Euskal Herrian mendeetan egin zen transhumatziaren lekuko dira ardibideak. Garai batean Aralarko, Gorbeiako, Urbasako eta Pirinioetako larreetara joateko, transhumantzia egiten zutenartzainek udan. Neguan, berriz, artaldeak inguruko eskualdeetara, kostaldera eta, Pirinioen kasuan, Bardeara bueltan eramaten zituzten. Gaur egun, Zaraitzuko eta Erronkariko artzainek bakarrik egiten dute bidea oinez, Erronkariko abelbidea deritzonean barrena. Orotara, 117 kilometro ditu.
Historia berezia du errege bide ere deitzen duten horrek. Nafarroako Antso VII.a Azkarra erregeak emandako abantaila baten ondorioz sortu zuten. Gudari euskaldunek musulmanen aurkako gudetan emandako laguntza eskertzeko eman zien abantaila. Ondorioz, erregeak baimena eman zien Zaraitzu, Erronkari eta Aezkoako artzainei Bardeako eremuetara jaisteko beren artaldeekin negua iragatera. Geroztik, mendez mende, urtez urte ohiturak segida izan du. Eta Otal familia da ohitura horren jarraitzaileetako bat.
Urtean bitan etxez aldatzeko ohiturak ez dio buruhausterik ematen familiari. «Badugu etxea Buñuelen eta Garden. Emaztea ere igotzen da haurrekin batera, horiek eskola bukatzean», dio Jose Enrike Otalek.
Azken asteak dituzte Bardean, eta Erronkarirako bidaia prestatzen hasiko dira aurki. Amak prestatutako janaria hartuta, karabanan abiatuko dira ekainaren hasieran Pirinioetara. Zortzi-bederatzi eguneko bidaia izaten da. «Lehen astoetan igotzen ziren, eta orain karabanan joaten gara. Asko aldatu dira gauzak. Aitaren garaiak eta gureak ez dute zerikusirik. Egun, neke bakarra ganadua eramatea da». Dena dela, ahal dela, lo izarpean egitea gustatzen zaie. «Batzuetan karabanan edo kanpin dendan lo egiten dugu, baina, ahal bada, izarpean. Izarren hotelean nahi izaten dugu lo egin».
Eguraldiaren arabera, bidaiak gehiago edo gutxiago iraunen du. Eguraldi ona eta freskoa bada, artaldea azkar ibiltzen da. Beroa egiten badu, berriz, motelago doa.
Transhumantziaren lekuko isilak
Nafarroako Antso VII.a Azkarra erregeak emandako abantailaren ondotik sortu zituzten ardibideak. Mendez mende ohiturak jarraipena izan du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu