Udaberria, goxoa eta pitin bat lehorra

Tenporek erakutsitakoaren arabera, datorren udaberria ez da izango bereziki euritsua

Adrian Garcia.
2012ko martxoaren 6a
00:00
Entzun
Luzera begirako eguraldi iragarpenak egiteko erabiltzen ditu tenporak Pello Zabala meteorologo eta fraide frantziskotarrak. Eguraldia iragartzeko tradizionalki jorratu den bidea da. Hurrengo urtaroa hasi baino lehenagoko egun zehatz batzuetan —udaberriaren kasuan atzokoa zen azken eguna—, eguraldiaren hainbat faktore behatu, batez ere haizea, eta datorren urtaroaren zantzuak aurreikus daitezke.

Zabalak azaldu duenez, egun horietan haize denak suabe pasatu dira. «Hego-mendebala, mendebala, itsasokoa ere bai, ipar pixka bat ere egin du, eta ekialdetik ere nola sartzen den ikusita, denetik ibiliko da udaberrian». Itsasokoa eta iparreko haizea ez dira izan espero bezain indartsuak. Horiek dira euria ekartzen duten haizeak, eta, ondorioz, espero daiteke ez duela euri askorik egingo.

Tenporek ez dute ezohiko udaberririk iragarri. «Udaberriak izaten diren bezala, tarteka euritik, tarteka giro goxotik ekarriko du. Denetik emango du». Toki bateko haizea bakarrik ez da gelditu. Ez dirudi, beraz, udaberri bereziki euritsurik etorriko denik. «Haize horiek biziago-eta dabiltzanean badakite euria erakartzen. Oraingoan suabe etorri dira, eta leuntasun horrekin ez da ikusten horrelako koska nabarmenik ekar dezakeenik». Udaberriak denetik emango duen arren, goxoa eta leuna izango da. Ezer falta izatekotan, euria izango da. Meteorologiako aurreikuspenak egitean, halere, tentuz aritu behar dela ohartarazi du Zabalak. Izan ere, udazkenean ere haizea ekialdetik zetorren, euri gutxi ekarriko zuen seinale. Uholdeak sortu zituen eurite latzak izan ziren, ordea, iragan udazkenean. «Guri itsas aldetik sartutako haizeak ekartzen digu euria normalean, baina Mediterraneotik sartutako haizeak sortu zituen uholdeak». Udaberri goxoa eta pitin bat lehorra, beraz, tenporek iragarritakoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.