Oinetako takoidunak janzteagatik, emakumeek gizonek baino askoz arazo gehiago izaten dituzte oinetan. Horien artean dago metatartso hezurretan izaten duten mina. Hankazpian, behatzak baino lehen dauden hezurrak dira metatartsoak, eta takoiek bultzatuta gorputzaren pisua bere gain hartzen dutelako sortzen da oinazea. Oso ohikoa den arazoak, baina, orain badu konponbidea: Jabier Mangado zapatagin iruindarrak asmatu duen ferra berezia. Oinetakoaren aurrealdeko zolan kokatuta, oinak lurra ukitzean sortzen den oinazea arintzen du.
Lanez gainezka dabil Jabier Mangado zapatagina. Amaia kalean du lantegia, eta kutxak eta apalategiak zapatez gainezka ditu, noiz moldatu zain. Horietako askok asmatu duen ferra berezia daramate. Espainiako Industria Ministerioak egindako lana aitortu dio, eta ahurreko ferra bataiatu duen patentea eman berri dio. Sei zentimetroko ferra material bigun eta porotsu batekin egina dago, eta zapataren aurrealdea inguratuz kokatzen da. Ferrak zapataren erdian uzten duen zuloan kokatzen dira hezur metatartsianoak. Hala, hezurrok ez dute lurra ukitzen eta mina eragozten da.
Arrakasta familiari esker
Senide batek metatartsoetan zuen minak eraman zuen ferra asmatzera Mangado. Merkatuan zegoenarekin ez zen moldatu, eta beste zerbait egitea pentsatu zuen. Hasi eta egin. Duela bi urte asmatu zuen, eta harrezkero, hobetuz joan da, patentea lortu arte. Zapata ereduak egiten iaioa, hainbat patroi frogatzen aritu zen. Azkenean, nahi zuen irudia, materiala eta gutxieneko garaiera eta zabalera behar zituen ferra lortu zuen. U itxura du, malgua da, eta zenbaki eta zapata eredu guztietara egokitu daiteke.
Joan den urtean 3.000 ale saldu zituen, 15 euroan. Arrakasta ikusirik, patentatzea erabaki zuen. Halere, patentea lortzea asko kosta zaio. Joan den irailean onartu zioten behin betikoa. Aurretik, ferraren mesedeak frogatzeko, mediku txosten bat eskatu zuen, eta Iruñeko Ubarmin klinikako traumatologo-podologo batek ziurtatu zituen bere asmakizunaren onurak. Behin txostena izanda,patentea eta ustiaketa eskubideak eskatu zituen. Patentea lortu bitartean, trokelgintza batean pieza egiteko eskatu zuen, eta bere zapata lantegian erabiltzen hasi zen. Arrakasta erabatekoa izan da. Emakume bat 13 zapata parerekin etorri zitzaion. «Ahoz aho zabaldu da berria. Behin etortzen badira, berriro itzultzen dira oinetako gehiagorekin», dio.
Beste zapatagin batzuk ere hasi ziren ferra jartzen, baina patentea lortu arte ezin izan du horren aurka deus egin. Patentea lortu duenez, aurrerantzean hark bakarrik jarri eta merkatura dezake ferra. Nafarroan Iruñeko eta Tuterako zapata denda banari emanen die merkaturatzeko baimena. Orain, Espainian ere zabaldu nahi du, eta Frantzian eta Portugalen ere eskatu du patentea. «Berrogei urte daramatzat zapatagn lanetan, eta emaitza onak ematen dituen pieza bat aurkitzea gauza polita da».
Takoien zama arintzeko
Zapata takoidunek oinetan eragiten duten oinazea gutxitzeko, zapata zolaren aurreko aldean jartzen den ferra berezi bat asmatu du Iruñeko Jabier Mangado zapataginak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu