Zer izango lirateke txapelketak saririk gabe? Bertsolariak burusoila geratuko lirateke, esaterako, buruan jartzeko txapelik izango ez balute; eta pilota partidetan ere pilotariek ezingo luke tantorik egin pilotarik gabe. Kirol probak eta bestelako txapelketak behar bezala burutzeko, lan handia egiten du jende askok.
Lau urtez behin, Ana Zaldua brodatzaileak josten du Euskal Herriko Bertso Txapelketa nagusiko saria: txapela. Azken 30 urtetan, berak egindako txapelak jantzi du txapeldunaren burua. Pilota partidetako pilota guztiak, berriz, Azkaineko (Lapurdi) Punpa enpresatik irteten dira. Ander Ugarte da enpresako arduraduna eta langilea, eta hark egiten ditu profesionalentzako pilota guztiak, beste bost lagunekin batera. Pedro Salegi Langa, berriz, hargina da, eta ia bizi osoa eman du harri-jasotzaileentzako eta harri jasotze probetarako harriak zizelkatzen, erretiroa hartu duen arte. Orain zortzi urtera arte, bera izan da harriak egiten zituen bakarra. Hirurekin hitz eginda, erreportajea osatu da. Biharko BERRIAn argitaratuko da txapelketako eskulangileen erreportajea, Bizigiro gehigarrian.
Txapelketako ezkutuko lanak azaleratzeaz gain, Tolosako (Gipuzkoa) Bonberenea gaztetxearen proiektuak, abenturak eta historiak argitara aterako dira beste erreportaje batean. Izan ere, Bonbereneak 20 urte bete ditu aurten, eta 20 urteko historia liburu batean jaso dute: Bonberenea. 20 urte bizirik!!
Zinema sailean, berriz, George Clooney zuzendariaren azken filmari buruz hitz egin du Gontzal Agotek: Suburbicon. Asteazkenean estreinatuko dute filma Ipar Euskal Herrian, eta, ostiralean, Hego Euskal Herriko zinema aretoetan.