«Turismoa norberaren istorioa kontatzea da»

'Turismoa, kultura eta garapen iraunkorra' liburuaren euskarazko itzulpena aurkeztu du Mike Robinsonek

Adrian Garcia.
Mutriku
2012ko maiatzaren 31
00:00
Entzun
Turismoa munduan lanpostu gehien sortzen duen sektorea da, ekonomia gidatzen duen motorra. Herrialde askoren BPGaren zati garrantzitsua osatzen dute turismotik eratorritako etekinek. Alor ekonomikotik harago, kultur turismoak abantaila handiak eskaintzen dizkie bidaiariak jasotzen dituzten herrialdeei: bakoitzaren nortasun kulturala adierazteko bidea ematen du.

Birminghamgo Unibertsitateko Turismo eta Kultura Katedraduna da Mike Robinson, Kultura, Turismoa eta Garapen Iraunkorra liburuaren egilea. Europako Geoparkeen astearen harira, euskarara itzuli berri den liburua aurkeztu du Mutrikun (Gipuzkoa). Kultur turismoari buruz ikuspegi zabala du Robinsonek, Unescoren aholkulari gisa leku askotan egin baitu lan. Unescoren Etxearen babesarekin argitaratu dute liburua. Liburuaren aurkezpenean, Iñaki Agirrezabalak Geogarapeneko presidente ak eta Zumaiako alkateak, Joseba Palenzuelak Mutrikuko alkateak eta Ruper Ormazak Unesco Etxeko presidenteak lagundu diote.

2005. urtean hasi zen Robinson liburuan lanean, eta hiru zatitan banatu du. Lehenengoan, kultur turismoari buruzko printzipio, filosofia eta ideiak aurkituko ditu irakurleak. Bigarrenean, berriz, turismo, kultura eta garapeneko gobernu gaiak eta politikak azaldu ditu. Azkenik, hirugarren atalean, Unescok turismoaren, kulturaren eta garapenaren alorretan sustatutako egitasmoak irakur daitezke.

Eztabaida piztea helburu

Liburuaren xede nagusia turismo eta kulturaren harremana, eta iraunkortasunari buruz gizartean eztabaida piztea da.

Turismoa kultur aldaketa baten testuinguruan landu behar da, Robinsonen iritziz. «Dena aldakorra da, gure gizartea, kultura, eta horren aurrean moldatu beharra dago». Turismora ikuspuntu askotatik gerturatu beharra dago, alor asko ukitzen baititu. «Alor ekonomikoa, kudeaketa, gizartea... alor guztiak hartu behar dira kontuan, oso fenomeno konplexua baita».

Turismoa fenomeno globla izaki, nazioartean pentsatu beharra dago turismoari buruz hitz egitean. «Garapenerako tresna da, eta komunitateak onbideratzeko eta kulturak suspertzeko aukera ematen du».

Baliabide natural askorik ez dituzten herrialdeak euren ondarean, kulturan eta historian babestu behar dira ekonomiaren diru sarreren balantzea orekatzeko. Horretarako bidea ematen du turismoak.

Turismoaren bitartez, herriek euren kultura eta ondare historiko eta naturalak ustia ditzakete. «Turismoa norberaren istorioa kontatzea da».

Turismoak hezkuntzan duen garrantzia azpimarratu du Robinsonek. «Bidaiatzen eta bidaiariekin hitz egiten ikasi egiten dugu». Horren adibide dira Marco Polok ekialdera eginiko bidaietan Txinako enperadorearekin eginiko bilerak. Enperadoreak hezkuntza iturritzat hartzen zituen Veneziako bidaiariaren esperientziak.

Halere, turismoan ere distira duen oro ez da urre. Turismoaren kudeaketa eta planifikazio txarrek ondorio latzak ekar ditzakete. Bidaiari gehiegi hartzeak natur baliabideak eta ondare historikoak honda ditzake. Halaber, kudeaketa arduragabeak turismoaren etekinak multinazional atzerritarren menpe utz ditzake. «Garrantzitsua da bertako komunitateak hasieratik parte hartzea kudeaketan, gauzak hobeto ateratzen baitira horrela».

Kulturaz hitz egitean, hiru maila bereizten ditu Robinsonek. Batetik, kultur materiala legoke, uki daitezken eraikin eta objektuak.

Bestetik, askoz ere baliotsuagotzat jotzen du ukiezina den kultura: hizkuntza, folklorea, jaiak, tradizioak,istorioak... «Toki askotan ikus dezaket arte galeria handi bat. Baina bertako kultura eta tradizioak ezin ditut beste inon ikusi». Azkenik, toki bakoitzeko bizitzeko modua legoke. Bertako ohiturak, bizitzeko erak, erritualak...

Kulturaren hiru atalak

Kultur baliabideak hiru ataletan banatu ditu Robinsonek liburuan: kultur ondarea, kultur aniztasuna eta kultur sormena.

«Kultur ondarea iragana baino gehiago da». Balioa ematen diogun zerbait da ondarea, eta ez du zertan zaharra izan. «Ondarea berria da, historia da zaharra dena». Istorio onek bezala, ondareak ere pertsonengan emozioak eragin behar dituelakoan dago Robinson. «Jendea Londresko Dorrea bisitatzen duenean, erreginaren bitxiak ikusten ditu eta kito».AEBetako Menphis Sun estudioak bisitatzen dituztenean, berriz, bisitarien eta ondarearen artean konexioa sortzen da. Elvisek erabili zuen lehen mikrofonoa erakusten dute, eta jendeak mikrofonoa hartu eta Elvis imitatzen hasten da, ondarearekiko harremana sortzen delako.

Kultur aniztasunari dagokionez, desberdina izatea balio handia dela dio Robinsonek. «Turistek kultur desberdinak ezagutzeko desio handia dute». Horrela,talde etniko gutxituek munduari euren kulturaren, eta, bide batez, arazoen berri emateko aukera dute.

Kultur sormenak garrantzi handia du kultur turismoan.Taiwan iparraldeko herrixka asko arrantzarik gabe geratu ziren, eta kultur sormenak asko lagundu die. Itsasoko buiak hartu eta danbor gisa erabiltzen hasi ziren. «Orain nazioartean ezagunak dira arrantzale herrixka horien ikuskizunak».

Herri bakoitzaren kulturaren ikuspegia mundu zabalean ezagutarazteko «ezinbestekotzat» du kultur turismoa. Halaber, bidaiariak erakartzeko bidea ere izan daiteke. «Jendea ez dator Euskal Herrira hotel edo eraikinengatik, bertako berezitasunak ezagutu nahi dituelako baizik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.