Tarteka alarma pizten duten berriak iristen dira munduko monumentu ezagunen baldintzak direla eta. Unescok eman ohi du arriskuaren oharra, naturak edo gizakiak sortutako ikonoen baldintzak okerrera egiten ari direla erakusten duen zerrenda kaleratzen baitu. Interneten diharduen webgune batek eman du abisua orain: Skycannerrek. Bidaien alorrean atari indartsuena da Europan.
Turismoaren ikuspuntua kontuan hartuta ekin dio gaia jorratzeari Skycannerrek, eta gogorarazi du Unescok arazo gehien garapen bidean dauden herrial- deetan kokatzen duen arren herri garatuetako monumentu anitzetan ere antzeman daitezkeela gainbeherak. Alaskari, Australiari, Italiari, Txinari eta Indiari dagozkion lekuak aipatzen ditu bilatzaileak, besteak beste: Glacier Bay parke nazionala, Koralezko barrera handia, Venezia hiria, Txinako harresi handia eta Taj Mahal bera. Turismoa erakartzeko gaitasun izugarria duten lekuak eta eraikuntzak dira denak, eta kasu askotan turista andanaren joan-etorriak kaltetzen ditu. Beste askotan, naturaren eraginak, kontserbaziorako akatsak eta batik-bat agintarien jardun okerrak eraman ditu gainbeheran gizateriaren altxor horiek. Kasu paradigmatikoa izan daiteke Machu Picchu (Peru). Inken hiri sagaratuak 3.000 bisitari jasotzen ditu egunero; horrek kalte izugarria egiten dio. Horrez gain, haren magalean dagoen hiria, Aguas Calientes, kontrolik gabe hazten ari da, eta eraikuntza prozesu horrek kolokan jartzen ditu Machu Picchuren antzinako eraikinak, lur mugimenduengatik.
World Monuments Fund gobernuz kanpoko erakundeak mundu zabaleko 93 izen ditu bere zerrenda beltzean; Machu Picchu bezala, klasiko ugari daude markaturik: Luxorreko tenplua (Egipto), Jerusalemgo hiri zaharra, Donejakue bideko kokagune anitz…
1. Glacier Bay parke nazionala (Alaska):
Natura eskuzabala da Alaskan, hamaika altxor gordetzen dira han. Izotz-mendiak itsasoratzen ikus daitezkeen lekua da horietako bat: Glacier Bay. Hamasei glaziarretan etengabe itsasoratzen dira izotz-mendiak. Baina ikuskizun horrek drama du atzean: glaziarrak urtzen ari dira klima aldaketa dela eta.
2. Koralezko Barrera Handia (Australia):
Munduko koralezko uharri handiena Australian dago. Itsas azpian 345.000 kilometro koadro ditu landarediak han. Koralezko Barrera Handiak izugarrizko bizitza erakartzen du bere inguruetara; arrain espezie desberdinen zerrenda amaigabea da. Baina arrantzaren jardun handia eta itsaso zabalak uharrira ekartzen dituen hondakinak izugarri kaltetzen ari dira. 40 urtean gal daitekeela diote aditu batzuek.
3.Taj Mahal tenplua (India):
Taj Mahal tenplua (XVII. mendea) arriskuan dago, bere dorre esanguratsuak okertzen ari direlako. Horrez gain, mundu osoan ospea eman dion kolore zuria jadanik ez da hain zuria paretetan, kutsadura horitzen ari baita eraikin multzoa. Eta hori dena gutxi balitz bezala, Skycannerrek terrorismoaren jomuga izan daitekeela azaltzen du bere orrialdean.
4.Venezia hiria (Italia):
Ubideen hiri erromantikoa hondoratzen ari da. Aspaldian jakinarazi zuten Venezia kinka larrian izango dela etorkizunean, baina etorkizuna gaurko oraina da jadanik Veneziarentzat. Itsasoaren maila igo da, eta itsas gorak daudenean kresala egurrezko eraikuntza historiko askoren habeetan sartzen da, haiek ustelduz. Azken 100 urteetan 24 cm jaitsi da Veneziaren maila, eta aurrerantzean gehiago jaitsiko da.
5. Maldiva uharteak:
Turismo industria azken urteotan gehien saltzen ari den tokia dira Maldivak, turistak eguzkia eta hondartza nahi duenean. Indiako Ozeanoan kokatutako 1.200 uharte txikik osatzen dute paradisua, baina haien %80k metro bakarreko altuera dute itsas mailatik. Mende erdi batean uharteen erdia gutxi gorabehera itsas azpian geratuko da.
6. Txinako Harresi Handia:
Espaziotik antzeman daitekeen eraikuntza bakarra dela diote. Txinako Harresi Handia (7.300 km) herrialde horrek turismoa erakartzeko duen tresna garrantzitsuena izan da. Baina kontua da izugarri kaltetzen ari dela azken urteotan. Turistek soilik haren %20 bisitatu dezakete; %30 hondakinak besterik ez dira, eta gainontzekoa desagertu egin da. Zenbait eremutan kartetan joaten dira turistak.
7. Luxor (Egipto):
Antzinako Egipto turistentzako gune deigarrienetakoa da oraindik ere, baina kultura aberats haren arrastoek gero eta kalte gehiago dute. Luxorko tenplu ezagunaren lur azpiko ura tenplua behera botatzeko mehatxua egiten ari da. Hezetasunak onddoz eta bakteriaz bete du tenpluaren egitura osoa. Hala ere, merkatu beltzean tenpluaren zatitxoak egunero saltzen dituztela da tristeena.
Turismoaren ikonoak, arriskuan
Internet sareko Skycanner webguneak, turismoaren alorrean erreferentzia den atariak, arriskuan dauden hainbat monumenturen berri eman du. Leku horiek guztiek turismoa erakartzeko gaitasun izugarria dute, baina gainbeheran daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu