, lekualdaketa ez zutelako adostu udalarekin. Aurten, berriz, lehenagotik hitz egin dute txosnak jartzeko tokiaz. Dena den, jai batzordearen egitaraua ez da toki horretan bakarrik aurrera eramango. Adibidez, dantzak prestatu dituzte Elizako plazan, eta kalejirak ere herrian barna izanen dira. Burlatako peñetan ere izanen dira ekitaldiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.