Errepide bakarraz ari da txistea, Zugdiditik Mestiara doanaz, hain zuzen. Itsaso Beltzaren ertzetik Kaukasoko gailur zurietarainoko igoera da, Abkhazia eta Georgia banatzen dituen Inguri ibaia ezkerrean dagoela beti. 115 kilometroko amesgaiztoko bidea, gogorra bezain ederra.
Sobietar garaiko presa erraldoi bat atzean utzi ondoren, errepideak bailara estu eta izugarri bat zeharkatzen du. Tunel ilunetan soilik galtzen da bistaz paisaiaren handitasuna. Kobazuloen sarrerak dirudite, argirik gabeak, itoginen jarioa hots bakar dutela. Beltzak dira ere errepide alboan ugaltzen diren hildakoen oroigarriak. Basaltozko harrietan grabatuta ageri dira Kaukasoko errepidea arriskutsuenean hildakoen aurpegiak. Oroigarrien alboan, botilak eta edalontziak, brindiserako ezinbestekoak. Chacha, bertako pattarraren tanta batzuk lurrera isuri eta joandako lagunaren omenez topa egin behar da jarraian. Gero autoa hartu eta, ziurrenik, beste omenaldi bat, edo bi, izango dira etxerako bidean. Gurpil zoro eta bortitza da hau, baina tradizioei gogor eusten zaie Kaukason, eta are gehiago Svanetin.
Bi ordu eskasean, Khaishi herrian azaltzen dira lehen Erdi-Aroko dorre esvaniarrak. Horietako asko klanen arteko mendeku nahiz elur-jausien biktima izan badira ere, oraindik 200 batek zutik dirau. Georgiako ekialdeko galgais dorreak nahiz Txetxeniako vainakh-en antzera, defentsarako eraiki ziren horiek ere. Dena den, oso berezia da hemengoen diseinua. 10-12 metroko altuera dute, eta miniaturazko genoar gazteluak dirudite. Elkarren ondoan eraikita batzuk, eta mendi magaleko pagadien artean sakabanatuta besteak, makina bat bereiz daitezke Lakhani, Pari edo Lakhamula herrixketan.
Bat-batean, Europako mendi altuenen bistak Mestia herritik hurbil gaudela ohartarazten digu; Elbrus(5.642) Errusiar Federazioan, eta Ushba(4.700), Tetnuld ( 4.858) eta Shkhara(5.201), Svanetiko lurrean azken hauek. Douglas Freshfield, XIX. mendeko mendizale britainiarrak bizitza osoa eman zuen Alpeetako mendiak eskalatzen. Baina Kaukasora etorri zen lehenengo aldian, txundituta utzi zuten bertako erraldoiek, «Alpeei edertasunean nahiz dramatismoan goititzen zaizkien mendiak».
Britainiarrak 80 dorre zenbatu zituen Mestian. Egun 33 baino ez dauden arren, Svanetiko herri nagusia ederra da oraindik. Xake piezak dirudite bere dorreek, baina taula zuri-beltzean ez bezala, hemengoen kokapenak ez dio logika bati jarraitzen. Anarkikoak dira ere bertako kale estuak eta, noski, herriko plaza. Zorabiatuta baina pozik bertaratu dira Zugdiditik iritsi berriak. 5 orduko triki-traka jasan ostean, lur irmoa zapaldu dute, azkenik! Mestiar batzuk mini-busera inguratu dira lautadatik bidalitako paketeen bila. Alboan gizon bat dago, bere jeep-aren kapotagainean eserita. Svaniar sonbrerua buruan, zigarroa erretzen ari da, Ushgulira igo nahi duten bidaiarien zain.
Gizakiak ez ezik, animaliak ere herritar peto-petoak dira topagune bitxi horretan. Mutiko baten behi-taldeak patxadan zeharkatu du herriko gune nagusia; ez, ordea, basatxerri taldeak. Postetxe aurrean eserita zegoen amonak errieta egin die, haserre. Ulertzekoa, agureak mahaitxo batean salgai zituen errusiar txikleak eta turkiar gailetak lurrera bota baitituzte lotsagabeok euren karrera eroan.
Mestiako herriko plaza karratutik ateratzean, erraza da galtzea kale estuen labirintoan. Bertakoen laguntza ezinbestekoa da, beraz, machubi etxera iristeko. XII. mendeko eraikin hau Svaniar etxe tipikoaren museoa da. 15 lagunek lo egiten omen zuten bere gela bakarrean, ukuiluen egurrezko sabaia ohe beroa zutelarik. Gela erdian sua dago eta, alboan, etxeko aulki bakarra; familiako zaharrenarentzat, jakina.
Machubi etxea sinpleegia irudituz gero, Historia eta Etnografia Museoa bisita daiteke, errekaren beste aldean. Porlanezko eraikina ikusita, nekez asma daiteke barruan gordetzen diren altxorrak: Kolkidako urrezko arte- lanak, XI mendeko biblia, arabiar ezkutuak edo pertsiar alfonbra nahiz ezpatak, besteak beste. Inguri ibaiaren goiko bailarak hamaika bisitari izan ditu mendeetan, eta bertakoek souvenir bilduma dotorea osatu dute honezkero. Esvaniarrak «georgiar puruenak» direla esan ohi da, baina bailarakoen fisonomia, museoko erakusketa bezain anitza da. Hala ere, ez dago museora joan beharrik honetaz jabetzeko. Bertakoengana jo, jochalada (kaixo esvanieraz) batez agurtu eta, zortea lagun, Marika Hoffmanena bezalako beste hamaika istorio entzun ditzakezu. Haren aiton alemaniarra XIX. mendean iritsi zen Kaukasora, Volga ibaiaren ertzetik. Izan ere, asko izan ziren Errusiako Tsarrak gonbidatutako kristauak, haiek kanporatutako musulmanen lurretan bizi zitezen.
EUROPAKO SABAIA. Ez dago Ushguli herrira igo daitekeen furgonetarik. Mestiatik gorako errepide edo erreken gaineko zubirik inoiz existitu bazen, iraganeko oroitzapena baino ez da gaur. Ushgulin dendarik ez dagoenez, astean bitan igotzen den jeep-a da horniketaren arduraduna. Shkhara erraldoi zurirantz abiatzen den heinean, pagadi eta aritzek bide ematen diete lorez estalitako belazeei. Ushguli 2.200 metrora dago, eta nekez haz daitezke zuhaitzak Europako herririk garaienean. Herriko sarreran, etxebizitzen hondakinak dira 1987ko elur-jausi bortitz haren lekuko. 70 lagun hil ziren orduan, gehienak eskolan zeuden umeak. Elur-jausien biktimak edota lan-bila emigratutakoak direla eta, Ushguliko populazioa nabarmen urritu da azken urteotan. Alferrikakoa izan da UNESCOk Ushguli mundu ondarearen zerrendan sartu izana; bost axola bertakoei erdiaroko dorreak, haien itzalpeko bizimodua jasangaitza baldin bada.
Herria eta glaziarraren artean dagoen muinoan, Lamaria izeneko ermita dago. Barruko margolanak kandelen keak belztu ditu, baina oraindik bereiz daitezke San Jorge eta Tamara erreginaren erretratuak. XII. mendeko Georgiako agintari ohia ia jainkosatzat hartzen dute esvaniarrek. Bere gorpua Ushgulin bertan hilobiratuta dagoela diote, erreginaren izen bereko dorreen azpian, hain justu.
Ahuntzak eta basatxerriak herriaren jabe dira orain, ez baitabil inor Ushguliko kalexka estuetan. Bat-batean, leiho txikietatik entzuten den hotsak isiltasuna hautsi du. Ahots arrotzak dira, ulergaitzak menditar hauentzat, baina ukaezina da euren efektu magnetikoa hemen. Bai, Esmeralda da, Venezuelako telenobela. Etxeetako ura errekakoa da, eta komunak, dorre ondoko putzu-beltzak baino ez. Tamalez, telebista da hemen modernitatearen arrasto bakarra. Sobietarrek 1975ean instalatu zuten antena, Tamara erreginaren hilobi diren dorreen gainean.
200 sendi gelditzen dira Ushgulin, eta 12.000 esvaniar baino ez eskualde osoan. Ez da harritzekoa, Georgia osoa ito duen krisi ekonomikoa bikoizten baita bailara horretan. Aurki, mila urtez zutik egondako azken dorreak lurra joko du eta ez da izango konponduko duen esvaniarrik. Orduan, telebista masta ugertsu bat izango da Tamara ondorengo bizitzaren arrasto bakarra.