Guda guztietan egon ohi dira borrokaldi gogoangarri eta entzutetsuak. 1936ko gerrak ere bataila propio ugari utzi zituen Hego Euskal Herrian, eta horietako bat da Matxitxakoko borrokaldia. 1937ko martxoaren 5arekin gertatu zen, eta biharko egunez 75 urte beteko ditu borrokaldiak. «David eta Goliathen arteko borrokaldia bezala izan zen, Eusko Gudarostearen itsas armadak ezer gutxi egin baitzezakeen matxinatuen flotaren aurka», Juan Pardo Matxitxako elkarteko kidearen esanetan. Gutxiago izan arren, Eusko Itsas Gudarosteak aurre egin zion flota frankistari, eta orduz geroztik mitoa hedatu besterik ez da egin.
75. urteurrena dela eta, gaur Bermeon (Bizkaia) omenaldia egingo diete borrokaldi hartan hildako gudariei, eta bihar euskal kostaldeko hainbat herritan ere ekitaldiak egingo dira egun hura gogoratzeko. Pasaian, Donostian, Mutrikun (Gipuzkoa), Ibarrangelun, Armintzan, Plentzian eta Bermeon (Bizkaia) testu bat irakurriko dute borrokaldia gertatu zen orduan. 17:00etatik 18:00ak artean, hain zuzen ere.
Ekitaldi horiek egin aurretik, ordea, omenaldia jada prestatu dute Bermeoko Arrantzaleen Museoan, Busturialdea eta Euzkadiko itsas armada izeneko erakusketa ikusgai baitago ostiralaz geroztik. «Eusko Gudarosteko itsas armadaren inguruko zertzeladak eman nahi izan ditugu, baina Busturialdearen harremana ere nabarmendu nahi izan dugu erakusketa honetan», esan du Pardok.
Busturialdeko herritarrek harreman zuzena izan zuten Eusko Itsas Gudarostearekin, eta garrantzizko pisua izan zuten. Eta ez da gutxiagorako. Izan ere, armadako gudarien %10 bermeotarrak izan ziren, eta Bou Bizkaia itsasontziko %25 ere Busturialdetik inguratutakoak ziren. «Bilboren tamainako hiri batek baino gudari gehiago eman zituen Bermeoren tamainako herri batek, eta hori bertako biztanleen oroimenean zizelkatuta geratu da». Horregatik, Bermeon jarritako erakusketako omenaldiaren zati bat herriko gudariei eskaini diete.
Oroimenezko erakusketa horretan, Eusko Itsas Gudarosteko kideen argazkiak eta flotaren inguruko dokumentazioa topatu ahal da. Edozein modutan, oraindik bildu eta jakin gabeko hainbat xehetasun daudenez, gudari ohien familiei dei egin diete Matxitxako elkarteko kideek. «Etxeetan dituzten argazki, dokumentazio edo baliagarri izan daitekeen edozer biltzen laguntzeko eskaera egin nahi dugu erakus-keta honen bidez», esan du Pardok.
Eskolta lanetik, borrokara
Eusko Itsas Gudarostea 1936ko urrian sortu zen, frankistek estatu kolpea eman zutenetik hilabete eskasetara. Errepublikaren gobernuari laguntzeko asmoarekin sortu zen, eta bi lan zituen: itsas merkataritza babestea eta portuen sarrerak oztopatzen zituzten minak garbitzea. Hasierako betebeharrak horiek izan arren, Errepublikaren armadak baliabide urriak zituen, eta, beraz, euskal itsas armadak hasieran aurreikusita ez zeuzkan betebeharrak betetzen hasi zen. Era horretan, lurreko ekintzei laguntza ematen hasi zen Eusko Itsas Gudarostea.
Martxoaren 4an, Gipuzkoa, Nabarra, Bizkaia eta Donostia gudaontziak Baionatik abiatu ziren, Bilbo aldera. Galdames merkataritza itsasontziari babesa ematen ari ziren. Gudaontziek elkarren arteko harremana galdu egin zuten, eta Bou Gipuzkoa-k Matxitxako parean Canarias gerraontzi frankistarekin topo egin zuen. Eusko Gudarosteko itsasontziari eraso egin zioten, eta hainbat tiro jaso zituen arren, babesera heltzea lortu zuen Bou Gipuzkoa itsasontziak.
Geroago, Nabarra eta Donosti gudaontziekin elkartu zen Canarias, Galdames babesten ari zirela. Nabarra-k frankisten itsasontzia erakarri nahi izan zuen, era horretan Galdames-ek ihes egin ahal izateko, baina bere menpe hartu zuen Canarias-ek merkataritzaitsasontzia. Une horretan, Nabarra eta itsasontzi frankistaren arteko borroka hasi zen.
Eusko Itsas Gudarosteko itsasontziak ez ziren borrokarako ontziak, gerrarako prestatutako arrantzontziak baizik. Horregatik, Nabarra eta Canarias-en arteko borroka azkarra izango zela uste zuten. Edozein modutan, ordubetez eutsi zion euskal gudaontziak erasoari. Kantauriko itsas borroka gogorrena izan zen, eta mito bilakatu zen.
Baina borrokaren mito izaera Canarias gudaontziko komandanteek eman zioten, batez ere. Izan ere, behin Nabarra garaituta zegoela, hogei gudari errenditu egin ziren eta gainerakoak itsasontziarekin batera hondoratu ziren. Preso hartu zituzten gudari horiek, eta gerra tribunal batek heriotza zigorra ezarri zien. Baina Canarias gudaontziko agintariek, eusko gudariek erakutsi zuten adorea kontuan hartu, eta haien indultua eskatu zioten Francori. Gudariak askatzeko tematu ziren, harik eta jarri zieten zigorra bertan behera utzi zuten arte.
Txikiak handiari adorez aurre egin zion duela 75 urte. «Etsaiek ere euskal gudarien adorea aitortu zuten, eta horrek Matxitxakoko borrokaldiari mitifikazio are eta handiagoa ematen dio», azaldu du Juan Pardok.
Txikiak handiari aurre egin zionekoa
Matxitxakoko borrokaldiaren 75. urteurrena bihar gogoratuko dute. Bataila hartan parte hartu zuten gudariak omentze aldera, erakusketa bat jarri dute Bermeoko Arrantzale Museoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu