Duela bi aste babarrunez bapo bete ondoren, gosea egiteko denbora nahikoa izan dute Tolosan (Gipuzkoa). Nahikoa izan ez bada ere, beti izaten da toki txikiren bat gustukoa den hori hartzeko: Tolosa txuletaren festan murgilduko da larunbatetik aurrera, eta bost egunez txuleta eta bestelako jatekoa izango dute.
Festak txuleta izango du ardatz; bazkari eta afariak izango dira idi txuletaz gozatu ahal izateko. Afariak larunbatean eta asteartean emango dira Zerkausian; igandean, astelehenean eta asteazkenean, berriz, bazkalorduan. Txuletari konpainia eginez, beste zenbait produktuk osatuko dute menua: urdaiazpikoa, Tuterako kukuluak, Lodosako piperrak, Idiazabal gazta, eta Tolosako zigarro, teila eta xaxuak dastatu ahal izango dira. Hori dena 45 euroren truke.
Tolosa txuleta erretegi eta erretzaile onenen sorlekua izanik, herrian bertan dauden lau erretegi arduratuko dira txuleta prestatzeaz. Casa Julianeko Matias Gorrotxategi, Nicolaseko Pedro Ruiz, Burruntziko Juanjo Pascual, eta Orueko Javier Hualde ariko dira sukaldari lanetan. Tolosako beste bost jatetxe eta sagardotegik ere eskainiko dute egun horietan Zerkausiko menu bera: Astelena, Beti Alai, Botarri eta Bidebide jatetxeek eta Usabal sagardotegiak.
Azoka, kirola eta dastatzea
Jateaz eta edateaz gain, badago beste aukerarik. Asteburuan, esaterako, eskulangileen azoka antolatu dute Triangulo plazan. Hogei postu izango dira guztira; hamasei eskulangilenak, eta lau elikagaienak. Larunbatean 10:00etatik 14:30era eta 17.00etatik 20:30era egongo da zabalik azoka; igandean, aldiz, honako ordutegia izango du: 11:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 20:00etara.
Astelehenean, Beotibar frontoira biltzeko aukera aproposa izango da; baina ez txuletak jatera: zesta-punta jaialdia izango da 17:00etan. Lehenik, puntista gazteek erakustaldia egingo dute; ondoren, zesta-punta partida jokatuko dute Jai-Alive klubeko pilotaririk onenek.
Asteartea gastronomiari lotuta dator, berriro ere. Txekor errea dastatzeko aukera emangodute Eta Tolosako hiru harategik. 12:30ean, 1.200 pintxoprestatuko dituzte Triangulo plazan.
TXULETAREN FESTA
Zer. Bazkari eta afariak, eskulangile azoka, zesta-punta...
Non. Tolosan (Gipuzkoa).
Noiz. Larunbatetik asteazkenera.
ASTEBURUKO PROPOSAMENAK
Txuleta erreak, festa pizteko
Tolosa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu