UDAN BAI. UDAN BAI

HARAT-HONAT. Arbailako bihotzean. Ur-jauziak (III): Erreitiako ur sorgia Arbailako arrailduretatik barrurantz iragazitako euri urak aterabide naturala du bi begitan. Erreitiako errekari jarraituz, baso hostozabalean gaindi tinko egingo dugu behe ibarrean aitzina, ur sorlekua bisean bis izan arteraino

Josean Gil-Garcia.
2006ko uztailaren 20a
00:00
Entzun
Erreitia errekak (La Bidouze frantsesez) Arbailako mendigune karstikoan du sorlekua. Hori dela eta, harrizko haitzulo ikaragarri bat ikus daiteke hormatzarraren oinaldean. Ez da harritzekoa. Elzarreko Ordokia deritzan goi ibarraren barru-barruan mendigunearen iturburu nagusi bat ezkutatzen da. Hartaz gozatze aldera, ibilbide polita proposatu nahi dugu ondorengo lerrootan. Asmoa? Zuberoa eta Nafarroa Beherea herrialdeak banatzen dituen Arbaila mendigune karstikoko haitzuloak, turrustak eta hamaika altxor deskubritzekoa. Hala, basoan gaindiko bidaia ahaztezina egingo dugu. Sorpresarik sorpresa ibiliko gara kareharria nagusi den naturgune basatian. La Bidouze edo Biduze izena frantsesetik datorren leku izena baino ez da, Allande Socarros kazetariaren eta mendizale grinatsuaren aburuz bederen. Haatik, erreka horrek euskal jatorriko izena badu, Erreitia hain zuzen, baina ez dago oso zabaldua Hegoaldeko euskaldunen artean.

ERREITIA ERREKA BIDAIDE. Donibane Garazitik Zuberoarantz egingo dugu bidaia autoan, Oxkaxeko lepotik. Donaixti Ibarrera iristean, errepide nagusitik irtengo gara, eta, eskuinera hartuta, Source de La Bidouzerantz ekingo dugu, bide asfaltatutik. Arlakondoa deritzan auzune, atsedenleku eta aparkalekura zuzenduko gaitu errepide estu horrek. Mendiko oskiak, bizkar zorroak eta makilak gertu, abian jarriko gara, hegoaldera jotzen duen basabide batetik. 9 kilometro eta 3 ordu adierazten ditu bertako seinale batek; datu fidagarriak joan-etorria egiteko asmotan bagara. Haritz, gaztainondo, astigar eta hurritzen artean egingo ditugu lehen urratsak. Basoaren soinua bidaide, behe ibarrean aurrera egingo dugu, desnibelik gabeko paseotxo lasaian. Basoaz nahiz errekaren hainbat bazterrez gozatzeko parada polita izango dugu hainbatetan. Beltxu mendia da eskuin aldean dagoen tontor panoramikoa. Haren gainaldea larreek hartua dute, baina bestelako ikuspegia izango dugu behe ibarretik, baso trinko hostozabal batek ederki janzten baitu haren ipar-ekialdeko magala.

Arlakondoa auzunetik abantzu 45 minutura, Ur Beltzara iritsiko gara. Porlanezko zubi bat dago han. Hura zeharkatuko dugu eta, ertzaz bestaldera igarota, metro batzuk egingo ditugu gora. Eskuinera egingo dugu gero, eta hasierako norabideari eutsiko diogu. Gora egin ahala, pagadi eder baten begiradapean egingo dugu aurrera. Bi ur-jauzi txiki ikusiko ditugu ibarra ixten duen hormatzarrera iritsi aurretik. Bietara jaits gaitezke nahi izanez gero. Basoaren freskotasuna eta ur-bazterrek jariatzen duten hezetasuna eskertzekoak dira uda partean, benetan. Erreitiako turrustak apartak ez diren arren, mira eginda geldituko gara, paradisu ederra irekiko baitzaigu aurrean.

UR SORLEKUAK. Bidebanatze batera helduko gara berehalakoan; halaxe adieraziko digu-eta bide ertzeko mugarri txiki batek. Maldan gora doan bidexka Etxekorteako urmaelera eta Elzarreko Ordokian den Pagolen olara abiatzen da; aukera bikaina, hortaz, mendigune horretan abentura bila dabiltzan ausartentzat. Arbailako konplexu karstikoak paisaia berezia du, eta basotik irtendakoan trokak, zuloguneak eta -Zubereraz erraten den bezala- latsunarriak ohikoak dira. Adi, beraz! Ezkerreko xenda hori bazter egingo dugu,eta bidexka nagusiari segituko diogu. Ahotzarraren atarian izango gara laster. Errekaren harritzatik igarota, Erreitiako ur sorlekuraino igoko gara. Akuifero garrantzitsu batean gaude, eta naturarekiko begirunea aparta eta fina behar dugu izan hantxe, ekosistema ahulak izaten baitira hezeguneak.

Haitzulo nagusia delarik ere, ez da begi bakarra paraje horretan. Haitzuloak anaia txikia du eta metro gutxira. Nahiz eta aho handia bezain ikusgarria ez den, huraxe ikustera joatea merezi du, zinez. Hala, haitzulo handira iritsi baino metro batzuk lehenago, ezkerrera joko dugu eta, xendari jarraikiz, bigarren iturburura helduko gara. Aurrera eginez gero, metalezko bi zurubi ikusiko ditugu, magalean josita. Eskailerok ez bezala, aurreragoko haitz azpiko igarobideak arrisku handia du. Kontuan izan handik abiatu aurretik: Elzarreko Ordokira iristeko, amildegi ondotik igaroaraziko baikaitu bidexka labainkor batek. Arriskua saihesteko, lehen aipatu dugun Etxekorteara doan bide patarra aukeratzea da zentzuzkoena.

ur-jauzia, datuetan

Ur-jauzia: Erreitia

Erreka: Erreitia (La Bidouze)

Herrialdea: Donaixti-Ibarre, Nafarroa Beherea

Mendilerroa, mendia: Arbailamendigunea

Gomendioak:
-Ura eta hamaiketakoa eraman

-Ondare naturala errespetatu

-Largabistak eraman, harrapari ugariikusiko ditugulako Arbailan.

-Zorua bustita dagoela edo lainopeanez abiatu haitzulotik gora, arriskutsuadelako oso.

Arbailan, Zuberoa eta Nafarroa Beherea banatzen dituen mendigunean, hamaika altxor dago

Haritz, gaztainondo, astigar eta hurritzen artean egingo ditugu lehen urratsak, basoaren soinua bidaide

Bi ur-jauzi txiki daude ibarra ixten duen hormatzarrera iritsi aurretik; aurrerago,bi haitzulo ikusiko ditugu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.