Hori alde batera utzita, nahasmen handia dago herrialde txiki honen historian, horren zaintzaren inguruan Seu de Urgelleko elizbarrutiaren -hori zen jatorrizko kudeatzailea-, Urgelleko kondeen, Foixeko kondeen eta Aragoiko Koroaren arteko liskarren ondorioz sortutakoa; hala, pareatje sistema ezarri zuten XIII. mendean; sistema horrek aldeen eskubideak berresten ditu akordio juridiko baten bidez, eta Andorraren zaintza bikoiztu. Akordio horren bidez, bi laguni eman zieten boterea: Seu de Urgelleko gotzainari eta Foix etxeko ordezkariari. Gaur egun, Frantziako Errepublikako presidentea da Foix etxearen ordezkari. Erdi Aroko gertakari horiek erabakigarriak izan ziren hurrengo zazpi mendeetan Andorraren etorkizunerako; abeltzaintza tradizionalaren eta mendiko nekazaritzaren aldeko apustua egin zuen herrialdeak, eta gobernatzeko Erdi Aroko sistema bat erabili duen Europako estatu bakarra izan da; ez du armadarik behar izan sekula, eta ez gerrarik egin. Hala izan da XX. mendearen erdira arte. Orduan, merkataritzaren loraldiak erabat aldatu zuen Andorra, eta dinamika horren harira hainbat eta hainbat erreforma egin zituzten; hala, 1993an bazter batera utzi zuten feudalismoa.
Harrezkero, printzerri parlamentarioa da Andorra; egitura demokratiko propioa du, bai eta ordezkaritza ere Nazio Batuetan. Horren izaera berezia dela eta, bazter ezezaguna izan da luzaro; erakargarri turistikoa gero, merkataritza helburu bakar zuena, eta merkataritza gune ikaragarria; gaur egun, berriz, beste aberastasun iturri batzuk aurkitzen ari da, eski estazioetako neguko turismoa eta goiko haranetako hiri menditsuetarako udako turismoa, besteak beste. Era berean, dentsitate arazo garbiak ditu, etxebizitzen prezio itxuragabekoetan islatzen direnak. Garatze bide bete-betean dago Andorra, hori aurreko bizimoduekin uztartzen badu ere; berdin antzinako abeltzaintza herriekin, edo mugarik gabeko kontsumitzeko pentsatutako zentro moderno kaotikoekin.
Familia izan da Andorraren beste ezaugarrietako bat. Etxea da oinarria, bertako eskema juridiko eta politiko-administratibo korapilatsuan. Beraz, funtzio oinarrizko eta tradizionala du; familiaren ardatza da, eta zorrotz zuzentzen du etxeko jaunak. Batetik, hainbat familia balio sustatu ditu horrek; bestetik, berriz, familiaren ondarearen babesa eta klana balitz bezala etxe bakoitzak duen izenarena.
ANDORRAN ZER EGIN. Andorra oso txikia da; ordubete baino ez da behar autoz mendebaldetik ekialdera edo iparraldetik hegoaldera zeharkatzeko, Andorraren bihotzean sartzen den errepide sarea erabilita. Hori horrela, ostatua herrialdearen mutur batean edukiagatik ere, lasai-lasai joan daiteke bat beste muturrera egun berean, gauza jakina baita erosoa izango dela joan-etorria, Andorra la Vellako auto ilarek harrapatzen ez bagaituzte.
Andorrara salgairen bat edo beste erosteko joz gero, Andorra la Vellako hiribide jendetsuetan aurkituko dugu behar dugun guztia; hala ere, beste hainbat hiritan ere, Escaldes Engordanyn edo Pas de la Casan besteak beste, aurki daiteke denetik, eta prezio paregabean, gainera, merkataritza gune handiak baitira horiek ere. Batek baino gehiagok ezustekoa ere hartuko du mugan, esportazio legeek arautu gabeko produktuen tasak ordainarazten diotenean.
Merkataritza guneek sustatutako mugarik gabeko kontsumoa alde batera utzita, bi altxor paregabe ditu Andorrak, egonaldi atsegin eta aktiboa eskaintzen digutenak. Batetik, ondare historiko-kulturala, bikain kontserbatuta dagoena; bestetik, berriz, mendiko haranak, saltokiz betetako kaleetatik kanpo daudenak. Aire zabalean egiteko mota guztietako kirolak egiteko aukera ematen dute, bazkaria eta ahalegin edo baliabide berezirik eskatzen ez duen ibilbidea barne.
Kulturari dagokionez, herrialde osoko eliza erromanikoak dira horren oinarrietako bat; harrizko dorrea dute horiek ezaugarri. Erlijioak garrantzi eztabaidaezina du Andorran; are gehiago, Seuko elizbarrutiaren mende egonda; gainera, eliza berriak sortu ziren, Karlomagnoren tropek arabiarrak Pirinioetatik bota zituztenean. Aldi hartan, horiek ziren kultura zabaltzeko gune nagusiak; horrekin batera, baina, botereguneak ere baziren, eta nobleei ere inposatzen zizkieten euren arauak. Horiek horrela, diru ugari ematen zuten horiek eliza berriak eraikitzeko. XI. mendean, bi mila biztanle baino ez ziren haran eta parrokietan, eta berrogeita hamarretik gora eliza zeuden. Eraikin horietako gehienek oso ondo iraun dute orain arte. Andorrako eliza erromanikoen ezaugarriei dagokienez, oso sinpleak dira horiek; ez dute nabarmentzen diren monumentu handirik; monasterio edota katedralak Katalunian zeuden, Andorrako haranen kanpoaldean. Printzerriko elizak txikiak dira, eta landako estetika dute; apenas duten apaingarririk, eta ez dituzte mendikateko beste eraikinen aurrealdean ikus daitezkeen sinbolo handiak. Pirinioetako gainerako elizetatik kanpandegiengatik bereizten dira, elizaren oinarritik oso altu baitaude. Landa giroko eliza hauek leiho estuak dituzte, eta ateak eguerdiko eguzkiari begira daude; gainera, eliza gutxik dute babeserako eliz ataria. Argi gutxi dute elizek barruan, eta horrek otoitzerako aproposa egiten du bertako giroa. Sant Vicenç d´Enclar, Sant Miquel d´Engolasters, San Joan de Caselles, Sant Roma de Villars eta Santa Coloma dira eliza erromaniko ezagunenak. Hiru bide erromaniko ere badaude, Andorrako elizak lotzen dituztenak. Valira Nagusia, Iparraldeko Valira eta Ekialdeko Valira ibaienak; paisaiak, historia eta arkitektura nahasten dira ibilbide horretan. Orain artekoa alde batera utzita, Andorrako gune espirituala Meritxelgo santutegia dela esan behar da. Andorrako zaindariaren irudia dago bertan, eta, hainbatetan desegin badute ere, eraikin modernoa egin dute material tradizionalak erabilita.
Bestalde, museo ugari dago Andorran, mota guztietakoak, mendian ekaitza denean ikusteko modukoak. Sant Julian, adibidez, tabakoaren museoa dago, Reig tabako fabrika zen lehen, eta Printzerriko aberastasun iturrietako bat lantzeko eta ekoizteko modua ikus daiteke. Museo ikonografikoa, kristautasunarena, dago Ordinon, eta eslaviar eta bizantiar jatorriko lan sakratuak biltzen ditu. Ordinon dago, baita ere, mikrominiaturen museoa. Nicolai Siadristyren lan bitxiak daude bertan, eta mikroskopioa behar da horiek ikusteko. Pinaren museoa ere badago herri horretan, eta 60.000 ale ditu. Arte erromanikoko maketen museoa dago Escaldesen, eta Encampen, berriz, automobilaren museo nazionala. Beste hainbat museo txikiago ere badaude; beraz, aukera ugari daude museoei dagokienez.
Bestalde, gutxien hazi diren herrietako eraikinek gorde dute Andorrako landako giroa eta bizimodu tradizionala; horietan ikus daitezke Andorrako etxe tipikoetako arkitektura. Encampen, esate baterako, Casa Cristo bisita dezakegu; XIX. mendeko etxe apal bateko bizimodua islatzen du. Sisponyn, berriz, Casa Rull dago, Massanako parrokiako etxe aberatsenetakoa izandakoa, Hala eta guztiz ere, ez du luxu handirik. Palen -ongien kontserbatutako Andorrako herria-, Areny-Plandolit Etxea dago, Andorrako familia eraginkorrenetako bat zen hori, burdinola ugariren jabe baitzen. Familia aberats baten bizimodua ikus daiteke bertan.
Ondareari dagokionez, gaur egungo zazpi eskultura handiak aipatzea bakarrik falta da; haran ikusgarrienetako bazterretan sakabanatuta daude, artearen eta naturaren arteko lotura gisa; egia esan ez dute uzten inor hotzepel, norberaren gustuak direnak direla ere. Horiek horrela, berdin ikus dezakegu hamahiru metroko diametroko te kikara bat Alt de la Capako muinoan, nola hamabi metroko eraztun zirkularra Arcalisko estaziotik kilometro batera.
Andorran egin ditzakegun mendiko kirolei dagokienez, kontuan hartu behar da sei eski estazio daudela bertan neguan elurraz gozatzeko, baina horrez gain, neguan edota udan ibilaldiak egiteko interesgarriak diren hainbat mendi ere badaude haranetan. Horien artean, Tristainako aintzirak eta tontorra, Arcalistik igo behar da horietara; Estanyoko tontorrera igoera, Sortenyko harana zeharkatuta, natur parkea dena; Cabanetako eta Serrerako tontorrak, Coma de Ransoletik barrena; Comapedrosako tontorra, Arinsaletik jota; Madriuko harana eta estany d´Engolasters... amaigabea da ia igoera eta ibilbideen zerrenda. Ez da ahaztu behar, ezta ere, Printzerria zeharkatzen duten hiru ibilbide luze (GR) badirela: GRP1, Printzerria inguratzen duena, GR7, hego-ekialdean egindakoa, eta GR11, lurraldea erdi-erditik igarotzen duena. Era berean, mendi tontorretara igotzeko beste aukera bat dira Andorrako harkaitz multzoetako hamabi bide burdineztatuak. Hori guztia, aterpe sarea ezin hobea dela kontuan hartuta; horietako bi ordaindu beharrekoak dira, Comapedrosakoa eta Cortals de Sisponykoa, eta aterpe gisa erabiltzeko beste hogeita bost eraikin ere badaude.
Gida
Ordainduzko aterpeakComapedrosa: Tel. 327 955
Cortals de Sispony: Tel. 836 363
Turismo informazioa:www.andorra.ad
Turismo Bulegoa: C/Doctor Vilanova 13 de Andorra la Vella.
Tel. (+376) 820 214