The Pinnacle filmak irabazi du Gasteizko Mendi Nazioarteko III.Mendi eta Abentura Zinemaldiaren sari nagusia. Filmak Eskoziako eskaladaren bilakaera jorratzen du, eta Paul Dieffley zuzendariak ekoitzi du. Jimmy Marshall eskalatzaile eta alpinistak 1960an Ben Nevis mendian egindako eskalada aitzindariak gaurkotu ditu, Dave McLeod eskalatzailearen eskutik. Orduko jantzi eta materialarekin Marshallek egindako eskaladak egin ditu McLeodek.
Boskote batek osatu du aurten Mendi zinemaldiko epaimahaia: Bernadette McDonald izan da burua, urteetan Banffeko zinemaldiko zuzendari izandakoa, eta Jerzy Porebski zinemagileak, Javier Alonso Aldama EHUko irakasleak, Patxi Basabek eta Aitor Gisasolak osatu dute taldea. Haiek arduratu dira zinemaldiko sarituak aukeratzeaz. The Pinnacle-k atzean duen istorioa, filmaren egituraketa, musikaren egokitasuna eta irudiak hartzeko erabilitako teknikak nabarmendu dituzte, besteak beste.
Bateko eta besteko zinemaldietan sariak irabazi eta irabazi ari den The Asgard Project ez da esku hutsik geratu, Mendiko film onenaren saria eman diote Gasteizen. Gaston Rebuffat alpinistaren ibilbidea biltzen duen lana eta Pavol Baravasen Carstenz: The Seventh Summit ere sarituen artean dira. Ikusleek Alpeetako eskalada gogorrenetako batean hartutako irudi ikusgarriak saritu dituzte: Jordi Canyigueralen Pan Aroma filma.
Gonbidatuak emanaldietan
Euskarazko ekoizpenek ere badute tartea Mendi zinemaldian, eta Tamur: Kangchenjungako harribitxia dokumentalak jaso du euskarazko film onenaren saria. Bideografiketxeak ekoitzitako filma da, eta Tamur ibaian egindako rafting-eko bizipenak biltzen ditu.
Guztira, 32 proiekzio egin dituzte Mendi zinemaldian, haietako 22, sail ofizialean. Emanaldietara 3.500 ikusle joan dira, eta Europa jauregiko aretoa bete egin da ia egunero. Protagonistek indartu dituzte emanaldiak, eta Gasteizen izan dira, besteak beste, Carlos Suarez, Dean Potter, Alberto Iñurrategi, Remy Tezier, Erhard Loretan,Krzystof Wielicki, Antoine Le Menestrel, Horia Colibasanu eta Herve Barmasse. Aurtengoa bukatuta, 2011ko Mendi prestatzenhasiak dira Gasteizen.
'The Pinnacle' filmarentzat Mendi zinemaldiaren saria
Paul Dieffleyren lanak Eskoziako eskaladaren historia jorratzen du, Ben Nevis mendiko eskaladak gaurkotuz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu