Orain arte Turkian ikusitako paisaiaren aldean, baita Kurdistango mendien ohiko irudiaren aldean ere, oso ezberdina da Riha inguru hau, eta klima ere bat dator aldaketarekin: Anatoliako goi-ordokietako ilunabar freskoek egunsenti sargoriari egin diote leku. Eufratestik hurbil gaude, Siriara doan ordoki lehorrean. Naturak, geografiak, jendeak galdu dute turkiarren Asia erdialdeko estepa kutsua.
Bazarra oso atsegina da, kalexketan galdu gara. Kurduen oihal koloretsuak daramatzate emakume askok, arabiarrak iruditu zaizkigu beste batzuk. Duela mende bat herritarren herenak armeniarrak ziren, eta siriar komunitate garrantzitsua ere bazegoen. Gaur ia guztiz kurdua da hiria, den-dena turkieraz idatzi badago ere. Azokan ez da falta oihurik, salerosketako leku bizietan behar den legez, baina bakar bat ez zaigu guri zuzendu. Urrun daude Istanbul eta Kapadoziako azoka turistikoetako saltzaileak, mendebaldar bisitari oldeak turismora erabat bideratutako tratulari zorrotzak.
Ameden egin beharreko jaialdirako alkandora baten bila hurbildu gara. Erakutsi dizkigu hiruzpalau, ez dugu topatu gura genuena, eta beste batera joan gara, dendari astunik gabeko azoka zoragarri honetako patxadan. Ez da tematu dendan gera gaitezen; irribarre batekin egin digu agur desenkusa antzean, bila ari ginena ez daukalako. Arrisku bakarra te gaindosia izan daiteke: saltzaile bakoitzak edalontzi bat te eskaini digu alkandora probatu bitartean.
Nekez topatuko dugu mapetan Riha izeneko hiririk. Urfa da ia beti ageri dena, eta ofizialki Sanlõurfa da 1984tik. Sanli horrek loria esan gura du, eta Urfa handia edo loriatsua adierazten du. Izan ere, hiri kurdua izan arren, ez dauka zain gauzkan Amed edo Dijarbakir abertzalearekin zerikusirik. Erlijioak indar handia daukan leku turkiartua da, historiak eta mitoek pisu handia daukaten lekua. Riha, Urfa... beste izen asko ere izan ditu historian zehar: Urhay siriakoz, Ar-Urha arabieraz eta Urhay armenieraz eta Orrha edo Orrhoa grezieraz. Kallirroe eta Justinopolis ere deitu izan diote, baina izen ezagunena Edesa da.
Kristau, musulman eta juduentzako hiri garrantzitsua izan da Edesa; Abraham patriarkaren jaiolekuak sineskera askotako erromesak erakartzen ditu. Zitadela dotore gailentzen da patriarkaren haitzuloaren gainean, eta inguruan dira zenbait mezkita eta arrain sakratuen urmaela ere. Musulmanen mitoaren arabera, Nemrod errege paganoak zitadelatik jaurtiki zuen Abraham surtan zegoen pagadi batera. Jainkoak sua ur eta pagoak arrain bihurtu zituela dio kondairak, eta zutabe korintoar bik adierazten dute erregeak jaurtitzeko erabilitako lekua. Sinetsi gabe ere oso hiri atsegina begitandu zaigu, eta urmael bueltako gerizan orduak eman litezke lasai paseoan, zuhaitzen gerizan jendeari begira. Profeten hiria deitzen diote gaur Urfari, inguruan baitira Job, Elijah eta Jetroren arrastoak ere.
BASAMORTUA BERDATZEN. Turkia izango da munduko autobus zerbitzu onena daukan herrialdea, beti garaiz eta hegazkinetan bezalako laguntzaile adeitsuak aurrera eta atzera mokadutxo bat edo edaria eskainiz. Baina mendi aldean maiztasuna gutxi denez, eta geuk ere astia sobera ez, autoa alokatu dugu, hogeita hamar euroan eguna. Geure erritmoan ibiltzeko askatasunez, hegoalderantz jo dugu, Siriaraino doan errepidean. Azken hiletan gerrillaren erasoak eta Turkiako Estatuaren errepresioa nabarmen hazi dira, eta errepideko kontroletan eta kuartelen atarian pilatutako harea-zakuak ageri dira. Atzean soldaduak. Gatazka gordinagoa da ekialderantz jo ahala, baina ez inork gelditu barik lortu dugu Harran herrira heltzea.
Historiako herririk zaharrenetakoa da Harran; hala ageri dute oraindik buztinezko etxe konikoek. Itun zaharrean, Toran eta asiriarren beste hainbatetan ageri da Harranen kokapen estrategikoa, Damasko, Ur, Ninive eta beste hiri garrantzitsu batzuen bidegurutzean. Kristautasunak erroak honaino luzatu arren, paganismoak indar handia izan zuen, eta eguzkiaren kultua erakusten duten hainbat leku daude inguruetan. Gurutzatuak ere parajeotan ibili arren, Damaskoren gerizan jarraitu zuen islamaren bidea.
Ismail ezagutu dugu eta herria ezagutzera eroan gaitu. Muino txiki batetik etxe multzoak ageri dira; beste alderantz, ordokia. «Siria hortxe bertan dago» diosku, «eta aurrez aurre dagoena, islameko unibertsitate zaharrenaren hondakinak dira». VIII. mendean eraiki zuten, eta 70 metrotik gora zeukan dorre astronomikotik erdia dago zutik.
Harrango etxe batera eroan gaitu; osabak xakearen antzeko jolas batean dihardu, harriekin olgetan. Eman dizkigu azalpenak, alferrik. Kurdistango mapetan begiratuz gero, kurduak gehiengo diren inguru honetan, Siriako mugan marrak bihurgunea egiten duela ikus daiteke. Bertakoak ez dira ez kurdu ez turkiar, arabiarrak baino. Eta arabieraz egin digu Ismailen osabak etxera sartzeko gonbita. Bertako erakunde batek erdi museo erdi turismorako denda eratu du, sasoi bateko etxeko jantziak eta alfonbrak erakutsiz. Gustura egoten da eguerdiko beroaren babesean, ortozik alfonbra gainean, etxeon freskuran. Baina turista gutxi dabil, gobernuko ordezkari bat baino ez, polizia bat zaindari, Ulu Cami edo mezkita zaharra bisitatzen. Harrandar gehienak baina, zaharraren aldamenean eraikitako herri modernoan bizi dira, 80ko hamarkadan alde egin baitzuten adobezko etxeetako azken biztanleek.
Pozik daude Turkiako Gobernuarekin, eskolan arabierarik ez badago ere. «GAPekin (Anatolia Hego-ekialdeko Proiektua) artzaintza baino askoz aukera gehiago dugu; lurra lantzen dugu. Ikusi behar zenuen eskualde hau duela urte gutxi, dena idor, ahuntzak baino ez genituela». Egia da berde-berde dagoela eremua, ubideen inguruan batez ere. Ez dugu uste aurrerantzean horrelako poztasunik topatuko dugunik egitasmo erraldoi horrekiko. Bide luzea hartu dugu gero, ureztatutako sailetatik uraren beraren jatorrira, Ataturk urtegira. Kurduen herrialdea da inondik ere, mendiak, nekazariak, arropen koloreak eta militar kopuruak salatzen dutenez. GAPek Tigris eta Eufrates ibaietan hainbat urtegi sortzeko asmoa du, Anatoliako leku lehorrenak ere laborantzara bideratzeko. Baina kalte ekologikoez gain, milaka kurduren herriak urpean geldituko dira, Mesopotamiaz geroztiko historiaren zati handi batekin batera. Datozen egunetan hobeto ikusiko dugu.
EKIALDEAK MENDEBALDEAREKIN TOPO. Historiako lekurik zaharrenetakoak dira bisitatzen ari garenak, milaka urteetan hainbat herrialdek topo egin duten txokoa, gerra edo bakea egiteko. Gaur kurdu indoeuroparren, arabiar semiten eta turkiar altaikoen herrien muga da, behinola pertsiar eta greziar zibilizazioen topaleku izan zen legez. Nemrut mendiaren tontorra ez da honezkero Kurdistango txoko ezkutua, turismoak aspaldi aurkitu baitzuen. Eta guri bezala, hara doan beste edonori ere kosta behar zaio ilunabar edo egunsenti ederraz bakarrik gozatzea. Baina jendea egonagatik -ezin japoniarrik falta- merezi du zalantza barik, magikotik asko dauka lekuak.
Tontorrerantz jarraitu aurretik herrixka ezin ederragoak pasa ditugu, turista saldoentzat prestatutako hotel handiren bat edo beste, eta azkenean kurdu pare batek daroaten ostatu txiki hau. Etxeko arrautzez paratu digute opila, barazkiak eta ayran izeneko jogurta. Edari arrunt bezala hartzen dute otorduetan, eta etxeko esnez egindakoa kosta egiten hasieran, garraztasun puntu hori dela eta. Zapiak dauzkate salgai, eta Kurdistango kolorez egindakoari erreparatu diot. Irribarre egin dit, konfiantza hartuta, «hemen kurduak gara denak, militarrek egurra eman arren».
Goizaldeko laurak pasatxotan Nemroden tontorrean gaude, 2.134 metrotan. Antioko Commagene I.aren santutegiak bederatzi metrorainoko estatuez josita dago, baita greziarrek eta persiarrek altxatutakoak ere, mendetan egondako lurrikarek estatuen buruak mendi magalean barreiatu badituzte ere. Eta halako batean han urrunean irten da eguzkia, estatuen larua gorrituz. Karl Sester arkeologo alemanak ezagutarazi zuen Nemrod mendia Mendebaldean 1881ean eta Unescoko Munduko Ondare da 1987tik.
Egunsenti zoragarriak Kurdistango mendietako errepideetarantz bideratu gaitu. Mendeetako historiaren lekuko dira bideok, mediarrengandik kurduengana, auzo-herrien -eta urrunagokoen, persiarren, greziarren eta erromatarren aurriak ere badira- ondarearen bilgune. Turkiako kontraesanak, militarrek zorrotz zaindutako estatu laikoan eskolak ageri dira mendiko herri galduenean ere, dotore jantzita doaz ume eta gaztetxoak eskolara. Alfabetatze unibertsalerako bidea da, baita turkiartze eta adoktrinamendu-prozesurako oinarria ere, uniformizazioaren alde eta kurduen kulturaren aurka.
Baina Kurdistan hutsa da ingurua, herriak, jendeen jantziak, artzainak... bideko txoko bakoitza gorde guran, bagoaz, iparraldeko kurduen hiriburura. Dijarbakir edo Amedeko harresi handiak ditugu zain.
UDAN BAI. UDAN BAI
HARAT-HONAT. Milaka urteko kulturen mugetan. Ipar Kurdistan (I)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu