Maratila

Takikardiak

Xabier Etxaniz Rojo.
2011ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Ez, errua ez da umeena. Errua —eta gaurkoan ez dut erabiliko inorena izatekotan baldintzazkoa—gurasoona da. Azken batean, umeek zer ikusi, huraxe nahi izaten dute. Beraien pentsamoldea erraza da, sinple eta tolesgabea: dibertigarria dirudi, lagun artean egongo naiz, litxarreriak izango ditugu pizza afaldu baino lehen eta, zorte pixka batekin, baita afaldu ostean ere. Gainera hurrengo egunean, ikastolarik ez!

Paradisua!

Ez, errua ez da umeena. Errua gurasoona da. Ikus dezakezuenez, nire burua sartu dut artaldean, jakin baitakit ezen, saiatuta ere, ez dudala dena nahi bezain ondo egiten. Huts egiteak gizatiar bihurtzen gaitu eta denok gabiltza perfekziotik urrun. Gure seme-alabak dira, ahultasunak zein akatsak azaleratzeko orduan, denetan iaioenak. Bai, badakigu hainbeste. Alabaina, ez dugu ikasten.

Hamaika bider entzun dugu zein den jokabidea. Ukatzea ere bada maitasuna. Gure umeek ikasi beharko dute ezezkoak jasotzen etorkizunean taxuzko gizon eta emakumeak izango badira.

Guk badakigu ezin diegula dena eman. Eta beraiek badakite dena eskatzen. Haatik, eutsi egin behar diogu hordagoari. Funtsezkoa da.

Hil ala bizikoa.

Ez, ez da nire gehiegikeria horietako bat. Auzoko ikastolako haurrek Halloween ospatu zutela jakin nuenetik sekulako takikardiak ditut. Kardiologoak ezki-ura gomendatu dit taupadak baretzeko, eta zaplazteko batzuk eraginkorragoak liratekeelakoan banago ere, jaramon egingo diot.

Badaezpada ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.