Nacho Calvo. Nafarroako Ostalaritza Enpresen Elkarteko kidea

«Turistek egin duten gastua jaitsi da, batez ere»

Maialen Unanue
2011ko irailaren 4a
00:00
Entzun
Bilera eta telefono deien artean lanpetuta dabil Nacho Calvo, Nafarroako Ostalaritza Enpresen Elkarteko kidea. Heldu zaio udako kanpainak utzi dituen emaitzak eta datuak aztertzeko unea.

Zer moduzkoa izan da aurtengo uda?

Oro har, lehengo urtean lortutako emaitzen antzekoak lortu ditugu aurten ere. Jaitsieraren bat izan da, beharbada, azpisektoreren batean. Gainontzean, aurreikuspenak bete dira.

Zein neurritan jasan du krisia ostalaritzak?

2008an hasi ginen jaitsiera nabaritzen. Jaitsierak ez dio hotelen eta bestelakoen betetzeari hainbeste eragin: turistek egin duten gastua jaitsi da, batez ere. Gaur egun, turistak gehiago kontrolatzen du gastatzen duena, eta zerbitzu soilak eskatzen ditu.

Eta uztaileko eguraldi txarrak eraginik izan al du?

Turismoarentzat eguraldi ona ezinbesteko ezaugarria da, noski, eta uztaileko eguraldi txarraren ondorioak pairatu dituzte Nafarroako zenbait eskualdetan; iparraldean, esaterako, beste urtetan baino betetze txikiagoa izan dute.

Daturik aurreratu al zenezake?

Uztaila txarra izan zen kanpinentzat, baina abuztu ona izan dutenez, bien arteko oreka lortu dute eta iazko emaitzetara heldu dira. Iruñean ere iragan urteko datuei eutsi ahal izan diete: maila handiko landa hotelak dira krisia gehien pairatu dutenak.

Krisiari aurre egiteko neurririk hartu al da?

Nafarroako Gobernuak Nafarroak dohainik hartzen zaitu kanpainari eutsi dio. Iaz urte guztian iraun zuen aurrekontuak, eta aurten abuztuan agortu egin da. Ostatu, jatetxe eta turistentzako ekintzetan deskontuak eskaini ditu kanpaina honek.

Nongo bezeroak dira nagusi?

Euskal Herriko jendea etortzen da, batez ere. Herrialde Katalanetatik ere asko etortzen dira, eta baita Madrildik ere.

Egonaldiak antolatzeko orduan, turistengan nabaritu al duzue aldaketarik?

Urtetik urtera, motzagoak izaten dira turisten egonaldiak. Gainera, gero eta beranduago deitzen dute erreserba egiteko.

Zer egin beharko litzateke turismoa bultzatzeko?

Eskaintza eta eskariaren azken teknologien erabilera bultzatu eta hobetu beharko litzateke. Horrez gain, Nafarroa helburu turistiko moduan sustatu behar da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.