Bilboko Aste Nagusia

Txupineren egun handia

Ekitaldiz betetako eguna izan zuten atzo txupinerek; Deustuibarreko merkatua bisitatu eta bazkaria izan zutenAmelia Jauregizar ohorezko txupinera omendu zuten, iaz egin bezala

Aste Nagusiko txupinerak, Kirmen Uribe pregoilariaren begiradapean suziria jaurtitzen, Areatzan. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2011ko abuztuaren 26a
00:00
Entzun
Aste Nagusiko osteguneko protagonista nagusienetakoak dira txupinerak. Horren arrazoia eurei egiten zaien omenaldia da. Ekitaldi horretan, urtez urte Bilboko jaietan izan diren txupinerak biltzen dira, eta egun garrantzitsua izaten da haientzat. «Egun gogoangarria da», zioen 2000. urtean txupinera izandako Aitziber Zalbidek.

Tradizioak dioen bezala, txupinerei dagokien arropa jantzi eta goizeko hamarretan bildu ziren guztiak. Ordu horretan, aurtengo txupinera Patrizia Lezamak egunero jaurti beharreko txupina bota zuen, txupinera ohien begiradapean. Zazpikaleetako Erronda kalea zeharkatu zuten ondoren. «Kale honek sinbologia handia dauka guretzat», zioten txupinerek aho batez. Duela bi urte Bilboko Amelia Juregizar zendu zen han. Ohorezko txupinera izan zen Jauregizar 1998. urteaz geroztik, eta baita Tintigorri konpartsako kidea ere. Txupinera askok onartzen dute «erreferentziatzat eta jarraitu beharreko eredutzat» dutela Amelia Jauregizar. «Eta guk zeharkaldi hau probesten dugu, omenaldi xume baten bidez, Amelia gogoan izateko», nabarmendu zuen Aitziber Zalbidek.

Errondan geldialdia egin ondoren, Deustuibarreko merkatura joan ziren, Bilbon ospe handiko tokia baita aipatu merkatua. Beste txupin bat bota zuten han, merkatura iritsi zirela adierazteko. Barrura sartu eta erosketak egiten ari zirenak eta saltzaileak agurtzen aritu ziren ondoren. «Jendea hurbildu eta musuak ematen dizkigu. Gu ikustean hunkitzen denik ere badago», zioen Zalbidek irribarrea ahoan zuela.

Zazpikaleetako eginbeharrabukatu ostean, Areatzarako bideari ekin zioten. Txosnen ondora iristean, txupinerei eguneko ekitaldi nagusia iritsi zitzaien. Txupinera bakoitzak zegokion txupina jaurti behar zuen. Aste Nagusiko aurtengo pregoilari Kirmen Uriberen txalo artean eta Egun da Santimamiña abesten burutu zuten ekitaldia. «Une polita da txupinera guztiek suziria piztu eta txupinak lehertzen denekoa. Bakoitzari txupinera izan zen urtea datorkio gogora», esan zuen 2000. urteko txupinerak.

Txupineren eginkizun nagusia txupina jaurtitzea bada ere, lagun giroan bazkaltzeko aukera izaten zuten atzo. «Ohiturari jarraituz, aurreko urteko txupineraren txosnan bazkaria izaten dugu», azaldu zuen Zalbidek. Iazko txupinera Txinbotarrak Konpartsako Iraitz Irazabal izan zenez, Txinbotarrak konpartsaren txosnan bazkaldu zuten. Solasaldi ederrean eta urteko bizipenak partekatuz mahairen bueltan.

Arratsalderako ez zuten ekitaldi berezirik, eta lasaitasun hori eskertzekoa dela esan zuen Zalbidek. «Goizean batetik bestera ibili beharra izaten dugu. Orain kazetariei elkarrizketa bat, gero argazkiak atera... gauza asko dira». Txupinera bakoitzak bere txosnako kideekin trago batzuk hartuz bukatu zuen eguna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.