Ezarian. Argazkilaritza

Udaberri arabiarraren samina

World Press Photo argazki kazetaritzako sariketa Samuel Aranda argazkilari kataluniarrak irabazi du, Yemengo erreboltetan ateratako irudi batekin. Kalean zauritutako gizon bat laguntzaren zain ageri da.

Ilargi Agirre.
2012ko otsailaren 11
00:00
Entzun
Zauritutako senidea besarkatzen ari da nikabarekin edo begiak bakarrik ikusten uzten duen beloarekin estalitako emakumea. Samuel Aranda kataluniarrak Yemenen ateratako irudiak irabazi du World Press Photo lehiaketa. Argazki kazetaritzako munduko sariketarik garrantzitsuena da.

Ali Saleh Yemengo lehendakariaren aurkako erreboltetan zauritutakoak artatzeko ospitale bilakatu zuten meskita bat Sanaa hirian, eta han aterata dago argazkia.

Irudia hunkigarria da zeharo. Gizonaren babesgabetasunak eta emakumearen minak Pietatea gogorarazten dute, Michelangeloren eskultura. Nikabaren beltzak gaztearen gorputz biluziarekin egiten duen kontrastea ere ikusgarria da.

Nolanahi ere, sariketako epaimahaiaren arabera, irudiak udaberri arabiarraren ikuspegi zabalago bat iradokitzen du. «Yemen, Egipto, Tunisia, Libia eta Siria islatzen ditu; udaberri arabiarrean gertatutako guztia. Baina barneko drama ere badu».

Epaimahaiko lehendakari Aidan Sullivanen ustetan, argazkiak une hunkigarri bat adierazten du; gertaera handi batek gizakiari eragiten dizkion ondorioak dira. Jazoera horrek jarraitu egiten du oraindik, gainera. «Ez nuke inoiz jakin ahal izango emakume hau nor den, baina bi ahaideak herritar xumeen ausardiaren irudi bilakatzen dira. Ekialde Hurbileko historian kapitulu garrantzitsu bat idazten lagundu duten herritar arruntak», azaldu du Sullivanek.

Argazkia 100.000 irudiren baino gehiagoren artean aukeratu dute, eta guztira 124 herrialdetako 5.247 argazkilariren lanak iritsi zaizkie. Samuel Arandaren irudia The New York Times egunkarian kaleratu zen, joan den urriaren 15ean. 10.000 euro eta argazkilaritzako puntako materiala jasoko ditu.

Baina Aranda ez da saritu bakarra. Ondorengo hamar kategoria hauek egon dira: albiste orokorrak, uneko albisteak, gai garaikideak, egunerokotasuna, kirol albisteak, ekintza kiroletan, jendea, natura, erretratuak, eta artea eta entretenimendua. Kategoria bakoitzean hiru sari banatu dituzte. Udaberri arabiarrekoak, Afganistango gatazkakoak eta Japoniako lurrikara eta tsunamikoak izan dira aurtengo argazki asko.

Historia luzeko erakundea

World Press Photo erakundea 1955. urtean sortu zen. Informazio askatasuna defendatzen du, eta argazki kazetaritzaren kalitatea hobetzea du helburu nagusietako bat. Horrez gain, mundu osoko argazkilariei babesa ematen egiten du lan.

Kategoria guztietan saritutako argazkiekin erakusketa bat antolatuko dute erakundearen egoitzan bertan, Amsterdamen, apirilean. Ondoren, ekainetik aurrera, munduko ehun hiritan baino gehiagotanegongo da aukera argazki ikusgarri hauek ikusteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.