Ezarian. Zientzia

Txikiaren handitasuna

Nanoeskalari buruz gehiago ikasteko sortu dute Nanoimaging taldea; haren buru Jose Ignacio Pascual Berlindik etorri berri da, 'Science' aldizkariko artikulu bat besapean.

Nacho Pascual Nanoimaging taldeko burua, CIC Nanogunen. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Amaia Portugal.
2012ko azaroaren 22a
00:00
Entzun
Ez daukat bost urteko epean eraikitzeko moduko gailu bat sortzeko asmorik», esan du Jose Ignacio Pascualek, bere lan moldearen argigarri. Ez du ukatu bere ikerketek egin diezaioketela ekarpenik nanoteknologiari, baina horrek baino zirrara handiagoa eragiten dio jakintzak berak: «Naturaren efektu berriak bilatzen ditugu guk. Edo iragarri baina egiaztatu ez direnak. Bai eta dagoeneko balioztatuta dauden efektuak hartu eta horiek interes handiagoa izan dezaketen alorretan aplikatzea ere».

CIC Nanogunen osatu berri duten Nanoimaging taldeko burua da Pascual. Hain zuzen ere, duela bi hilabete eskas iritsi da Donostiara, Berlingo Unibertsitate Libretik. Han egindakoaren uzta jasotzen ari da oraindik, bertan koordinatu zuen ikerketa taldearen lan baten berri eman baitzuen Science aldizkariak duela bi aste eskas.

Artikulu horretan aipatutakoek badute zerikusirik gurean egingo duen jardunarekin: erabateko txikitasunetik energia mekanikoa ateratzea lortu zuten. Dagoen molekula txikienak, hidrogenozkoak, mugimendu ia sumaezina, zorizkoa egiten du tenperatura oso hotzetan —bost kelvin kasu honetan—. Bada, eskala nanometriko horretan, molekulari elektroiak bidali zizkioten, eta haren mugimendu kaotiko hori modulatu eta baliatzeko gai izan ziren. Energia elektrikotik mekanikoa eskuratzeko aukera identifikatu zuten horrela.

Tunel efektuko mikroskopioa—molekularekin eta elektroiekin jolasteko ezinbestekoa— da Pascualen jardunaren bereizgarria; Nanoimaging taldean ere bai. Baina ez hori bakarrik. Science-n argitaratutakoaren moduko lanak egiteko, beharrezkoa dute oso tenperatura hotzetan eta erabateko hustasuna duen espazioan lan egitea. Kondizio horiek hain dira bereziak, ordea, ezen ez baitute CIC Nanoguneko edo beste edonongo talderentzat balio, eta jardun zehatz horretan ezin dute inorekin elkarlanean aritu, beraz.

Horrenbestez, talde berriak beste bide batzuk ere urratuko dituela esan du Pascualek, eta beste taldeekin ere aritu ahal izango dute horrela: «Nire estrategiaren zati bat zabaltzean datza. Ibilbide zientifikoan aurrera eginarazi didan lerro horri eutsi, baina aldi berean bide alternatiboak hartu».

Spintronika

Nanoeskalaren ezagutzen mugetan aurrera egitea da taldearen helburua. Horretan laguntzen die, adibidez, Science-ko ikerketa egiteko erabili zuten mikroskopioa Euskal Herriratu izanak. «Propietate magnetikoak, kimikoak... molekula bakarreko eskalari erreparatzeko aukera ematen digu. Banako molekula bat har dezakegu gure makinarekin, manipulatu eta molekularen bidez elektroiak txertatu. Horrelako gauza txiki batetik korrontea pasatzen denean, gauza asko gerta daitezke. Argia sartzen da, molekula aldatu, berotu... Elektronika molekularrari informazio dezente ekar diezaioketen kontuak dira», esan du Pascualek.

Nanoeskalak aurpegi asko ditu, eta spintronikan ekarpena egitea ere bada taldearen asmoetako bat. Kazetariaren grabagailuari erreparatu dio ikertzaileak: «Horrek funtzionatzen du transistore batzuk dituelako; karga sartu edo atera egiten duten gailu txikiak, oinarrian. Karga horrez gain elektroiaren spina erabiltzerik bagenu, askoz ere ahalmen gehiago izango lituzke».

Elektroiek eta beste oinarrizko partikulek daukaten propietate bat da spina, eta informazioa igortzeko eta, gordetzeko oso baliagarria dela erakutsi duenez, hori ustiatzeko bideak bilatzen dihardu spintronikak gaur egun. Hain zuzen ere, gailu elektronikoen etorkizuneko belaunaldiek bide horretatik joko dutela uste da.

Spintronikaren barruan, isolatzaile topologikoen alorrean ikertzea da Nanoimaging taldearen egiteko zehatzetako bat orain, material hori oso egokia baita spinak baliatzeko. «Informazioa igortzeko spina erabiltzea, irakurri ahal izatea, horren bitartez eragiketa logikoak egiteko aukera edukitzea... Epe ertainera begira spintronikari laguntzeko pentsatuta daude bilatzen ari garen efektuak», esan du Pascualek. Horretarako, besteak beste, Luis Hueso Nanogailuen taldeko liderrarekin ariko dira elkarlanean, CIC Nanogunen bertan.

Ikertzaileak behin eta berriz adierazi bezala, oinarrizko zientzia egiten dute haiek. Etorkizunean, agian, hariari tiraka, aplikazioren batera bideratu daitekeen oinarrizko zientzia. Halaxe gertatzen da isolatzaile topologikoekin. Bai eta Nanoimaging taldearen funtsezko beste ikergai batekin ere: eskala atomikoko magnetismoa.

Konputazioari eta, batez ere, horren atzean dagoen logikari lotuta azaldu du Pascualek magnetismo atomikoa: «Gaur egun daukagun eredua goia jotzen ari da, gailu elektronikoak atomo gutxi batzuen eskalara iritsi baitira jada, eta handik aurrera materiak desberdin jokatzen du». Bestela esanda, gailuak txikitzen eta hobetzen jarraitzekotan, ereduak irauli behar dira, orain artekoak ez baitu garatzen jarraitzeko tarterik.

«Logika mekanismo berriak diseinatu behar dira, eta, mekanismo horiei dagokienez, lan asko egiten ari gara konputazio kuantikoa garatze aldera. Horretarako, atomo eta molekulen eskalan magnetismoa nolakoa den ulertu behar dugu, eta ari gara lanean. Horrek ez du esan nahi gure ezagutzatik abiatuta konputagailu kuantiko bat aterako denik. Besterik gabe, esan nahi du atomo eskalako magnetismoa oso garrantzitsua dela gailu berriak garatzeko», esan du Pascualek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.