Trago txarren kokapena

Trago txarrak ematen dituzten tabernez kexatu ahal izateko web orri bat sortu du Jose Ignacio Diaz sanadriandarrak, eta arrakasta handia izan du hilabete gutxian.

Inigo Astiz
Iruñea
2012ko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
Nahitaezkoa da, kasik; parrandan egon behar parrandari buruzko hizketagaiak. San Adriango festak ziren (Nafarroa), bere herriko festak, eta tabernetako edariei buruz hasi zen hizketan Jose Ignacio Diez, kuadrillan. Edariez eta trago txarrez, zenbaitetan, kanpoan edandakoek ez baitute etxean edandakoen zaporea. Horiei buruzko web orri bat egin zitekeela pentsatu zuen Diezek parranda gau hartan, eta parranda bukatu ostean, baita egin ere; www.guiagarrafon.com. Tabernetan edandakoaren kalitatearen berri emateko aukera eskaintzen dio orriak jendeari. Hilabete batzuk badira martxan jarri zuenetik, eta ikaragarri egin du gora bisita eta salaketa kopuruak geroztik.

Bazen halako zerbaiten egarria, Diezen hitzetan. «Igandetan sare sozialetan ohiko hizketagaia izaten da aurreko gaueko tabernetako edarien kalitatearena. Zaporea arraroa zela eta tripak nahasi xamar dituztela, halakoak, eta maiz errepikatzen den galdera izaten da: 'Ez al dago halako kexak hedatu ahal izateko lekurik?'». Hutsune hori bete du Diezen web orriak, eta, horregatik, bisita kopuruaren gorakada.

Bada kexatzeko arrazoirik, dioenez. «Kalitate txarreko edari asko saltzen dira tabernetan. Hiri handietan nahiko hedatuta dago joera. Gauez, batez ere, musika ozena eta argiztapen ilun xamarra duten lekuetan, batez ere. Kalitate txarrekoa dela esaten dudanean, ordea, ez dut esan nahi osasunarentzat kaltegarriak direnik, espero duzun zaporeaz bestelakoa dutela baizik. Erraz egin liteke proba: supermerkatuan botila bat erosi, etxean beste edariren batekin nahasi, eta zapore bat izaten du, gero tabernetan marka bereko edariak eskatuta izaten ez duena. Horri esaten diot nik trago txarra».

Mapa batean kokatzen ditu Diazen orriak jendearen kexak. Kokapena eta kalitatea biltzen ditu. Gorriz markatuta ageri dira trago txarrak saltzen dituzten aretoak, eta berdez trago onak ateratzen dituztenak. «15.000 bat aretori buruzko informazioa ageri du orain orriak, eta nabarmen handiagoa da gune berdeen kopurua, gorriena baino». Jendeak bozkatu egiten du, eta aldatuz joaten da, beraz, gune bakoitzaren balorazioa ere. «Ostalariek ere ikus dezakete jendeak zer pentsatzen duen, hala», dio.

Jendearen kexak ez dira beti garratzak, eta umore tanta batzuk ere izaten dira. Kasu bat nabarmendu du Diazek: «Vatikanoan Done Petri basilikari buruzko balorazio bat jaso nuen: 'Lekua ongi, ardoa galdu xamarra'».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.