Plaza giro

Terrazetako baranda kolokan

Gipuzkoako Kosta Zuzendaritzaren ohar batek kezka sortu du La Perlako terrazen kudeatzaileen artean. Terrazetako barandak kendu egin behar direla dio.

La Perlako terrazan bezala, Eguzki elkartekoan ere baranda ezaguneko itxitura dago Kontxako pasealekuan. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
xabier martin
Donostia
2012ko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun
Felixek eta Patxik egunero hartzen dute kafea La Perla jatetxearen terrazan. Erretiroa hartu zutenik «itsasoari begira» hartzea erabaki zuten, «orain zortzi bat urte». Erretzaileei ez zaie beste erremediorik geratzen; terrazan egotea, alegia. «Baina ederki egoten da, berogailu txiki honekin, eta, gainera, merkea da kafea, aizu!», dio Felixek. Kontxako hondartza leku ezin hobetik ikusten dute handik; terrazatik at, pasealekuan aurrera doazen oinezkoek, ordea, ezin dute behatu ikuskizuna; ez, behintzat, La Perla jatetxea, La Concha kafetegia eta Eguzki elkartearen terrazen eremuetan.

Espainiako Ingurumen Ministerioak egoera hori aldatu nahi du. Gipuzkoako Kosta Zuzendaritzak oharra igorri dio Donostiako Udalari, terraza horietako guztietako barandak eta gainontzeko oztopo fisikoak ken ditzan. Terrazek hartzen duten eremua publikoa dela dio oharrak eta horregatik zabalik behar duela, edonor azken baranda arte joan eta badiari begira jartzeko moduan. Hori ez dago egiterik terrazak itxita daudenean.

«Hori ez da horrela», dio Francis Tamayo La Perlako zuzendariak: «Gure terraza eraikuntzaren sabaian dago, eta horrela egon da 1912tik». Talasoterapia instalazioen gaineko sabaia dela dio, eraikinaren zati bat, eta ez pasealekua. Eta orduko argazkiak dituen liburu batean erakusten du. Orduan ere terraza itxita zegoen. «Hau terraza irekia da guziontzat, edozein herritarrentzako salneurriekin, baina zaindu beharra dago; ezin dugu beti zabalik izan, hondatu egingo bailukete».

La Perla babesturik dago

La Perla eraikina alokairuan dago 1912az geroztik. Donostiako Udalarena da, eta babesturik dago 1 graduko babesarekin; terrazako barandak ere babesturik egon daitezke, hortaz. «Ez dakit zer nahi duen Kosta Zuzendaritzak, baina harrigarria da orain horrelako gauzekin hastea, krisiaren erdian, ditugun arazoekin... Ehundik gora lagun ari gara hemen lanean, talasoterapia eta dena kontuan hartuta; ba al dakite zertan ari diren?».

La Perlan bakarrik ez, La Concha kafetegian ere kezka da nagusi, «inork ez zuelako espero orain kontu horiekin hastea». Datorren astean bilera bat izango dute udal ordezkariekin, eta egoeraren inguruan berri zehatzagoak izango dituztelakoan dago Francis Tamayo; «orain arte prentsan azaldu dena baino ez baitakigu». Dena den, Tamayok garbi dio: «Hau eraikin babestua da; hemen ezin da ezer ukitu, eta kontzesioa bukatu arte behintzat, are gutxiago. Gero, agian Kosta Zuzendaritzak eraikina botako du... Batek daki».

Kosta Zuzendaritzan, Espainiako Gobernuarena berau, jarduera bizian ari dira azken hilabeteetan Gipuzkoako ordezkaritzan. Ondarretan dagoen kafetegia botatzeko agindua emana dute, eta udan, berriz, toldo andana kentzeko agindua eman zuten Zarauzko hondartzatik. Orain Kontxako pasealekuko terrazetako barandak dira. «Politika ere egongo da tartean», dio La Concha kafetegiko langile batek. «Politikan hobe da ez sartzea, baina kasualitatea al da auzi honekin orain hastea?».

Eguzki elkartean xake jokoan eta billarrean ari dira elkartekideak badiari begira. «Sarrerako terraza txiki hori ez dugu sekula itxi; ez da gurea, hori betidanik izan dugu argi, eta gaiak ez gaitu kezkaturik», esan du Javierrek, zuzendaritza kontseiluko kide batek. Datozen egunetan hasiko da argitzen da auzia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.