Hainbat talderen sortzaile izateaz gain, proiektu handi eta emankorretan ere partaide izan da Xabier Solano musikaria. Euskal Herriko eta atzerriko plazetan oso ezagunak dira haren soinuaren akordeak eta haren ahots berezia.
1994an sortu zenuten Etzakit taldea. Zure ibilbide osoan Jon Garmendia Txuria bertsolaria izan duzue hitzen egile eta bidelagun.
Hasieratik oso harreman estua izan dugu, eta Txuriaren hitzak beti izan ditugu gustuko. Bere idazteko eta gauzak esateko moduak erakartzen gintuelako ibili izan gara berarekin.
Musikaria ez bazina zer izango zinatekeela uste duzu?
Ene! Ez dakit, auskalo! Irakasle edo horrelako zerbait ziurrenik. Orain ere musika irakasle nabil, Oiartzungo Haurtzaro ikastetxean: DBHko 1, 2 eta 3. mailetan ematen ditut eskolak.
Zuen kantuetan politikak eta aldarrikapenek leku handia dute. Zure bizitzan politikak garrantzi handia al du?
Euskaldun naizen aldetik, ezinbestekoa da; dugun egoerari ezin zaio ez ikusi egin, eta musika oso tresna ona da zure aldarrikapenak egiteko.
Euskal Herriko Trikitixa Elkartearekin harremanik ba al duzu?
Bai. Azpeitian sanjoseetan antolatu zuten jaialdian jo genuen, adibidez, eta Nazioarteko Jaialdian ere bai. Elkarrekin gauzak egiten ditugu.
Fermin Muguruzak animatu al zintuen trikitia beste musika estilo batzuekin nahastera?
Ez. Lehendik ere, Etzakiten garaian nahasten genituen. Hala ere, Ferminekin Jamaikara joan nintzenean, estilo ezberdinak uztartzearen aldeko apustuan asko lagundu eta bultzatu ninduen, eta geroztik horretara jarri naiz buru-belarri.
Talde baten gidaritza edo batuta eramatea erosoa al da? Erabakiak zeintzuk eta nola hartzen dituzue?
Printzipioz, nik eramaten dut oinarria edo ideia, eta horren gainean aritzen gara lanean. Taldekideren bat ados ez badago, beste aukera batzuk bilatzen saiatzen gara. Nik abestia etxean grabatzen dut. Bateria, trikitia, gitarra eta baxua jotzen ditut. Ondoren, lokalera joan, eta bakoitza beretik duen dena ematen hasten da.
Villabonako bakarrizketa lehiaketan ere soinua jotzen aritu zinen, beste bi taldekiderekin batera. Beste emankizun eta ekitaldi batzuetan laguntzaile eta osagarri izatea inoiz atera al da zuen baitatik?
Normalean, enkarguzko parte hartzeak dira. Guk gustura hartzen ditugu, eta ia beti animatu izan gara. Ohikoa ez dena egitea ederra da, erronka bat.
Sormen lanean hasten zaretenean, komertziala izan behar duen mamu hori gainean izaten al duzue? Nahi duzuen hura egiten al duzue aldiro?
Nik uste dut baietz. Egiten duguna gustatu egiten zaigu. Ez diogu begiratzen besteei gustatuko zaien. Gure filosofia hau da: guri gustatzen bazaigu, besteei ere gustatuko zaie.
Etzakit, The Solanos eta Joxe Ripiau taldeetako kide ohiekin osatu duzue Esne Beltza. Nolatan elkartu zarete zuek?
Talde bat egitea bururatu zitzaidan. Ferminekin nenbilen une horretan, biran, eta, han geundela, oso harreman ona egin nuen bertako DJarekin eta tronpeta eta tronboi jotzaileekin. Eurei nire asmoen berri eman nien, eta ilusioz hartu zuten egitasmoa. Nik talde bat sortzen dudanean lagun talde bat izatea nahi dut. Denak lagunak gara, eta musika ibilbidean egin ditudan lagunak dira.
Zerk egiten du berezi Esne Beltza?
Musika estilo askotakoak gaude, eta horrek oso berezia egiten du. Denok musika berdina egiten dugu, baina denok ekartzen dugu zerbait ezberdina. Hor ikusten da bakoitza ze alderditatik datorren. Denak uztartzean, oso gauza freskoa ateratzen da, nire ustez. Lagun arteko talde bat da, eta beti giro onean gaude. Guretzat hasierako talde bat balitz bezala da, nahiz eta bakoitzak aurretik bide luzea eta eskarmentu handia izan.
Bizitzan ere esperimentatzea eta arriskatzea gustatzen al zaizu?
Nik uste dut musikariak erronkazaleak garela. Musika estilo pila bat gustatzen zaigu. Ni ibilitako talde denak oso ezberdinak izan dira, eta hori horren seinale da. Estilo pila bat lantzea gustatzen zait.
Zeinekin egingo zenuke proiektu bat gustura?
Ez dakit. Oraintxe ari naiz proiektu berri bat egiten, eta gogotsu ari naiz. Idazle batekin disko-liburu bat egingo dut, eta niretzat proiektu hori oso berria da, eta ilusioz nago.
Musika aitzakia edo arrazoia da munduan zehar ibiltzeko?
Bi gauzak. Arrazoietako bat da Euskal Herrian gustatzen zaigula gure gau-zak mundura zabaltzea eta munduko gauzak hona ekartzea. Aitzakia ere bada: guri asko gustatzen zaigu bidaiatzea.
Zer esango zenioke soinua jotzen hasi den gaztetxoari?
Saia dadila benetan gustatzen bazaio. Ume askok mila gauza hartzen dituztela iruditzen zait, eta uste dut aukeraketa egin beharko luketela, eta gustukoen duten horretan arreta jarri.
Xabier Solano
«Txikitako gogo berbera dut oraindik»
Umetatik ikusi izan dugu Xabier Solano hernaniarra hauspo txikia soinean, eta mutil koskorretan zuen ilusio eta gogo bera du gaur egun ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu