Hauspoari hitz eta hitzari hauspo eman nahi dio Soinuberbak jaialdiak gaur, Bergaran (Gipuzkoa). Oñatiko Bertso Eskolak eta Lizaragarate Trikitizale Alkartiak antolatu dute trikitiaren eta bertsolaritzaren munduetako puntako sortzaileak bilduko dituen jai hori.
«Tradizioak horrenbestetan batu bezala, bertsoa eta trikitia uztartuko dituen jaialdi bat izango da, eta, aitzakia horrekin, bertsozale eta trikitizale denok bat egingo dugu», adierazi dute antolatzaileek. Urtero egin ohi dute bertso jaialdia Oñatin, Herri Egunaren bezperan. Aurten, berriz, bertsoari musika gehitzea erabaki dute. Horren gain, ekitaldiaren erritmoa zainduko dute. Horretarako, Ander Lipus aktorea izango dute, gidari lanak egiteko. Hark aurkeztuko ditu oholtzara igoko diren 17 artistak. Harkaitz Allur, Leire Ibarzabal, Odei Barroso, Maialen Arzallus, Fredi Paia, Itxaso Paia, Xabi Paya, Joseba Tapia, Xabier Leturia, Aitzol Barandiaran, Jexux Mari Irazu, Gari Lizarraga, Iñaki Larrañaga, Iban Urdangarin eta Iker Zubeldia arituko dira Zubikoa pilotalekuko agertokian, batzuk ahotsarekin eta beste batzuk soinu eta panderoarekin. Sarrerak kultur etxean daude salgai, 10 euroan. Gero, 20:00etatik 21:00etara, Zubikoako txarteldegian salduko dituzte, eta ondoren, berriz, ikuskizuna hasi baino ordu erdi lehenago.
SOINUBERBAK JAIALDIA
Noiz. Gaur, 22:30ean.
Non. Zubikoa pilotalekuan, Oñatin (Gipuzkoa).
Trikitiaren eta bertsoaren jaia
Soinu txikiaren eta bertsoaren munduko kide ezagun batzuk ariko dira gaur Bergaran, Soinuberbak jaian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu