Oraindik ez dira hasi Hondarribiko jaiak, baina dagoeneko festa giroa nabari da herrian. Festei hasiera ofiziala bihar emango dioten arren, gaur bertan, festan hasi eta egitarau zabalaz gozatuko dute herritarrek. Sei eguneko festa dute aurretik hondarribiarrek: gaur hasi eta datorren asteartera arte.
Haurrak eta musika izango dira gaurko protagonistak. Txupinazo batekin emango diote hasiera eguneko egitarauari. Ez da ofiziala izango; haurren entzierroa iragartzen duena baizik. Zezen puzgarriak ibiliko dira kaleetan batetik bestera. Ondoren, arratsaldean, haurren 43. Margolan Lehiaketa eta XIII. Grafiti Lehiaketa egingo dute. Helduei dagokienez, XVIII. aldia izango da.
Familiek ere izango dute dibertitzeko aukera. 20:00etan, Kanpanolue antzerki taldearen 11 salto gehio ikuskizunaz gozatzeko aukera izango dute. Eta, gero, Klink elkarteak antolatutako kantineren aurkezpen desfilearen txanda izango da, 22:30ean.
Gazteak bikingo bihurtuta
Gazteek ere izango dute zertaz gozatua festetan. Kontzertu eta bazkariak, esaterako, ez dira faltako. Hala ere, bereziena Hondarribiko Gazte Asanbladak haientzat antolatutako Bikingo Marea izango da, eta, bigarrengoz, lehorreratzea egingo dute gaur arratsaldean.
Lehorreratzea prestatzeko, muntatze tailerra antolatu dute Butroi pasealekuko hondartzan. Lehorreratzean parte hartuko dutenei materialak emango dizkiete asanbladakoek: piratek utzitako poltsa flotagarriak, esaterako. 15:00 aldera ekingo diote prestatzeari, eta 17:00 aldera emango diote hasiera lehorreratzeari.
Bidasoa ibaian egingo dute ibilbidea: Butroi pasealekuko hondartzatik abiatu eta Bidasoa etorbideko arrapalan egingo dute lehorreratzea.
Ibaia zaintzeko neurriak ere hartu ditu Gazte Asanbladak. Ingurunea babesteko asmoz, arrapalan garbiketaz arduratuko den talde bat egongo da, txalupak eta gainontzeko materialak jasotzeaz arduratuko dena.
Ekitaldi asko egunero egingo dira: entzierroak, sokamuturra, erraldoi eta buruhandien kalejirak, haur zein helduen danborradak, salbeak, zezensuzkoa, eta abar. Baita musika kontzertuak ere. Talde aski ezagunak arituko dira Hondarribiko Bentako agertokian: Barrikada, Luz de Putas, Zea Mays, Dover, Abiba disko jaia, DJ P3Z, Mushroom Caffeine eta The Nomads, besteak beste. Bentako agertokian emango dituzte kontzertu gehienak. Niko Etxartek ere kontzertua eskainiko du astelehenean, Arma Plazan, 22:30ean.
Herriko musika bandak ere kontzertu ugari emango ditu egun guztietan. Gaur bertan, jaietako kontzertu berezia eskainiko dute 23:30ean. Bihar arratsaldean, berriz, jaietako hasiera ofizialean, titibilitia jotzen ibiliko dira kalez kale, 1638ko setioa oroitzeko. Alardea larunbatean izango da.
Txupinazo aurretik, herrian festa nagusi
Hondarribiko jaiak bihar hasiko dira ofizialki, baina gaurtik hasiko da festa, entzierro, grafiti eta kontzertuekinGazte Asanbladak Bikingo Marea antolatu du gaurko, eta lehorreratzea egingo dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu