Duela bost urte sortu zen Zaratas konpartsako kidea da Nerea Orizaola; horko lehen txupinera da, beraz. Kargua ilusio handiarekin hartu zuen horretarako deitu ziotenean, nahiz eta urduri ere bazegoen. Nerbio horiek, ordea, nekebilakatu dira; hala onartu du Orizaolak berak.
Estreinako aldiz ari zara aurten txupinera gisa; nola daramazu Aste Nagusia?
Oso ondo; pozik nago. Leku guztietatik barrena gabiltza, ekitaldi ugaritatik aurrera eta atzera. Horren ondorioz, gainera, jende asko ezagutzeko aukera ematen ari zait. Beraz, oso pozik sentitzen naizen arren, nekatuta ere banago.
Beraz, txupinera gisa izaten ari zaren esperientzia gogorra ere bada?
Bai, baina gogorrazentzurik onenean; ez pentsatu gaizki. Egunero goiz esnatu beharra daukat, 10:00etan puntuan Arriagako balkoitik txupina botatzera joan beharra baitaukat jaietako beste egun bati hasiera ematera. Gauean, gainera, ahal bezainbeste aprobetxatu nahi izaten duzu, eta, noski, azkenerako egun osoa etxetik kanpo egoten zara. Egia esateko, deskantsatzeko denbora gutxi edukitzen ari naiz.
Ez dizute deskantsatzen uzten, beraz...
Ordu gutxi dauzkagu lo egiteko. Behin etxetik irten ostean, ez baitaukazu aukerarik ezta siesta egiteko ere. Aurretik agenda oso lotuta daukagu, eta egun osoan gora eta behera ibiltzen gara. Beraz, asti askorik ere ez daukagu apur bat lasai egon eta deskantsatu ahal izateko.
Txupinera izan aurretik egindako adierazpenetan urduri zinela esan zenuen. Orain, nola daude nerbioak?
Askoz ere lasaiago. Urduritasunak txupinazo aurreko egunetako gauzak izan ziren. Orain, jaia hasia dela, askoz ere lasaiago nabilela esan dezaket. Beraz, txupina bota, eta une horretan bertan festa bizitzen hasi nintzen. Gainetik karga bat kendu izan banu bezala izan zen, eta orain lasai asko gabiltza.
Aurrera eta atzera ibili zaretela diozu. Eguneroko gorabeheren ondoren, trajea garbi ikusten dizut...
Garbia dagoela ematen du, baina ez duzu usaintzen [barreak]. Sei egun daramatzagu tabernetan, txosnetan eta beste hamaika lekutan aurrera eta atzera, eta horrek ondorioak dakartza.
Kalimotxorik ere ez zaizu erori?
Ez, ez. Garagardoa bai, baina, markarik uzten ez duenez, ez du arazo handirik ematen. Kalimotxoa eroriz gero, lan gehiago izango genuen; baina badirudi txupineren trajeak immunitatea daukala. Izan ere, jantzi bakarra daukagu, eta hori zikinduz gero garbitu beharra dago. Lo egiteko betarik ez badago, pentsatugarbitzeko ere ez dela asko egongo.
Aurten lehen aldiz zaude txupineren omenaldian. Ohartzen zara hemendik aurrera, betirako izango zarela txupinera?
Bai, eta pozgarria da. Txupineren artean sekulako giro ona dagoela ikusi dut, eta egun dibertigarria da, gainera. Aurten, oraindik ez naiz txupinera ohien talde honetako partaide izango, baina datorren urtean onartuko nautela esan didate dagoeneko [barreak].
Nerea Orizaola. Aurtengo txupinera
«Txupina botata, festa gozatzen hasi nintzen»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu