Teknologia berrien atzaparretan

Gero eta gehiago dira teknologia berriek eragindako mendekotasunari lotutako estresa pairatzen dutenak. Lanari lotuta sortzen da askotan estres hori, eta hori dela eta, langileei mugak jartzeko beharraz ohartarazi dute adituek.

ainara arratibel gascon
2015eko apirilaren 11
00:00
Entzun
Jende asko oraindik ez da jabetzen arazoaz, baina gero eta handiagoa da. Etorkizunean langileen gaixoaldien arrazoi nagusietako bat izango da». Marc Masip psikologoak kezkaz hitz egin du teknologia berriek eragin dezaketen estres eta mendekotasun egoeren inguruan. «Gurpil zoro» bat dela azaldu du, eta adibide argigarri bat jarri du: «Zure nagusiak whatsapp bat bidaltzen dizu arazo bat azalduz. Bulegotik kanpo zaude, baina konpondu behar denez, banatzaileari deitzen diozu, eta hark horren ardura duen beste langile bati. Joera hori gero eta gehiago zabaltzen ari da, eta, azkenean, horietako inork ez du lortzen lana alde batera uztea, teknologia berriek eragindako morrontzaren ondorioz». Gogorarazi du, gainera, kasu askotan konturatzerako berandu dela. «Askok jada benetako mendekotasun bat dutenean konturatzen dira benetan arazo bat dutela. Benetan gaixotasun bat denean». Horren aurrean «kontzientziaz eta arduraz» jokatzeko eskatu du. «Atseden orduak errespetatu egin behar dira. Ordu batzuetan alde batera utzi behar dira teknologiak».

Kontzeptu zaharra da teknologia berriek eragindako estresa edo mendekotasuna. Duela 30 bat urte asmatu zuen kontzeptua Craig Brod psikologoak. Ameriketako Estatu Batuetako liburuzain batzuk izan ziren pairatzen aurrenak, liburuen katalogoak kudeatzeko sistema informatiko bat ezarri zietenean. Gaur egun teknologia berriek eragiten duten estresarekin ez du zerikusirik, ordea, ordukoak. Izan ere, sistema informatiko harekiko mendekotasunak ez, hura erabiltzen ez jakiteak eragiten zien estresa liburuzainei. Baita horren ondorioz lana galtzeko arriskuak ere.

Teknologiak garatuz eta ugarituz joan ahala, hazi egin da estres eta mendekotasun hori. Intel teknologia enpresak egindako ikerketa baten arabera, erabiltzaileen %40k egun osoa ematen dute gailu teknologikoei konektatuta, eta %80k sakelako telefonoa ondoan dutela lo egiten dute: «Morrontza edo kontrol bat dago teknologia berrien eta sare sozialen inguruan, eta hori estres sortzaile garrantzitsu bat da. Estres mota berri bat da, oso indartsua eta etorkizunean eragin handia izango duena».

Ohiko estresarekin hainbat sintoma partekatzen ditu teknologia berriek eragindakoak: lo egiteko arazoak, arnasa hartzeko zailtasuna, tentsio altua, giharretan uzkurdurak, nekea, beldurrak eta dardarak. Baditu, ordea, propioak diren batzuk: sozialki bakartuta egotea, gehiegizko identifikazioa teknologia berriekin, ideiak sortzeko gaitasuna gutxitzea, eta gailu batekin baino gehiagorekin batera ibiltzea, lana zehatz batean arreta jarri gabe. Kontrol sentsazioa handia da.

Batez ere enpresa gizonek eta ardura handiko lanpostuak dituztenek jasan izan dute azken hamarkadetan estres hori. «Baina teknologia berrien erabilera oker eta gehiegizkoaren ondorioz, arazoa jende gehiagorengana iristen ari da, ez bakarrik, gainera, lan kontuengatik». Gazteak dira horren adibide argigarriena. «Alde horretatik, gurasoek eredu izan beharko lukete. Haiek egun osoa sakelakoari edo tabletari lotuta badaude, hori da seme-alabek ikusiko dutena».

Estres horrek laneko giroa txartu dezakeela gogorarazi du Masipek. «Bakoitzak bere mugak ditu maila pertsonalean eta laboralean». Hala, aditu askok diote teknologia berrien ondorioz muga horiek zeharkatuz gero haserreak sor daitezkeela lankideen artean. Adibide gisa jartzen dute oporretan edo lanorduetatik kanpo mezu bat bidaltzea.

Beste ohar bat ere egin du Masipek. «Kasu askotan nahikoa da langile batek mendekotasun edo estres hori edukitzea gainerakoei eragiteko, eta haiek ere berdin jokatzeko. Egoera are gehiago okertuko da horrela». Horrek eragina du ezinbestean ekoizpenean.

«Atseden teknologikoak»

Hori dela eta, mugak hasieratik jartzearen beharra azpimarratu du. «Hori da halako arazoak saihesteko modurik onena». Horrekin batera, heziketa jo du gakotzat. «Batez ere gazteen kasuan, eta horretan zerikusi handia dute, esan bezala, bai gurasoek, baita irakasleek ere. Eskoletatik gehiago egin beharko litzateke, azken batean horiek direlako etorkizuneko langileak. Horretarako, ordea, irakasleak formatu behar dira, eta horren arabera, eskola bakoitzak bere ibilbide orria zehaztu teknologia berrien erabileraren inguruko heziketari buruz». Beste proposamen bat ere egin du. «Tabako paketeen antzera, eragiten dituzten kalteak agertu beharko lituzkete gailu teknologikoek».

Bestelako gomendio batzuk ere eman izan dituzte adituek. Horietako bat da lanordu bakoitzeko siesta digitala egitea. Hau da, hamar minutuz gailu elektronikoak erabiltzeari uztea. Baita gailu elektronikorik gabe egin daitezkeen jarduerak egiten jarraitu ere. Edo astialdian ere gailu elektronikoez ahaztea. Adibidez, paseora edo lagunekin afaltzera joanez gero, telefonoari ez begiratzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.