Ordu erdi barru Bukittiggi-rako autobusa hartuko dut. Laurogeita hamar kilometroko bidaia oso ederra ei da, arrozadi, mendiak, minangkabau etxeak eta bestelako paisaiak ikusteko parada baitago. Billeteak mila eta bost ehun (euro bat) balio du eta bi ordu eta erdi irauten du bidaiak. Aire egokitudun autobusa hartzeko aukera izan du, baina pare bat euro gehiago ez ordaintzearren itxura baino ez duen burdinatzar honetan joan beharko dut. Eskutik baino zerutik gertuago egokitutako apalean bizkar-zakua utzi, eta gaurko eguna nolakoa izango den imajinatzen nagoela ondoko gizonak eta kaioko oiloak niri begira harrapatu ditut. Irakiten egondako salda hartu aurretik itxoiten eman ohi den denbora behar izan dut nire ingeles traketsean ugertutako mingaina dantzan ipintzeko. Nire egoeraz oharturik-edo, galde-metrailadore batez goitik behera josi egin nau. Hasierakoak kokatze aldera geografiari buruzkoak izan dira. Europarra naizela esatean, Ahhh! egin du eta moneta euroa entzutean, Ahhhhh! luzeago batez erantzun dit. Gero, autobusaren gainean aritu da, eta ea gureak antzekoak diren galdetu dit. Gaurko autobusa gogoko duela adierazteko hatz koskorrak erabili ditu kolpe batzuk emateko eta txatarraren kalitatea ziurtatzeko. Bera Padang Panjang-en geldituko da, bertako merkatura doa. Bukittiggiko bezain handia ez omen da, baina interesgarria. Bufalo borrokak gustatuz gero asteartero arratsaldeko bostak inguruan aukera ona ei dago. Dirudienez, ez omen dago odol isurketarik eta errespetuz tratatzen dituzte bufaloak. Norgehiagokaren izena adu sapi da eta pisu eta tamaina beretsuko ur bufaloak lehiatzen dira. Politena bertakoek apustuak egitean sortzen duten giroa ei da. Borroka bukatzen da bietako batek amore eman eta zezen plazatik alde egitean; dirudienez, irabazitako bufaloa besteari darraio eta ikusleak ere korrika hasten dira.
Bidaidea agurtu eta ni zurrunga dauden ameslarien melodiarekin gelditu naiz. Eurena imitatu nahian gora begira jarri naiz, eta logurez zabaldu dut ahoa, baina ezin izan dut lorik egin. Orduan, hegoaldeko kostan, Indiar Ozeanok zipriztindurik bizi diren minangkabau emakumezkoak etorri zaizkit bisita eta gauza asko kontatu didate. Kontu batzuk ahopeka esan dizkidate ondokoek ez entzuteko, beste batzuk, ordea, ozenki. Musulmanak badira ere, euren ohiturak oso bestelakoak dira, islamak emaniko kontzesioa dela eta. Minangkabau emakumezkoen errejimena matriarkala da eta eurek agintzen dute. Dirua, etxeak, lurrak... emakumezkoenak dira eta gizonezkoen aukeraketa euren esku dago.
Minangkabauen ezkontzek ez dute parekorik. Askoren ustez, bertako emakumeak Sumatrako erreginak dira. Senarrek eurentzat egiten dute lan, eta oso eskubide txikiak omen dituzte. Hori delarik, gizonezko asko milankabaien lurraldea utzi, eta Java irlara joan ohi dira. Hemengo emakumeak inoiz ez dira sexu ahulekoak izan, nonbait.
TOBA LAKUA, KRATER NEGARTIA. Asiako hego-ekialdeko handiena da eta orain dela ehun mila urte sumendiak izan zuen erupzioak osatu zuen. Tobako eta inguruko bizilagunek batak dute izena eta aspaldian bezala bizi dira. Gehienak kristauak dira. Bost hizkuntza nahiko antzekoak mintzatzen dira eta Thailandiatik eta Myanmaretik etorri ziren orain dela mila eta bostehun urte baino gehiago Mongoliako erasotzaileengandik alde eginda. Indonesiako arkaikoenak eurak dira, eta gizatalderik handiena eurek osatzen dute: lau miloi guztira. Euren idazkera silabikoa da eta ezkerretik eskumara idazten dute edota goitik behera ezkerretik hasita. Aiztoaren zorrotza erabiltzen dute banbu azalean hizkiak ferekatzeko. Sumatrako beste herri bat karoena da. Hauek praktikatzen duten erlijioa nahasia da eta islama, kristautasuna, hinduismoa eta animismoaren eragina du. Uhartearen iparraldean Aceh eskualdeko hiriburua dago: Banda Aceh. Bertako gehienak muturreko islamiarrak dira, emakumezkoek zazpia eramaten dute eta sasoi batean oso estatu ahaltsua izan zen Acehena; gainera, holandarrei aurre egiten beti izaten ziren lehenak. Horregatik, Indonesiako gobernuak nolabaiteko autonomia berezia eman die euren politika, kultura, heziketa eta erlijioa praktikan ipintzeko. Dirudienez, turistak ez dituzte begi onez ikusten eta inor gutxi joaten da bertara.
Toba lakuari buruz emandako informazio orriak esaten du batak-ak kanibalak eta oldarkorrak zirela, eta niah-ak, ondoko leinu batekoak, euren esklaboak. Marco Polok 1292. urte inguruan bere liburuan Sumatra aipatu egiten du. 1509an portugesak heldu baziren ere, VII. mendean Gujarat-etik etorritako arabiarrek utzitako aztarnak askoz lehenagokoak dira, ordukoak baitira Sheherezadek idatzitako Sindbad Marinelaren istorioak. Samosir irla Toba lakuaren erdian dago eta Medanetik 174 kilometrora. Ez da aspaldiko leku lasaia, baina oraindik atsegina da. Tomok irlako herrixkarik garrantzitsuena da eta bertan etxe tipikoak ikus daitezke.
Bagus aterpean lo egiteagatik lau mila errupia ordaindu ditut. Lakuaren ertzean dago eta Tutuk herrixkatik gertu. Gehiagorik ezin eskatu. Toba lakua gazia da, laurogei bat kilometro luze da, laurehun eta berrogeita hamar sakon, eta munduko krater handiena da. Uraren kolore berdeak igerian eta surfa egiteko aukera ematen duela esan dit aterpeko mutilak. Ez dakit berak, baina nik, ordea, ez dut neure burua oholtxo baten gainean ikusten ez bada nire irudimenari eraginez oraintxe bezala: aldamenean dudan emakumezkoak gozotasun handiz marraztu dio umetxoari artesia alboan, eta orduan irudikatu dut olatuen ile zuri harrotuetan, surflariaren ohola aparrean bildua, alderik alde zeharkatzen ari dela, itsasoaren marazean mutil lerdena orrazi tankerakoa.
Oso gitarra-jole trebeak dira batak-ak, eta bertako etxe-eraikitzaileek ez ei dute parekorik. Dela herbeheretarren kolonizazioa, dela misiolarien ebanjelizazioa, batak gehienak protestanteak dira. Plastikoaren zibilizazioa eta telebistarena bertaraino heldu da eta poliki-poliki bada ere indonesiar umeen azturak bereganatzen ari dira bertako haurrak. Betiko etxola tradizionalak desagertzen hasi dira eta porlana eta burdina gero eta errazago ikusten da euren herrixketan. Samosir irlako zenbait herrixkak oraindik eusten badiote ere aspaldiko etxolen egitura tradizionalari lehengo lastozko sabaiak latonez ordezkaturik daude. Aineka hasitako oihanean Sumatrako nekazariek arroza, tabakoa, azukre-kanabera. kafea, barazkiak, patatak... landatzen dituzte.
Orangutanak, oihaneko trapezistak
Borneoko etaSumatrako zenbaitlekutan bizi dira orangutanak
j.l. mugertza
Sasoi batean orangutanak Asiako hego-ekialde osoan bizi ziren; egun, Borneoko eta Sumatrako zenbait lekutan bakarrik. Aizkora eta motozerraren harrabotsak isilarazi egin dituzte orangutan askoren uluak eta etxerik gabe utzi. Sumatrako iparraldean Gunung Leuser deritzan barrutian, babestutako 2.500 kilometro karratuetan, orangutanak gustura ibiltzen dira berrogeita hamar metroraino hazten diren zuhaitzetan. Bertan sastraka itxi-itxia da, hezetasuna ia jasan ezina, euria etengabe egiten du, baina bertako bizilagunak (2.000 inguru) aske bizi dira. Muga horretatik kanpo zuhaitz guztiak ezkutatu egin ohi dira, antza, aspaldian soildutako basoetan. Gainera, euren onera ekartzeko errehabilitazio zentro bi daude: Bohorok eta Ketambe. Bertan gozotasun handiz zaindu egiten dituzte orangutanak gero basoan berriro askatzeko.
Mundu osoan libre hamar mila inguru orangutan omen daude; kopurua txikia eta arriskutsua konturik ez egiteko. Bohorok zentroa Medanetik laurogei kilometrora dago, Bukit Lawang-en. Orangutanak ikusteko bisitarien kopurua eta denbora (berrogeita hamar minutu) mugatua izan ohi da. Dena den, trapezioko maisuen akrobaziak eta keinuek behin baino gehiagotan barre txikia eragingo dizuete. Beste tximino handiak bezala, hots, txinpantzeak, gorilak hauek ere buztan gabeak dira, baina hauek ez bezala orangutanak bihotz onekoak. Gizakiak kenduta, orangutanek ez dute etsairik; behin zuhaitz gainera igoz gero seguru egoten dira. Orangutanek antzekotasun txikia dute Afrikako gorila eta txinpantzeekin; baina badute guztiek antzerako ohitura: habia egiten dute zuhaitz gainean.
Orangutanak bakartiak dira, ez dira sekula familia handitan ibiltzen, araldi garaian bakarrik elkartzen dira arra eta emea. Familia haztean soilik ikus daitezke bi edo hiru orangutan batera; gazteak estuki lotuta daude amari. Orangutanak 30 urte arte bizi daitezke.
Ia egunero euri zaparrada handia egiten du Bohoroken, laburra bada ere; euri garaian, aldiz, atertu ere ez du egiten egunetan. Orangutanek batzuetan ez bustitzeko palmondo hostoak ipintzen dituzte buruan itoginaren kolpea hobeto entzuteko-edo, eta oso grazioso egoten dira. Berrogei urte hauetan legez kanpokoa izan da orangutanak hiltzea, harrapatzea, edukitzea edo saltzea. Hala ere, inork ez dio kasurik egin lege horri oraintsu arte. Kumeak izan ezik, basoan ematen dute guztiek egun osoa. Gero, arratsalde erdi aldera hor agertzen dira zentroan alde guztietatik gosetutako orangutanak. Bertako langileak eta zientzialariak egoten dira jan eman guztietan orangutan bakoitzaren aurrerapena ikusteko. Beti izaten da esnea, txikientzat bereziki. Eta beti dago baten bat txikien artean haserretzen dena eta besteen atentzioa deitzeko mainak egiten dituena. Lehenago heldutakoek ase arte jan dute eta basora itzultzen hasi dira. Barregarriak eta maitagarriak dira,oihaneko trapezistak.