Txapela, «duina eta dotorea»

Euskal txapelaren eguneroko erabilera sustatzeko asmoz sortu zuten duela bi urte Txabai elkartea, Gasteizen. Txapela ez dagoela zaharkiturik iritzita, jantzi hori berriro modan jartzeko lanean ari dira elkartekoak.

Jose Ignacio Gonzalez eta Jose Manuel Otero, Txabaiko kideak. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
edurne begiristain
Gasteiz
2011ko urriaren 16a
00:00
Entzun
Garai batean txapela ugari ikusten ziren kalean, nagusiek zein gazteek egunero janzteko ohitura zutelako. Egun, ordea, kiroletan eta bertsolaritzan garaipenaren seinale baino ez da euskal txapela, denboraren poderioz erabilerak behera egin duelako nabarmen.

Egoera horri buelta emateko eta euskal txapelaren loraldia berreskuratu eta haren eguneroko erabilera sustatzeko, Txabai elkartea sortu zuten duela bi urtezazpi gasteiztarrek. Asmoa jakinarazi zutenetik, ikusmin handia piztu dute Arabako hiriburuan: dagoeneko 150 lagun inguruk bat egin dute elkartearekin, www.txabai.eu webgunearen bitartez.

Ekimena martxan jarri zutenetik, kalean gero eta gehiagok erabiltzen dute txapela. «Kalean txapela jantzita eramatea zerbait arrunta izatea lortu nahi dugu. Badakigu lan nekeza dela, baina ez dugu etsiko lortu arte», dio Jose Manuel Otero Txabaiko kideak.

Joan den larunbatean agerraldi publikoa egin zuten elkarteko kideek, eta Alaves futbol taldeko Mane entrenatzaile ohiari ohorezko txapela oparitu zioten. Elkarteak oparitu duen lehena izan da, baina ez da azkena izango, urtero txapelarekin identifikatuta sentitzen diren pertsona ezagunei eman nahi dietelako ohorezko txapela. «Txapelaren erabilera hedatzearekin bat egiten duenari eman nahi diogu, ez edozeini», azaldu du Joxe Ignazio Gonzalez kideak.

Izan ere, txapela jantzi hutsa baino gehiago dela iritzi diote elkarteko kideek. «Kulturarekin eta tradizioarekin lotutako zerbait da, eta ez dugu galtzerik nahi», dio Oterok. Kezka horren inguruan batu ziren duela bi urte, eta txapelaren alde zerbait egin behar zutela erabaki zuten: «Kalean era askotako txano eta kapelak erabiltzen dira. Asko modernutzat jotzen dira, eta txapela, berriz, herriko adierazle atzerakoitzat jotzen da. Hori aldatu behar zela pentsatu genuen».

Txabai izena erregistratu eta logoa sortu zuten, ezer baino lehen. Jose Julio Arregi disenatzaile eta lagunak sortu zuen logotipoa. Txapelen kanpoaldean ikus daiteke, janzten duenak elkartearen ideiarekin bat egiten dutela agerian uzteko.

Gaurkotzeko ahalegina

Txapela jantzi «dotorea» dela argi dute elkartekoek. «Dotorea eta duina da», dio Gonzalezek. «Badago jendea gorbatarekin batera txapela janzten duena, eta oso dotore doa», erantsi du Oterok.

Ideia hori gazteengana eramatea da euren erronka nagusia, aitortu dutenez. Txapela zaharkitua gelditu dela pentsatzen dute gazte askok, eta ideia hori burutik kentzea da haien helburua.

Horretarako, irtenbide irudimentsua izan dute. Jantzi hori gaurkotzeko erronka hartu zuten hasieratik, baita lortu ere. Elosegi txapel ekoizlearen laguntzarekin jantzia modernizatu egin dute, eta koloretakoak merkaturatu dituzte. Gasteizko erdiguneko denda batean jarri dituzte salgai, prezio merkean. Izan ere, asmoa ez da irabaziak izatea, txapela kalean erabiltzea baizik.

Gazteengan ez ezik, emakumeengan pentsatuta ere diseinatu dituzte txapel horiek. «Ohikoak, beltzak, kutsu serioagoa du, eta emakumeek nahiago dituzte kolorezkoak jantzi, arroparekin nahasteko».

Elkartea abian jarri zutenetik, Arabako eta Euskal Herriko pertsona ezagunen babesa jaso dute, eta, haien bitartez, gero eta oihartzun handiagoa lortu du elkarteak. Besteak beste, Gorka Ortiz de Urbinari txapel bat opari zioten zeledon gisa hamar urte bete zituenean; azkenengo bi urteetan zeledon eta neska txikien buruak euren txapelekin jantzi dituzte;eta Tiago Splitter Baskonia saskibaloi taldeko jokalari ohiak Txabairen txapela erabili zuen ezkondu zenean. Elkarteko kideek badakite askotan nahikoa izaten dela pertsona ezagunek txapela janztea haien atzetik denek gauza bera egiteko. «Izugarria litzateke Baskoniako jokalari denek txapela janztea Andra Mari Zuriko plazan garaipenak ospatzera joaten direnean», dio Gonzalezek.

Txapelaren erabilera bultzatu nahi bada, hala ere, norberarengandik hastea komeni da. Elkarteko kideek egunero janzten dute, udan izan ezik: «Udan aukera bakarra litzateke iragazki moduko txapela bat eramatea, kar-kar!». Albora, zapal, aurrealdea igota... nork bere erara erabiltzen du. Baina hori gutxienekoa dela diote, erabiltzea baita kontua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.