HOLTZARTEKO ZALDAINEAN GAINDI. Ibilbidearen abiapuntua Logibar ostatua da. Atharratzetik hurbilduz gero, eskuinera hartuko dugu Ligi-Atherei herrigunea igaro eta berehala. Logibar aterpetxea errepide bazterrean dago, Larrainera iritsi baino 2,5 kilometro lehenago. Mendi-aterpetxetik Larraineko erreka zeharkatuko dugu eta, bide seinaleei men eginez, Holtzarteko zaldain edo zubirantz abiatuko gara oinez. Lehen metroak GR 10 zidorrarekin bat egingo dugu, eta haren konpainian segituko dugu Oladoko zentral hidroelektrikoraino. Zubiaz bestaldean, GR zidorrak ezkerrera egingo du, eta Üiñurritzeko basotik, Ardakotxea talaiatik eta Sarimendiko hegoaldetik abiatuko da Kakueta eta Santa Garazi herrigunea helburuak erdiestera. Alabaina, bazter egingo ditugu zidorraren baliza horiek, eta eskuinera egingo dugu, 35q Holtzarteko zubixkarantz eta Pistako ur-jauzirantz zuzenduko gara. Erreka bazterretik ibiliko gara, astigarrak, hurritzak eta pagoak bidaide. Lapitz kinta gogorrean aurrera egingo dugu, goratasunari eustearen karietara. Ur hotsetik aldentzen ari garelarik, eskuinean amildegi txiki bat uzten hasiko gara. Lasai ibili gaitezke, halere, kable, hari eta hesi batek estuki babestua dago bidea eta.
Horizontaltasunari men eginez, paseotxo galanta oparituko digu xenda horrek Holtzarteko zaldaineraino. Ehunka metro lehenago, ordea, ikuskizunaren argazki paregabea egiteko aukera izango dugu. Bisean bis, Holtzarte (eskuinekoa) eta Oladubi (ezkerrekoa) zintzur miresgarriak. Bi-biak ezagunak direlarik ere, Holtzartekoak ospe handiagoa jaso ohi du. Basozainei Holtzarteko basorako bidea errazte aldera, zaldain edo zubixka bat egokitu zuten Atharratzeko Lombardi Morello altzairu fabrikako beharginek. Hori guztiori XX. mende hasieran gertatu zen, 1920an, zubiko zutabeetako batean erromatarren hizkiz irakur daitekeenez. Gaur egunean ibiltariek eta makina bat turistak baliatzen duten azpiegitura ikusgarria bilakatu da. Zubiaren kulunkatzea igartzea abentura ahaztezina zaigu; izan ere, arroilaren hondotik 140 metrora dago eraikia eta, orain urte batzuk arte bederen, zaldainean bertan hainbat ohol falta baitziren, abenturazko filmetako izuzko pasadizoak gogora ekartzen zizkigun. Horren harira, zubiaren arriskuaz oharturik, alarma gorria piztu zen iaz turistei eta mendizaleei tarifa bat ordainaraztea proposatu zutenean bai Larraineko Udalak bai Zuberoako zindikatak. Bi urteko epea hartu zuten proposamenari bultzada emateko. Azkenik, kudeatzaileek afera aztertu ondoren, lanei ekitea eta zerga bertan behera uztea erabaki zuten iazko abenduaren amaieran.
PISTA PEKO ARTZAIN TXABOLA. Zaldaina zeharkatuta, sigi-saga egingo dugu xenda behinenetik irten gabe. Minutu gutxiren buruan, pista zabal batera helduko gara. Erreferentzia interesgarria da basabide hura, Oladubiko arroila inguratu baitaiteke ezker aldetik abiaraziz gero. Bidebanatze horretan eskuinera egingo dugu, eta, Holtzarteko zintzurrari jarraituz, zehar-zehar jarraituko dugu hegoalderantz. Bidean ordu erdi bat eman gabe, Pista errekastoaren gainetik igaroko gara, egurrezko trabesez eginiko zubi bati esker. Pistako zubitik 40 bat metrora, basabide zabala abandonatu, eta ezkerrera joko dugu, pagoen eta hurritzen artean. Ondorengo urratsak erreka lagun egingo ditugu. Hainbat ur-salto atzemango ditugu xendaren eretzetik. Ikaragarriak izan ez arren, goraxeago ikusiko dugunaren aurrekariak izango dira, zinez. Jakina, Pistako errekak libratu beharreko desnibela gogorra baita, bere sorlekutik jauzika amiltzen du bere ur-emaria.
Hartxintxarrezko bide egokitu batera helduko gara laster. Beltzurtiko basotik eta Amubiko zubitik datorren basabidean gaude. Bidea zeharkatu eta, metalezko seinale bati kasu eginez, gora egingo dugu. Arretaz igo, xenda patarra eta irristakorra da eta. Ezker-eskuin eginda pagadian barrena, iraztor batera helduko gara. Pistako ur-jauzia aurrez aurre izango dugu orduan, eta hara abiatuko gara iraztorrean irekitako igarobide belartsutik. Turrustara heldu baino 200 bat metro lehenago, Pista peko artzain ola ikusiko dugu. Berreraikia dago aspaldi, eta bertan babesa hartzea posible dute mendizaleek. Artzain partzuergoen jabetza delarik ere, 80ko hamarkadan Zuberoako bihotzean jaiotako Bortükariak izeneko ibilbide taldekideek jai animosoa ospatu ohi dute bertan, ekaineko hirugarren larunbatean.
ITZULERA JAUREGIBERRIKO LEPOTIK. Ur-jauzitik hartxintxarrezko bideraino jaitsiko gara. Ezkerrera egingo dugu, eta Ardaneko presa txikitik igarota, Holtzarteko eta Larraineko bide sardarekin bat egingo dugu. Ezkerrera egin eta Amubiko zubiraino iritsiko gara. Bide nagusiari men eginda, Latserreka (mapa kartografikoak hala dio) ur-salto politaren ondotik igaroko gara. Üztarbe ostatu ohiaren ezkerraldetik Larrainera doan antzinako bidexkari ekingo diogu gero. Lohitze bat igaro ondoren, Jauregiberriko leporaino igoko gara. Lepoko bide sardan ipar-mendebaldera jotzen duenari ekingo diogu, hots, ibarbidean behera jotzen duenari. Erreka bat igaro bezain pronto, behera egiteari utziko diogu, eta magalak zeharkatzen hasiko gara, Hardoiako bordetara iritsi arte. Bide nagusiari jarraituz, goratasuna galtzen segituko dugu auzune bateraino. Errepide estuari segituz, Larrainera iritsiko gara. Errepide bazterretik Logibar aterpetxera jaitsiko gara.
Horizontaltasunari men eginez, paseotxo galanta oparituko digu xendak Holtzarteko zaldaraino
ur jauzia, datuetan
Ur-jauzia: Pistako ur-jauziaErreka: Pistako erreka
Herrialdea: Zuberoa
Mendilerroa, mendia: Otsogorrigaina
Ur-jauziaren neurria: 40 metro
Gomendioak:
Ura eta hamaiketakoa eraman
Egun lainotsu edota trumoitsua bada ez abiatu, ekaitzek gogor jotzen dute eta.
Arroiletan kirolariak ibili ohi dira jaitsierak egiten. Adi, beraz, eta amildegira ez bota harririk edota istripurik eragin dezakeen gauzarik.