Lekua ere araberakoa da. Pasaiako eta Donostiako itsasargiak, zulope batean daude, Higerkoarekin konparatuz. Lurmuturra izateak toki gehiagotatik ikusgarri izatea eragiten du. Jaizkibel dauka gibelean, itsasoa aurrean. Higerko argia ikusten duten arrantzaleek badakite doi bat mendebalderako Bidasoa eta Txingudi dauzkatela. Baina ekialdean zenbait kilometroko tartean ez dute babesik, Pasaiako portura iritsi bitartean.
Jaizkibelen itsasalderako mendi-mazela ikusgarria bezain arriskutsua izan daiteke, arrokaz inguraturik. Higerko itsasargiaren parean bertan, uhartetxo bat dago, itsasbehera dagoenean lurrari loturik dagoena. Arkaitz lerroak labanak bezain zorrotzak izan daitezke, bertatik pasatu nahiko luketen itsasontzientzat.
Lagun multzo bat Pasaiako aldetik doa Donibane Lohizunera buruz, arrantzaleen ontzi batean. Eguraldiak laguntzen duenean, itsasora ateraldi polita egiteko aukera hutsegitea pena litzateke. Higerren pareko harrizko uhartearen gibeletik pasatu dira, kaioen eta hainbat hegaztiren konpainian. Dudarik gabe, ibilaldi ikusgarria da, eta, hain segur, ikuspegi zoragarria da itsasotik Jaizkibel aldera.
Higerko itsasargiaren inguruetan ibiliz gero, laster ikusten da eremu ikusgarria dela. Amildu gabe kasu emanez gero, lehorretik ere leku ederraz goza daiteke. Higerko lurmuturretik abiatu eta Jaizkibelen azpietan barna, ibilaldi polita bada egiteko. Bazter batzuetatik itsasoraino jaisteko aukera ere badago, harrizko hondartza lasaiak gustuko dituztenentzat.
PORTU HANDIA. Aroa biziki aldakorra da, haatik. Ekaitza bat-batean sartzen da mendebaldetik eta itsasaldetik. Jaizkibelen bestaldetik ageri da, maiz, hodeiek nola mendi osoa inguratzen duten. Zeruaren urdina kolpez iluntzen da itsasaldean, itsaso eztian uhin handiak nagusitzen dira eta haize hotzak jotzen du. Horrelakoetan, laster itzuli behar dute portura, azkenaldian, eguzkia agertu orduko, tropa handian ateratzen diren bela ontziek. Kirol portuen garapenaren irudia ageri da Higerko lurmuturretik.
Baina historian zehar, azken hamarkadetan merkantzia ontzi handiak pasatzen dira inguru hartatik, Pasaiako portura joateko. Mendeetan garrantzi handia ukan duen portua da Pasaia, arrantzari loturik bereziki. Portu garrantzitsua izateak eta anitz garatzeko aukerak behartu zuen itsasargien eraikitzea.
Itsasargi gehienak eraiki ziren garaian obratu zuten Higerkoa ere. 1852an solairu bakarreko etxea eraiki zuten, haren gainean dorre karratua altxatuz. Dorrearen puntan zati zirkular bat ezarri zuten, argiarentzat. Oraingo itsasargiaren antza baldin bazuen ere, ez da oraingoa. Indar txikiagoa zuen, batetik. Lau argi zeuzkan, baina bi baizik ez zituzten pizten. Gauero hiru litro eta erdi olio erabiltzen zuten argia pizteko. Ekaitza zenean baizik ez zituzten lau argiak pizten.
Itsasargia osoki suntsitu zen 1874an, karlisten gerra garaian. Hiru urteren buruan eraiki zuten berria, zaharra zen lekutik 150 metro urrunago. Itsasoaren mailatik 93 metroko goratasunean ezarri zuten argia. Joan den mendean, argia pizteko teknikak aldatu zituzten. 1905ean landare olioa utzi eta petrolioarekin hasi ziren. 1937an argindarra erabiltzen hasi ziren. Gaur egun jendea bizi da oraino, itsasargi horretan, leihoetako gortinak, kanpoko baratzea eta arropa zintzilikatuak lekuko.
FITxa
Faroa: Higerko itsasargia.Herria: Hondarribia.
Koordenadak: 43&fraq14;23'31Ó, -1&fraq14;47'31Ó.
Argi mota: Bi argi zuri, 60 segundo guziz.
Argiaren irismena: 22 mila (35,4 km).
Eraikitze urtea: 1852 eta 1877.
Ez da bisitatzen.
GPS-A, aLDaKeTa eraGILe
Munduan gaindi non gauden kokatzeko sistema zehatza da GPSa. Itsasontziek GPSa erabiltzen dute horretarako. Nabigatzaileek izarrei begira orientatu behar zuten garaiak iraganeko kontuak dira. Halaber, itsasargi edo faroak ere ez dira lehen bezain baliagarriak, zein porturen ondora hurbildu diren jakiteko. GPSarekin, zehazki badakite non diren. Hala ere, faroek gaur egun ere argitzen dute, gauero-gauero.GPSak dena ez dezake ordezka, eta itsasargiak segurtasun gehiago ematen die marinelei. GPSak matxura bat ukanez gero, faroak garrantzitsua izaten jarraitzen du. Baina lehen nabigaziorako argi garrantzitsuena faroak baldin baziren, orain bigarren mailako garrantzia daukate. Garrantzitsuago bihurtu dira portuetako sarbidea markatzen duten argiak. Donibane Lohizuneko portura sartzeko, adibidez, GPSak ez du laguntzarik ekartzen, ez baita nahiko zehatza, sarbide hertsi hartan nondik pasatu behar den seinalatzeko.
Portu arriskutsua
e. bidegainBadu mendeak eta mendeak Pasaiako portuaren berri badela. XV. mende arte, Oiartzungo portua deitzen zen, eta orduan hartu zuen Pasaia izena. Izenak argi erakusten du itsasotik porturako pasaia berezia adierazten duela. Bide hertsia daukate itsasontziek, bi mendiren erditik. Gipuzkoako portuak inseguruen artean sailkatu zituzten, eta are inseguruagoa zen Pasaiako portua.
Pasaiara sartu nahi zuten ontzien gidatzeko asmoz, hainbat dorre eta seinale eraiki zituzten. Nabigazioa laguntzeko toki garrantzitsuenetariko bat Santa Isabel gaztelua izan zen, duela mendeak eraikia. Pasai Donibaneren gainekaldean dagoen Santa Ana ermita ere laguntza toki handia zen itsasontzientzat. Santa Isabelen itsasargi bat eraiki zuten. Pasaiako beste faro garrantzitsua Platakoa da, kanalaren bestealdean dagoena. Gaztelu itxura dauka, Hendaiako Abadiaren estilokoa.
Plata izena portuaren aspaldiko aktibitate batetik datorrela uste da. Oiartzungo Arditurri meategietatik ateratzen zituzten mineralak Pasaiako portutik esportatzen zituzten. Hori izan daiteke itsasargiaren izenaren arrazoia.