Txikiaren handitasuna

Iñaki Rodaballo sukaldari gasteiztarrak irabazi du Hondarribian egin den Euskal Herriko VI. pintxo lehiaketa, 'Chips & Ron' izeneko jakiarekin.

Iñaki Lasa Etura.
Hondarribia
2011ko urriaren 6a
00:00
Entzun
Orduetako edo egunetako lana minutu eskas batean jaten den jakia prestatzeko. Batzuentzat korrika eta presaka jan eta tripa betetzeko den jakia arte mailara goratu dute aurreko hiru egunetan Hondarribian (Gipuzkoa). Onenetan onenak elkartu dira Itsas Etxe auditorium estreinatu berrian, Euskal Herriko VI. Pintxo Lehiaketan parte hartzeko.

Hego Euskal Herriko 77 tabernatako sukaldari izan dira aurten lehiaketan. Hasieran, Iparraldeko tabernariak ere parte hartzekoak ziren, baina, azkenean, ez da hango parte hartzailerik izan. Lehia gogorra izan da lehen egunetik: 24 sukaldari soilik sailkatu ziren finalerdietarako, eta horietatik hamar iritsi dira finalera.

Baina bakarrak irabaz dezake, eta Iñaki Rodaballo nabarmendu da guztien gainetik. Chips & Ron izeneko pintxoarekin irabazi du aurtengo txapelketa izen bereko Gasteizko tabernaren jabeak: txipiroia bere tintan, patatekin eta ron ukitu txiki batekin. Zazpi epaimahaikideek zalantzarik gabe aho batez izendatu dute txapeldun. Ez da sukaldariak Euskal Herriko Pintxo Txapelketa irabazten duen lehen aldia; orain hiru urte Porky, porky izeneko pintxoarekin irabazi zuen, Iruñeko Niza tabernan ari zela. 3.000 euroko diru saria, txapela eta Ramon Rotetak eginiko eskultura jaso ditu aurten.

Bigarren sailkatu dira Iruñeko Chelsy tabernako Raul Fernandez eta Antonio Cristobal —Bacaladera saria ere eskuratu dute bakailaoarekin eginiko pintxo hoberena egiteagatik—, eta hirugarren lekuan Hondarribiko Goxodendako jabeak. Iruñeko La Mar Salada tabernak epaimahaiaren aipamen berezia jaso du. Epaimahaikoek sari gehiago ere eman dituzte: Durangoko Kobikari, Eusko Label Saria; Basauriko Orbanejari, pintxo tradizionalaren saria; Gasteizko La Malqueridari, berrikuntzaren saria; eta MarmitaCori, Keler saria.

Lehiakortasuna eta irabazteko grina txapelketa osoan izan den arren, nabarmena izan da partaide guztien arteko giro bikaina. Aspaldi geratu zen atzean sukaldeko sekretuen garaia, eta kartak agerian dituztela egiten dute lan egun sukaldariek. Indarrak batuta, elkarlanean sendoago bihurtu dira. Lehiatu direnen artean ohikoa izan da teknikak bata besteari azaltzea, eta errezeta bat baino gehiago eskuz esku igaro da.

Etxean egiteko aukera

Lehiaketa zuzenean ikusi ezin izan duenak bi aukera ditu jaki horiek dastatzeko: parte hartzaileen tabernetara joan edo etxean prestatu. Bigarren bideari jarraitu nahi dionak eta bere burua sukaldari profesionaltzat ikusi nahi duenak txapelketako liburua eros dezake. Aurtengo errezetez gain, aurreko urteetako txapeldunenak ere bildu dituzte. Hondarribiko Ostalaritza Elkartearen edo antolakuntzaren posta elektronikoan erreserbatu daitezke.

Interneten ere eskuratu daiteke liburua. Bertsio elektronikoa hiru hizkuntzatan egin dute —euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez—, eta iTunes bidez lor daiteke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.