Bihartik hasita eta igandera arte Euskal Herriko zein atzerriko hainbat txokotara oporretan joateko aukera ugari eskainiko dira Iruñeko Baluarten: astebururako txangoak, bidaia luzeak hainbat kontinentetara, edota kostaldea nahiz mendia ezagutzeko ibilaldiak.
Bidaiatzea gustuko duenak hamaika aukera aurkituko du Iruñean, Navartur Nafarroako turismoaren nazioarteko azokan. Bihar, 10:30ean zabalduko dute azoka Baluarte jauregian. Aurtengo berrikuntza nagusia outlet eskaintza bereziek hartuko duten tartea da.
Bostehun helmuga baino gehiagoren inguruko informazioa eskainiko du azokak. Nazioartera begira jarri, eta hainbat kontinentetara eraman nahi dute bidaiaria: Etiopia, Bhutan, Argentina, Austria, Belgika edo Eslovenia. Baina, hain urrutira joan gabe ere, gure mugen barruan aisialdirako aukerak eskainiko dira azokan. Estellerriko herriak biltzen dituen Irantzuko Lurrak elkarteak azokak irauten duen hiru egunetan jaki eta ardo dastatzeak antolatu ditu. Horretaz gain, hainbat ozeanotako estropadetan ibilitako itsasontzia jarriko dute erakusgai, eta Aroa ardandegietara bisitaldiak doan egiteko sarrerak banatuko dituzte. Basartea enpresak, berriz, Bidasoaldeko trenbidean barna ibiltzeko bizikleta elektrikoak alokatzeko abiatuko duen zerbitzua aukeztuko du.
Haurrek ere izanen dute euren
txokoa: tailerrak, ipuin kontalariak eta zaldiak eramandako gurdietan ibilaldiak antolatu dituzte haientzat. Joan den urtean bezala, Caravaninga ekarriko dute azokara. Baluarteren kanpoaldean azken diseinuko karabanak bistatu ahal izanen dira. Nafarroako hainbat bidaia agentziek outlet esparrua ere jarriko dute. Horrela, azokak irauten duen bitartean, bidaia eskaintza bereziak eta bakarrak kontratatu ahal izanen dira.
Azoka baliatuz, gaur eta bihar, Nazioarteko III. Nekazari Arloko Turismoaren Kongresua eginen da toki berean. Bi egunetan sektorearen ajeak eta aukerak aztertuko dituzte hogeita hamar adituk. Hainbat hitzaldi eta mahai inguru izanen dira. Landa turismoa bultzatzeko eta hobetzeko Nafarroan egiten ari diren ahaleginak aztertuko dira, eta beste herrialde batzuetako esperientziak ezagutuko dira: Herrialde Katalanak, Portugal, Espainia eta Austria, adibidez.
NAVARTUR AZOKA
Non. Iruñeko Baluarten.
Noiz. Ostiralean, larunbatean eta igandean.
Asteburuko proposamenak
Turismoaren erakusleihoa
Iruñea. Bidaiatzeko hamaika aukera aurkituko du bisitariak asteburuan, Baluarten
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu