Jose Angel Corres. Bilboko Merkataritza Ganberako zuzendaria

«Une bakoitzeko beharrei egokitzen jakin dugu»

Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2011ko urriaren 19a
00:00
Entzun
Iragan urteko martxoan aukeratu zuten Jose Angel Corres Bilboko Merkataritza Ganberako lehendakari, eta aurten ganberaren 125. urteurrena ospatzea egokitu zaio. Zapaterok iazko urtean ganberei ordaindu beharreko kuota kendu zuenetik diru iturriak gutxitu zaizkiela esan du, baina, hala ere, oraindik 78.000 enpresei eskaintzen die zerbitzua Merkataritza Ganberak.

Sortu zeneko helburuek bere horretan jarraitzen dutela azpimarratu duzue urteurrenean. Zeintzuk dirahelburuak?

Hein handi batean, Bizkaiko enpresei zerbitzua eskaintzea. Bi esparrutan batez ere: enpresak nazioartera zabaltzeko laguntza ematen eta hezkuntzan. Hori da Merkataritza Ganberen Legeak ezartzen dituen betebeharrak. Horretaz gain, zerbitzu gehiago ere eskaintzen ari gara, besteak beste, merkataritzaren esparruan, azpiegiturak, bitartekaritza korteak, ikerketa zentroa...Ekintza horiek guztiak enpresa bizkaitarren beharretara egokituz joan dira.

Zein eratan parte hartu du Merkataritza Ganberak Bizkaiaren garapenean?

Nik uste dut oso era ezberdinean. 125. urteurrena ospatzen ari gara, eta hasiera horretan, garapenari begira, parte hartze oso aktiboa izan zuen; industria iraultzan, esaterako. Garai hartan, boterea esku gutxitan zegoen; burdina, merkataritza, itsasoko merkataritza edo bankuak sortzeko beharra pertsona jakin horiek zeukaten bakarrik. Burdinaren eraldaketa hori kanpora esportatzeko beharra zeukatenak ere eurak izaten ziren, baina irabazi azkarrak zituen negozioak hartzen zituzten bakarrik. Luzerako irabaziak zituzten negozioak sustazeko, azpiegitura Merkataritza Ganberak sustatu zituen.

125 urte hauen inguruan zein iritzi daukazu?

Ona izan behar du, hor jarraitzen dugun heinean. Enpresa bizkaitarrengan funtzio garrantzitsua betetzen dugu, ez sorrera zuen berdina, baina nazioartekotasun eta formakuntzaren neurrian emandako pausoak garrantzitsuak dira.

Sorreratik, erakundeen funtzioak garatu egin dira. Horrek guztiak nola eragin dio Merkataritza Ganberari?

Enpresen irteerarekin zuzeneko eragina izan du ganberak. Txarra izango zen, ganbera alde batetik joan eta enpresak beste aldetik joan izan balira. Testuinguru zailak izan ditugu historikoki: Europan bi mundu gerra, Espainiako guda etxean, autarkia ekonomiko garaiak, eta nazioarteko merkatuetara joateko garaiak. Une bakoitzera egokitzen jakin du ganberak, eta horren adierazle da 125 urte bete ditugula eta mundu osoan osasun ona duen sare baten parte garela. Orain ere aldaketa garai garrantzitsua izaten ari gara.

Etorkizunera begira, zein aurreikuspen duzue?

Gaur egun berregituraketa garaian gaude, joan den urte amaieratik, eta ekonomiaren egokitze neurriak direla eta, ganberari eman beharreko ezinbesteko kuota desagertu egin zen, eta orain, alde horretatik, gure gastuak berregituratzen ari gara, sarrerak asko jaitsi baitzaizkigu azkenaldian. Ganberan bertan dauden enpresen egoera zailaz jakitun gara, eta espero dugu behin berregituraketa antolatzen dugunean, Bizkaiko enpresei eskaini diegun laguntza eskaintzen jarraitzea.

Ganbarei ordaindu beharreko kuota hori beharrezko ez izateak mina egin dizue?

Hasieran bai. Baina iazko amaieran 78.000 afiliatu geneuzkan. Hemendik aurrera berrafiliazio prozesu bat egingo dugu, eta hor ikusiko dugu kaltea zein den benetan. Berrafiliazio horri denbora gehiago eskaini beharko diogu, baina horrela dira kontuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.