Mixel Etxekopar. Musikaria

«Tradizioa galtzeko beldur gara, eta beldurrarengatik galduko dugu»

Zuberoako maskarada izango da gaur ikusgai Markina Xemeinen. Ez da guztiz tradizionala izango: 'Maskar' proiektua tradizioa eta egungo garaia uztartzen dituen azterketa artistiko gisa ulertu behar da.

GAIZKA IROZ.
Maialen Unanue
2011ko urriaren 1a
00:00
Entzun
Mixel Etxekopar (Gotaine-Irabarne, Zuberoa,1963) Hebentik kultura elkarteko arduraduna da, baita Xiru jaialdiaren antolatzaileetako bat ere. Maskar ikuskizuna izango da gaur Markina-Xemeingo plazan (Bizkaia), Xirun sortu zen Zuberoako maskaradari buruzko azterketa modukoa.

Nolako eguna espero duzue?

Ilusio eta atsegin handiz goaz gu. Markina-Xemein ez da guretzat leku arrotza. Gainera, bertakoa den Abarka antzerki taldea ezagutzen dugu, Xiru jaialdian parte hartu baitzuten. Hura urrats bakarra izango zela uste genuen, ez zuela biharamunik izango. Abarka taldekoek, ordea, ezetz zioten, bazutela gogoa elkarlan horri eusteko.

Zertan dantza Maskar ikuskizuna?

Maskar guretzat izan da, eta oraindik ere bada, halako «arte estudio» bat Zuberoako maskaradari buruz. Xiru jaialdian sortzen ditugun gauza xume guztiak bezala, saiatzen gara gure bizia, gure ohiturak eta lekuak jorratzen ahal bezain barna. Maskar, hain zuzen, maskarada izenetik dator; erran nahi baita maskaradaren moduko gauza bat izanen dela, nahiz eta sasoiz kanpo izan. Artistikoki ikus dezagun zer dugun, zerk hunkitzen gaituen maskarada horretan, eta zein eder eta inportanta den. Maskar izenak badu beste berezitasun bat: romani edo ijitoen hizkuntzan erdigune esan nahi du.

Zer aurkituko du bihar Markinara joaten denak?

Zuberoako maskarada moduko bat aurkituko du, maskaradaren lege andana dituena, erran nahi baita, kantariak, dantzariak, antzerkilariak... Eta horiek guztiak, plaza baten erdian.

Garai berriek eraginda tradizioa moldatzeko beharra ikusi duzue?

Bai, dudarik gabe. Tradizioa galtzeko beldur gara, eta beldurrarengatik galduko dugu. Tradizioa geldi izatea nahi dugu, mugikaitza izatea, alegia, altxor modura pasatzen da belaunaldiz belaunaldi, eta hori ez da inoiz horrela izan. Horrela izan bada, eta horrela bada, erran nahi baita, hiltzen dela. Guk mugimendua eman nahi diogu. Zer dago trrrrradizio [sic] horren atzean? Duela hogei urte sortu zen zerbait? Duela ehun fosilizatu zena? Hala aitzinetik eta ondotik izan den mugimendua?

Hip hop dantzek ez dute tradizio handirik Euskal Herrian.

Ez, baina hip hop dantzariek plazen erdian dantzatzeko ohitura dute. Gaur ikuskizunean parte hartuko duten talde guztiek badute eginbehar zuzen bat, baita hip hop dantzariek ere: erakutsi behar dute dantzaren bidez zer duten oihukatzeko plazaren erdian. Godalet dantza eginen dute Gotaineko dantzariekin.

Talde ugarik parte hartuko dute maskaradan. Erraza da gaur egun jendea mobilizatzea halakoetan parte hartzeko?

Ez da erraza, ez. Taldeek, ordea, gogotik hartu dute afera. Egia esan, zaila da, ez baikara profesionalak; herri proiektua da gurea. Nekeziak badira, baina haiek baino gehiago dira erronkak eta, noski, herrikoitasunaren indarra.

Nabaritzen duzue hutsuneren bat halako ekitaldiak sustatzerako orduan?

Bitxia da: egia esan, bai eta ez. Guk Xiru jaialdia duela 22 urte sortu genuen, eta hastapenetik izan dugu Euskal Herriko eta Frantziako zenbait instituzioren laguntza. Nahiz eta kultur egituretatik kanpo izan, laguntza jaso dugu beti, eta hori estimatzekoa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.