Badakizu ikusten ari zarena ezinezkoa dela, baina, hala ere, behin eta berriro zin egiten duzu egiazkoa dela. Ilusioa sortzeko gaitasun hori du magiak. Haur eta nagusiak sorgintzen ditu, aho zabalik uzteraino. Halaxe geratu dira ehunka ume Gasteizen, Magialdia jaialdia hasteko ekitaldia ikusi dutenean. «Ooo!» entzun da Federico Garcia Lorca antzokian; Mr. Twister izeneko ikuskizuna eman dute han. Liluratuta daude umeak, karta jokoak, zapi gorritik atera den usoa eta pertsonen desagerpenak ikusita. Diego Calavia magoak eta Amaia Arraran clown-ak prestatu dute emanaldi hori, magia, umorea eta antzerkia uztartuta, eta publikoa liluratuta geratu da.
Garrasiekin, algarekin eta barreekin egin dio ongietorria Arabako hiriburuak Nazioarteko 24. Magialdia jaialdiari. Goizean goizizan dute haurrek magiarekin gozatzeko parada. Antzo-kiko argiak itzali bezain laster oihuka hasi dira umeak; urduri daude, aulkian eseri ezinik. Maritxu Goikoetxearena egiten duen emakumea atera da taula gainera, eta magia ikuskizuna hasi du. Segituan irten da Mr. Twister magoa, eta kutxa huts batetik tramankuluak ateratzeari ekin dio: ezpata bat, zapi luze bat, kartak, kapela bat... Zurrumurruek bete dute antzokia, sinistu ezinik baitaude haurrak. Bere burua mozorrotzeari ekindio gero Mr. Twisterrek, zapi beltz bati forma ezberdinak emanda: Dracularena egin du aurrena, eta barrez lehertu da aretoa, aitona zahar baten itxura hartu du gero, ezpatariarena, cowboy-arena, mojarena... «Kako-oker kapitaina!», garrasi egin duhaur batek, magoak pirataren itxura hartu duenean.
Euskaraz eta ingelesez aritu dira taula gainean. «Magiarik ez dago!», esan dioMaritxuk Mr. Twisterri. «Magic is in the air!», erantzun dio hark. Haurren txanda iritsi da orduan, haien laguntza eskatu baitu bikoteak. Laura eta Iker igo dira agertokira, eta karta jokoa egin die Mr. Twisterrek. Trukua egiteko, hitz magikoa oihukatu behar izan dute aurretik haurrek: «Razzmatazz!». Eta kartak, inor ohartu gabe, esku batetik bestera pasatu dira. «Ooo!» entzun da berriro ere aretoan.
Hipnotizatuta agertu da ondoren Mr. Twister, eta zapi batetik uso zuri bat atera du. Horixe izan da haurrak gehien liluratu duen trukua. Txalo zaparrada luzeak hala erakutsi du, behintzat. Aretotik irten direnean ere ahotan zuten askok berriki ikusitakoa: «Usoa egiazkoa zen?», galdetu dio neskato batek beste bati. «Zein polita izan den!», esan du beste batek.
Gustura geratu da Gustavo Calavia magoa emandako ikuskizunarekin. Ia hogei urteko eskarmentua du magia munduan, baina emanaldi bakoitza erronka bat dela dio. Bereziki haurrekin lan egitea estimatzen du: «Haurrak publiko bizia dira, intuizio handikoa, eta hori kontuan hartu behar dugu magook lan egitean».
Igandera arte, haurrek ez ezik, nagusiek ere izango dute une magikoez gozatzeko parada. Izan ere, 40 magok baino gehiagok ikuskizun mordoa emango dutekalean, tabernetan, eskola,erietxe zein antzokietan.
Trikimailuek lilurata
Haurrentzako ikuskizun batekin hasi dute Gasteizko Nazioarteko Magialdia jaialdia. Magiak hiriko taberna, eskola, antzoki eta kaleak hartuko ditu igandera arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu