Ezarian. Zientzia

Tumoreak garatzeko joera handiagoa dute IPS zelulek

IPS enbrioi zelulek minbizia sortzeko erraztasun handiagoa dutela dio ikerketa batek; enbrioien zelula amen lekua bete dezaketen zelula horietan denbora gutxian aurkitu duten bigarren arazo konplexua da.

xabier martin
2011ko otsailaren 17a
00:00
Entzun
Zelula ama pluripotente induzituek, IPS zelulek, tumoreak sortzeko prozesuekin lotutako geneen mutazioak dituzte, azaletik edo iletik eurak sortzeko prozesuak berak eraginda. Cell death and differentiation aldizkari espezializatuan kaleratu dute Thanos Halazonetis-ek (Genevako Unibertsitatea) eta haren taldeak arazoa azaleratzen duen ikerketa. «Genomaren anplifikazioak dituzte IPSek, eta, itxura batean, onkogeneak errepikatuta daude», dio Halazonetisek. Hau da, etorkizunean IPS zelulek tumoreak garatzeko aukera handiagoak dituzte zelula normalek baino. Horrek esan nahi du, pluripotenteak diren arren eta askok uste arren enbrioien zelula amen lekua betetzeko gai direla, IPS zelulen erabilera izugarri muga daitekeela, batez ere medikuntzaren alorreko aplikazioei begira.

Ikerketa hori duela aste batzuk Nature-n argitaratutako beste baten atzetik dator. Hark ere arazo handia antzeman zuen IPS zeluletan; zelula helduak zireneko oroimen pixka bat gordetzen dutela zioen —nahiz eta pluripotente bihurtu—. Mezua argia da: enbrioien zelula amen ikerketa ezin da alboratu, auzi etikoak bere horretan jarraitzen duen arren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.