Lasaitasuna, urruntasuna eta bakardadea. Hitz horiek erabili ohi dira herri txikietako bizimodua definitzeko. Hala ere, hitz horiek topikoei erantzuten dietela esan daiteke, herri guztiek izaera eta bereizgarri ezberdinak dituztelako. Zerbitzu gabezia dutela ere esan ohi da, eta egunerokotasuneko beharrak asetzeko, inguruko herri handiagoen beharra daukatela. Hori ez da horrenbesteko topikoa, herri txikiak alde horretatik mugatuta baitaude. Baina, pixkanaka, udalerrietan tokian tokiko zerbitzuak ugaltzen ari dira, udalen ekimenez.
Euskal Herriko biztanleriaren hamarren bat 4.000 biztanletik beherako herrietan bizi da. Bertako herritar gehienak inguruetara joan ohi dira behar dituzten zerbitzuen bila, baina herri txikietako %21 adinekoak dira, eta zerbitzu guneetara joateko mugikortasun arazoak izan ohi dituzte. Hori dela eta, Iurreta, Elorrio, Ibarrangelu (Bizkaia), Baigorri (Nafarroa Beherea), Berastegi, Elduain, Berrobi (Gipuzkoa) eta halako herrietan, zerbitzu berezituak sortu dituzte. Adineko jendearentzat erabilgarriak diren arren, gainerako herritarrek ere eskuzabalik hartu dituzte egitasmo horiek.
Herri txikiak, ordea, ez dira zerbitzu eskasia duten bakarrak. Handiagoak diren herrietako auzoak ere askotan egoera berean egoten baitira. Herriguneak eskaintzen dituen zerbitzuez gozatzeko, autoa hartu behar izaten dute, eta horren gabezian alternatibak bilatu. Egoerahorri aurre egiteko, Auzo Taxia izeneko egitasmoa jarri dute martxan Bizkaiko hainbat udalerritan.
Auzoa herriarekin elkartzen
Elorrion, esaterako, inguruko auzoetan barrena 600 herritar inguru bizi dira, «horietako asko nagusiak». Izenak berak dioen bezala, taxi zerbitzuan oinarritutako proiektua da, baina bidaiaren kostua ez du erabiltzaileak ordaintzen osotasunean. Udalak bidaia bakoitzaren %80 ordaintzen du, eta erabiltzaileak gainerakoa, hau da, 2 euro. Era horretan, auzo txikiak herrira inguratzea lortu nahi dute Elorrioko Udaleko ordezkariek; «zerbitzu honekin, auzoak nabarmen gerturatuko dira herrigunera», Joseba Muxika alkateorde eta hirigintzako zinegotziak dioenez. Baina ez hori bakarrik, auzoek aurrerantzean bizi propio nabarmenagoa hartuko dutela uste baitu. Zerbitzua martxan jarri denetik, astebete eskas igaro da, eta dagoeneko 10 erabiltzailek eman dute izena bertan, «baina datozen egunetan gehiago izango direla ziur gaude».
Durangaldean antzeko egitasmo gehiago daude, eta bertako aitzindaria Iurreta izan zen. Esperientzia horren ondoren garatu dute antzeko egitasmo bat Berrizek eta Elorriok, besteak beste. Iurretan 2008an hasi ziren zerbitzua martxan jartzen, eta, orain, hilero 250 auzotarrek erabiltzen dute taxia herrira jaitsi edo etxera igotzeko. Auzo ugari dituen herria da Iurreta, eta horietako asko herrigunetik 8 edo 9 kilometrotara daude. Horregatik, taxi zerbitzua auzotarrentzako da, espresuki, eta bidaiak ere mugatuak dira. Etxetik herrigunera. «Ondoren beste norabait joan nahi izanez gero, bakoitzak bere kabuz ordaindu beharko du», Iñaki Totorikaguena alkatearen hitzetan.
Taxi zerbitzua jartzearekin batera, ibilgailu partikularraren erabilera mugatu nahi izan zuten udal agintariek. «Era horretan bidaiaren kostua euro bakarrekoa izango litzateke». Baina orain arte, asmo horrek ez du oihartzun handirik izan, Jose Maria Arrizabalaga taxilariak azaltzen duenez. Izan ere, erabiltzaile bakoitzak bere ordutegia izan ohi du, «medikuarenera edo ile apaindegira joateko ordua hartua izaten dute askok, eta kasu horretan taxia partekatzea zaila suertatzen da».
Auzotarrak bezala, Arrizabalagak ere esku zabalik hartu du zerbitzua, «guretzat diru iturri bat gehiago da, eta, gainera, bermatuta dagoena ia-ia». Erabiltzaile ohikoenak adineko pertsonak izaten direla dio, baina gidatzeko baimenik ez duten gaztetxoek ere sarri deitzen diote. Era honetan, auzoko jendeak herrikoekin harreman estuagoa daukatela sumatzen du, «eta, pentsa, normalean medikura joaten ez ziren adineko pertsonak taxi zerbitzu honekin joaten hasi dira».
Medikua, bertatik bertara
Auzotik jaitsita, herri txikietan zerbitzu gehiago topa daitezke. Esaterako, ezinbestekoa den osasun zerbitzua. Hego Euskal Herrian, medikuak herriz herri ibiltzen dira. «Pentsatzen jarriz gero, hobe da gu herritarrengana inguratzea, eurak guregana etortzea baino», Jose Luis Agirrezabalaga Tolosaldeako hainbat herri txikitan ibili ohi den medikuaren hitzetan. Kontsulta nagusia Ibarran daukate, eta, bi astean behin edo astean behin, Leaburu, Berrobi, Elduain eta beste hamaika herritara joan ohi da kontsulta pasatzera. «Larritasun handirik ez duen gaixotasuna bada, itxaron egiten dute, eta euren herrian artatzen ditugu».
Osakidetzak eta Osasunbidek eskaintzen duten zerbitzua da, eta herri txiki horietako lokala, gehienetan, udalak jartzen du. Diagnosiak edo azterketak egiteko garaian, zailtasun edo mugak izan ditzakete medikuek, baliabide aldetik mugak dauzkatelako, baina kasu horietan zentro handiagoetara joaten dira gaixoak. «Zerbitzua kenduko bagenu, jendeak auskalo zer egingo lukeen», dio. Izan ere, herritarrei erosotasun handia ematen die, eta bizitza asko erraztu ere bai: «Askotan txikikeria batzuengatik kilometro ugari egiteak ez baitu zentzurik, erabiltzaileen ikuspuntutik». Horregatik joaten dira medikuak gaixoak dauden lekura.
Mediku zerbitzuarekin bateragarri den farmaziaren eskaintzarik ez dute, ordea, Tolosaldeako herri horiek. «Ez da errentagarria». Baina duela gutxi arte, Berastegiko botikaria inguruko herrietan zehar ibiltzen zen errezetak bildu, eta enkarguak etxerik etxe banatzen. «Erosotasun handia ematen zien gaixoei, baina galarazi egin zioten, lehiaren aldetik borroka txiki bat baitzegoen», Agirrezabalagaren hitzetan.
Hego Euskal Herrian ematen den eskaintza den arren, Iparraldean ez da maiztasun handiz ikusten medikua herririk herri. Baigorrin ez, bederen. Horregatik, medikutara joan behar denean, bertako biztanleek 50 kilometro egin behar izaten dute Baionaraino. Egoera horri buelta emateko, Baigorriko Herriko Etxeak eta Baxe Nafarroa sindikatuak, elkarlanean, osasun zentro bat jarriko dute urte amaierarako. «Mediku bakar bat jarri beharrean, pentsatu genuen hobe zela zentro bat sortzea», jakinarazi dute Herriko Etxetik. Horregatik, haginlaria edo familia medikua zentro berean jarriko dituzte. Inguruko herrietako gaixoak artatzea ere aurreikusten dute.
Dena batean
Osasun zerbitzuaz gain, herri txiki askok ez du bestelako eskaintza publiko asko bideratzen. Ilea moztu, podologora joan, edo masajistarenean hitzordua hartzeko, herri handiagoetara joan behar izaten dute herritarrek. Ez leku guztietan, ordea. Izan ere, Ibarrangelun hiru zerbitzu horiek eskaintzen dituzte kultur etxeko lokal batean. Asteko egun ezberdinetan, eskaintza ezberdina. «Ez dugu gauza berri bat asmatu, herri guztietan baitaude ile apaindegi, podologo edo masajistak. Ibarrangelun, ordea, udalak eskaintzen du zerbitzu hori, eta jendeari hori xelebrea iruditzen zaio askotan», Jesus Mari Ziluaga bertako alkatearen hitzetan.
Herritik sortutako egitasmoa izan zen, udalak egindako herri batzarretan bildutako kezketatik. Edozein zerbitzuren bila joateko, Gernika-Lumoraino joan beharra zeukaten ibarrangelutarrek. «Ez dugu gauza berezi bat egin gura izan; alderantziz, jendearen beharrei erantzun diegu». Horregatik, zerbitzuek arrakasta lortu dute herrian, «proposamena behar batetik irten baitzen». Prezio aldetik ere, ohikoak baino merkeagoak dira, udalak, lokala uzteaz gain, argindarra eta ura ere ordaintzen duelako. «Beraz, zerbitzuak merkeagoa izan behar zuela adostu genuen».
2009an jarri zen proiektua martxan, eta, pixkanaka, hedatuz joan da. Lehenbizi, ile apaindegia jarri zuten; ondoren, podologia zerbitzua; eta, azkenik, eskaintza berriena da masajea. Era horretan, herritarrek euren bizitokitik atera gabe behar dutena eskura jarri du udalak, bizi-kalitatean hobekuntza handia sumatuz. 600 biztanleko herri bati ez dagozkion zerbitzuak direla dirudi, baina, apurka, ohikoagoak dira era horretako eskaintzak.
Ezarian
Txikienentzako zerbitzuak
Herri txikietako biztanleek, gero eta arrazoi gutxiago dauzkate zerbitzu bila inguruko herrietara joateko. Bertatik bertara eskaintza ugari topa ditzakete: osasun zerbitzuak, ile apaindegiak...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu