Paisaia edertu egin du eguzkiak, dena distiratsu eta arraro bihurturik erdi ametsetan bezala. Bitartean erdi eroritako etxetxo baten zirrikituetan lurreko iguana bat ikusi dut, harresia eta arrakala bat eginda mimetizatua, kokospea puztuta eta gargarak egiten.
Urak kafearen kolorea du, ibaiak lurra higitzen duelako eta zikinkeria munduko bazter guztietara heltzen delako. Noizean behin zuhaitz-enborrak ur azalean ikusten dira, eta dortokak, eta horien maskorren gainean zaldunen antzera patxada ederrean txoritxoak ere ikusten dira. Haizea kantari dabil eta hori oso nabarmen gelditu da etxetxo baten ondotik igarotzean: eskegitako izarak tximeleta zurien antzera bere gogora dantzan ipini ditu. Txalupak helizearen bultzadaz uzten dituen aztarnak, ibai bazterretan kokatutako herrixken aurrean igarotzean, arnasari eusten dio makilen gainean pausatutako etxolak ez eramateko.
Zuhaitz buruetan loroak esnatu egin dira siestatik txaluparen harrabotsa entzutean, eta euren luma distiratsu eta koloredunak zabaldu egin dituzte. Moko horiko bi txenada ibaiaren hareatza batean daude geldirik, zelatan egongo balira bezala. Eta gure gainetik, hego laranjadun papagai talde bat igarotzean, guri buruz hizketan ari zirela iruditu zait. Apurtxo bat aurrerago simakobuak izeneko tximino arraroa ikusteko aukera ere izan dugu.
Halako batean, lertxun hauskara bat ur azaletik oso gertu gurutzatu da eta arraintxo batek jauzi egin du, euli baten atzetik ez bada arrain handiren batengandik alde egiteko.
Eginiko hasierako tartean txoriak eta tximinoak izan ditugu kantu-lagun eta umeak poztasun ibaiaren ertzetan. Guri begira, bidexkatik, bi ume txiki korrika doaz aspaldian galdutako trenaren atzetik. Enbor baten besoan kiribilduta sugetzar bat zegoen.
Bat-batean zeharo ezezaguna eta arraroa egin zait ibaiko ura, eta basoko landareak, eta dena. Emari txikiko tarte batetik igarotzen ari gara. Hareatzak zabaltzen dira eta sustraiek beraien azazkal zorrotzak erakusten dizkigute. Erriberako bazterretan lertxunek euren sama zuria gorantz, zerurantz luzatzen dute eta ibai alderago, lakuko urgaien estuan, arrain hegalarien jauziek ur azala zulatu dute, eta zirimolan desagertu dira, eta aztarna batzuk utzi dituzte ur azal barean, gerotxoago ezabatu direnak, zeruaren jabe ematen duen ur ispiluan.
Tximeleta bat, beltza eta urdina, handia oso, txori bat adinakoa, hegaka zebilen, errekaraino jaitsiz eta berehala goratuz. Nire begiak tximeletaren atzetik dabiltza; intsektuaren mugimenduen arabera jaisten edo igotzen ditu. Tximeleta mordoa bildu da gero, ur gainean, eta lore urdineko sasitza barera jo dute denek.
Jende gutxi ikusten da, eta etxerik ia batere ez. Bakardadea ia kilometrora hazten da gure inguruan. «Malajei aku» bitan esan diot Indrari, baina ez dit ulertu. Azkenean bizkar-zorroan tolestutako orria zabaldu, eta bertakoen hizkuntzan gosetuta nagoela adierazteko hitza erpuruaz seinalatu behar izan diot. Irriño batez erantzun dit. Motorra isildu eta uraren nahierara ibaiertzera zuzendu gara. Zuhaitz handi baten sustraien gainean eseri gara eta erositako litxarreriak belardiaren zamauan zabaldu ditugu. Indrak belar sikua batu eta arbola baten azala eta haria erabili ditu sua egiteko. Txundituta gelditu naiz eta ahoa zabaldu aurretik edozein bazterretan topa daitekeen landare bat dela esan dit: rota. Kaiolak, saskiak, eskumuturrak, sokak eusteko... denetarako balio ei du.
Belar eta lore usain bustia dago nonahi. Ubarroiek eta pelikanoek etengabeko joan-etorriak burutzen dituzte, nora ezean, entrenamenduetan bezala. Nigandik gertu errekatxoa ibaira hurbiltzen ari da astiro, diskretu, espetxe batetik hanka egiten bailegoen; eta ibaiak inolako keinu arrarorik egin gabe, bere altzoan hartu eta urrutira eraman du.
Eztarrian kateatuko orea libratzeko botilako kortxoak preso izaten duen mahatsaren gozoaz gogoratu naiz eta erpurua ahorantz eraman dut gora eta behera eragiteko. Gugandik hurbil lurrean dagoen kokoaren oskola erditik zatitu eta barruko likidoa edateko keinua egin dit Indrak. Koko zaharrek gazteek baino ur kantitate txikiagoa dute, antza, eta barrukoa gogorragoa. Une batean lurrean sakabanatutako kokoei erreparatu diet euren adina jakiteko, baina ez didate inolako laguntzarik eman.Kokoaren mamiak emandako zukua olioa egiteko aprobetxatzen dute eta umeek behi esnerik edateko aukerarik ez dutenez, koko esnea edaten dute.
Hemendik aurrera ikusiko ditugun parajeetan gobernuaren eta misiolarien eragina gero eta txikiagoa izango da, nonbait. Hemendik aurrera hostotzak gu besarkatzen saiatuko da. Basoa oso itxia ei da, eta barruko bideak oso gutxi dira, horregatik mugitzeko aukerarik onena ibaia da. Esandako guztia baieztatzeko ordu banaka batzuk baino ez ditut behar izango: orduan ibaiaren kantua alde batera utzi eta basoaren ilunean sartuko gara.
Adartxo batean pausatutako martin-arrantzale urdina guri begira dago. Behin eta berriro saiatzen ari da gaurko bazkaria lortzen. Batzuetan orekan jarrita, burutxoa sabelera makurtuta, ur azpikoari begira dago, gero labaintxo baten antzera presaren kontra oldartzeko. Sarri askotan kale egiten badu ere, noiz edo noiz berak besteko tamaina duen arraina hartu izan du. Batean, arraintxo batek alde egin du martin-arrantzalea gorantz zihoala, baina askatasuna lortu baino lehenago sekulako zilipurdika egin ostean berriro hartu du preso. Emaniko ikuskizuna nahikoa delakoan, presa ibai bazterrera eraman du, eta han, patxada ederrean jan baino, irentsi egin du.
Buru gaineko bero sikua larru azalean haginka antzematen hasi gara eta aurrera egitea erabaki dugu. Azken tarte honetan gero eta korronte biziagoa aurkitzen dugu aurka, eta txalupari gero eta gehiago kostatzen zaio aurreratzea. Nire barneko kezka arindu nahian-edo, zatitxo hau pasatutakoan ura mantsotuko dela esan dit Indrak. Eta horrelaxe gertatu da. Berriro egin dugu topo ibai zabalarekin; aspaldiko lagun bat ikustea bezala izan da: batzuetan ondoan eta beste batzuetan urrutian. Halarik ere, ibaiak berez dituen bihurgune sentsualak laster atzean utziko ditugu eta oihanean sartuko gara.
LOREAK ZAIN. Ibai bazterrean arrantzan ari den emakumezko taldetxo batera zuzendu dugu txalupa. Lehenengo lore emakumeak ikusi ditut gerritik gora biluzik eta txukun apainduta. Neskatxoen bularretan, samaren bueltan bildutako lepoko koloretsuek adinak jositako botoitxo pareak erdi ezkutatuta dituzte, eta adatsaren magalean oihanak kimatutako lore gorriek ederragoak egiten dituzte. Gerrikoak zintzilik dituen belartxima berdeak zangoen belaunburutik behera heltzen dira, eta eskumuturretan urre itxura duten letoizko zirrindolei uraren gardenak kolore argia ematen die. Nagusiak antzera daude apainduta, baina larruaren tolesturek eta tatuaien aginpideak loreagoak egiten dituzte. Indra, baten bila joan da, eta ni, bitartean, txalupatik mugitu gabe, niri zuzendutako irri eta barrez inguraturik oso gustura sentitu naiz. Behin eta berriro airean zabaldutako sareak uretan murgiltzen dira eta gatibu hartutako arrain txikiek eta ur gezako izkirek, lehorrean dauden saskietan azken arnasaldia ematen dute
Oraintsu arte ateri egon bada euri zaparrada hasi da. Euriaren hariek tiratutako gortina goibela zabaldu dute beheraino eta banbuzko hormaren azpitik zabaltzen den ur-hariak bidean aurkitzen duena ureztatu du. Zutitu egin naiz, leihoarena egiten duen oihala ireki dut, eta horrela jarraituz gero urak gainezka egingo duela iruditu zait.
Aldapa batean kokatutako lastozko txabolara abiatzeko esan didate Indraren keinuek. Oinek zorua losindu labaindu eta goitik behera lokaztu egin naiz. Eta orduantxe konturatu naiz zer gutxi behar duten zoriontsuak izateko. Nire moduko baldar bat itzulipurdika ikustea nahikoa izan dute momentuari zukua ateratzeko. Eurak nire atzetik etorri dira ortotsik, tente eta zuzen. Ni bitartean etxolako lurrean eserita nago mendiko botak eta lokarriak eskuetan. Gero, borobil bat egin dute, eta batzuek hartutako arraina eta beste batzuek ekarritako fruituak elkarri trukatzen aritu dira. Begi bistan dudan alkatxofa moduko frutak durian du izena eta oso gozoa ei da behin ondu ostean. Fruituen erregea ei da. Poliki-poliki ezer esan gabe desagertzen hasi dira. Bertako misterioak irentsi dituela ematen du. Kanpoan euria, lokatza, eta oihan itxia dituzte zain eta aldean gainezka daramatzaten saskiak.
Txabolaren bueltan euriak sortutako errezelak Indrarekin datorrena ezkutatzen badu ere, lore gizon bat dela ez dago duda izpirik. Buru gainean palma hosto zabal eta luzea darama eta gurean euritakoa ataripekoan utzi bezala, berak ere hostoa kanpoan laga du. Bostekoa ematea bururatu zait, baina... Indrarekin gertatukoa etorri zait burura. «Aloita! Onikku Juan Luis. Onikku Kuki».
Ez dakit zenbat urte izango duen. Zaharra dirudi. Ez du haginik eta eskuan daraman makila Ez dakit zenbat urte izango duen. Zaharra dirudi. Ez du haginik eta eskuan daraman makila bezain tentea da. Motots luzea eskegita du, eta tatuaiek, errekatxoek bezala, larrua goitik behera zeharkatzen diote. Eskumuturrekoez eta lepokoez apainduta du gorputza. Bera izango da gure gida, berak erakutsiko digu oihanaren misterioa.
Oihanean aurkitzen ditugun bidezidor batzuk ez dira giza bideak. Gizakien oinek baino animalien joan-etorriek eginak dira. Goitik behera edota behetik gora osatutako egurrezko lianek sugeak ematen dute argitan zintzilika. Lianak kilometro bateko bidea egin dezake zuhaitzen artean, argia irentsiz eta korapilatuz oihan tropikala gortina bilakatu arte.
Inurri saldo luze-luze bat gure ondotik igarotzen ikusi dugu eta inurriengandik ez oso urrun pilota baten tamainako bi kakarraldok zarata egin dute hanken astuna hosto bigunen gainean pausatzean, eta beren pintzekin txaloen moduko zarata egin dute. Kukik eskuan duen aihotza behin eta berriro erabiltzen du oihanak osatutako matazatik libratzeko. Bidea gero eta estuagoa da. Baso barruan dena da baso: zuhaitzak gero eta handiagoak dira, gero eta luzeagoak, batzuk sasi igokariz beteak daude. Zerua ez da ia ikusten; zuhaitz eta hostoen artetik sartzen diren eguzki-izpi eta argi-itzal jostari batzuk salbu. Behin eta berriro lokatzetan kateatutako botari begira nago, baina galtzerdiaren zuri-marroia baino ez dut ikusten, eta orduan, amorruaren amorruz egindako ahalegin ustelak, basatzetan, lotuta gelditzeko baino ez du balio.
Trabesean dagoen arbola baten gainean igaro behar izan dugu, eta inor ez da errukitu. Sakon arnasa hartu eta izuak jota beste aldera igaro dut. Euren giharrek luma balira bezala eusten diote egurrari.
Halako batean futbol zelai txiki bat ikusi dugu, bi aldeetan porteriak sarerik gabe, eta erdian Indonesiako bandera dago masta gainean, haizetara, aspaldiko urkaturen baten alkandora dirudien bandera zarpaildua. Ez dakit hau ez ote Indrak esandako herria: Urubaga, hutsik dagoena. Bai, bertan gaude. Isil-isilik dago kanpamendua, inongo bizi-zantzurik gabe. Txaboletatik ez da kerik irteten. Herri mamu honetan, etxe batean, familia bakarra bizi da: gobernuak sedentarioak izateko emandako aukera onartu zuena, alegia. Beste guztiak, Indonesiako gobernuak inposatutako zibilizazioari uko egindakoak, oihanaren zilborrean ezkutatuta egongo dira, horrelako parajeetatik urrun, leku helezinetan.
Bananondo hosto erraldoi baten azpian neskatxo bi daude eta gonen kolore bertsua arbola beretik hartutakoa dela iruditu zait. Umeen aita Kukirekin saiatu da berba egiten, baina honek ez dio kasurik egin. Gero Indrarengana joan da, eta hantxe izan dira berriketan. Nik, bitartean, belarraren gainean etzateko aprobetxatu dut. Bizkar-zorroa bustita dago eta pare bat kilo gehiago du, nik galdutakoak, ziur. Kukik ingelesez pare bat hitz baino ez dakizki: «very hungry» eta «no good», baina bere begi distiratsuek komunikatzen dute. Durian ale batzuk probatzeko eman dizkit. Indonesiako fruten erregea ahoan sartzean indartsuago sentitu naiz. Kukiren atzamarraren keinuak gora begira- tzeko esan dit eta zuhaitzaren goialdea ikusi ahal izateko burua oso atzera eraman behar izan dut. Hantxe daude gugandik oso urrun, zeruaren zabala urratu nahi izango bailuten, durian aleak.
Hartutako atsedenak ezer gutxi arindu du nekea, baina tira, aurrera egin behar dugu, ezin gara bertan gelditu. Ez dut galdetu nahi zenbat falta den. Arratsaldeak bereak egiteko gutxi falta du, baina eguzkiak oraindik gori-gori dagoen harritzarra bezala tinko dirau.
UDAN BAI. UDAN BAI
HARAT-HONAT. Sigi-saga ibaian gora. Siberuteko lore gizonak (II)› Berehala utzi dugu Muara Siberut atzean eta Sameme ibaian gora egin dugu. Zeruak oraintsu arteko soineko grisaz gogaiturik urdinerako joera hartu du eta mementoan nabaritu dugu zabaldutako leihotxoaren zuloetatik eguzki erre honek larrua belztu eta begiak lausotuko dizkigula.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu