The Who

santi leone
2010eko urriaren 26a
00:00
Entzun
Irakaslearen azalpena aditutakoan, ikasle guztiok hasi ginen elkarri galdezka, hitzak ahal moduan ebakiz: Who are you? Who is he? Bat-batean gure ikaskide batek eskua goratu zuen zalantza bat argitzeko eskatzeko. Akademia batera joaten bide zen eta, erabat ziur ez egon arren, uste zuen hango irakasleak guó ahoskatzen zuela praktikatzen ari ginen zorioneko who hura. Denok irakasleari begira gelditu ginen, eta isilune sakon baten ondoren, honek onartu egin zion zuzenketa. Gelditzen ziren minutuak guó are you? eta guó is he? erraten pasatu genituen, klasea bukatu arte.

Arratsalde hartan berean, Ameriketan ibilitako gure eskolako apaizen bati galdegin zion duda naski, eta biharamunean, gelara sartu bezain fite hauxe bota zigun, haserre bizian: «Erran behar da jjjju!!».

Garai hartan, frantsesa lekutuz eta haren tokia hartuz, ingelesa hedatzen ari zen hezkuntza sisteman, eta gure eskolako apaizek ere egokitu behar izan zuten egoera berrira. Ez dut uste inork titulurik zuenik. Zenbait irakasle, atzerrian ibiliz ikasitako ingelesa baliatuta, txukun aritzen ziren. Gehienak, ordea, oinarrizko kontuak ere juxtu-juxtu zekizkiten, arestiko ju horren lekuko.

Gaur, zorionez, gauzak arruntean aldatu dira, eta nonahi aurkitzen ditugu ingeles irakasle tituludunak. Martxa honetan, gure gazte guziek ingelesa jakinen dute hemendik urte gutxira. Edonola ere, nik seme-alabaren bat banu British eta tankera horretako eredu batean, noizbehinka «gustuko al duzu de guó taldea?» galdeginen nioke. Ea zer erraten duen.

Badaezpada ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.