Goizetik gauera, txosnak erabat aldatzen dira. Iluntzeko parrandak goizetan egiten diren ekitaldiei ematen die lekukoa, zeinak aurten aberatsagoak diren. Izan ere, Irrien Lagunak klubeko kideak astelehenetik Bilboko Aste Nagusian dabiltza. «Goizetan zegoen hutsune bat bete dugu era horretan, eguneko lehen orduetan sukaldaritza lehiaketan egoten baita giroa, eta haurrentzako ekintzak antolatu beharra ikusi genuen», azaldu du Sergio Regeirok, Irrien Lagunak klubeko koordinatzaileak. Ukatu egin du, era horretan, udalaren programari aurre egiteko asmoa daukatela: «Jendeak goizetik txosnetan ere gozatzeko aukera eduki dezan besterik ez dugu eskaini nahi».
Era horretan, txosnetako hainbat eremutara iritsi dira Irrien Lagunak klubeko kideak, ahal bezain pluralena izateko eta denengana iristeko. Atzo, esaterako, Kaskagorri konpartsaren agertokira igo zen Largabista bere lagunekin, haur andana- ren begiradapean. «Eguerdiko emanaldietara jende ugari bildu da, eta bertan ere ahalik eta ikuskizun pluralenak eskaintzen saiatu gara, eta parte hartzea ere sustatu nahi izan dugu», adierazi du Regeirok. Atzo ere, horrela aritu ziren haurrak, Martin Bertsori bertsoa osatzeko oinak ematen.
Baina, Irrien Lagunak klubeko pertsonaien ikuskizunez gain, gauza gehiago ere jarri dituzte han eta hemen. Besteak beste, tailer ugari, jai eremu guztian zehar kokatu dituzten puzgarriak eta batukada, fanfarre eta trikitilariz osatutako kale animazioa.
Azken emanaldiak, gaur
Baina haurrentzako giro hori gaur amaituko da txosnetan. Izan ere, Irrien Lagunen egitaraua gaur amaituko da, Goloka antzerki taldearekin elkarlanean egingo duten ikuskizunarekin. Panpina handiak eta txotxongiloak erabiliko dituzte. Harrera beroa izan dute lehen urtean Irrian Lagunak klubeko kideek haurren giroa sortzen.
Txosnetan haurren giroa sortzen
Irrien Lagunak klubak haurrentzako ekintza ugari antolatu ditu aurten Bilboko Aste Nagusian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu