Maratila

Testuingurua

santi leone
2011ko urriaren 11
00:00
Entzun
Egunotan, gizon bat aberatsei zergak handituko dizkiela agintzen dabil Espainian. Telebistan ikusi izanen duzue naski: argal samarra da, bizarduna. Hitz eman du ez duela murrizketarik eginen. Oraindik ez du botere guzia sobietendako eskatu, baina, tira, martxa honetan, horretara ere ailegatuko da. Hasmentan, ikusten nuen bakoitzean Gobernuan ibilitako tipo bat etortzen zitzaidan burura. Rubalcaba izeneko bat. Lagun batek hura bera dela erran didan arte. Horri esker ulertu dut zer nekagarria den manatzea, zeren, agintean zelarik, Rubalcabari ez zitzaizkion bururatzen orain bururatzen zaizkion ideia horiek. Hausnartzeko denbora faltagatik, segur aski. Are gehiago, dudarik gabe zertan ari zen ere ohartu gabe, murrizketak egitea eta aberatsei zergak jaistea onartu zuen. Joan den astean, Público egunkariak lerro-buru handi batean zekarren PSOE ezkerraren nortasun ikurrak berreskuratzen ari dela. Europako fenomeno orokorra da, zioen lerro-buru txikiago batek. Ariketa didaktiko ederra, Públicorena, kontu jakina baita testuingurua ezagutzeak izugarri laguntzen duela jendearen jarrera ulertzen. Beraz, Europa osoan barna hedatzen ari den ezkerren berpiztearekin bat eginez hasi da lanean Rubalcabaren irudimena, eta ez (gaiztoren batek pentsatzen ahalko lukeen bezala) hauteskundeetan galtzaile izanen dela jakiteak ematen dion askatasunari —edo lotsagabeari— esker. Bidenabarkoan, Públicoren lerro-buruak iradokitzen du orain utzi diola PSOEk ezkerreko alderdia izateari, krisi honen kariaz, eta ez, konparaziorako, Suresnes-en. Baina hori ulertzeko, jakina, bertze testuinguru bat beharko genuke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.