Unerik kutunenak gogoratzeko

Iruñeko Erraldoien eta Buruhandien konpartsaren 150 urteko historia bildu dute liburu bateanKonpartsarekin zerikusia duten 40 lagunen testigantzak eta 165 argazki jaso dituzte

Iruñea
2010eko abenduaren 23a
00:00
Entzun
Pertsonaia entzutetsu eta eragin handikoen modura, Iruñeko Erraldoien eta Buruhandien Konpartsak ere badu aurrerantzean bere biografia. La comparsa de Gigantes y Cabezudos de Pamplona. 150 años de imagenes y recuerdos (Iruñeko Erraldoien eta Buruhandien Konpartsa. 150 urte iruditan eta oroitzapenetan) liburuak konpartsa osatu zutenen eta dutenen argazki hoberenak eta oroitzapenak bildu ditu. Konpartsaren jarraitzaileek badute zerekin gozatu eta, bidenabar, historian taldeak izandako bilakaera ikusi eta gogoratu.

Amaitzear den 2010ean 150 urte bete dituen aitzakian, Iruñeko Erraldoien eta Buruhandien Konpartsako kideek hamaika omenaldi, sari eta beste jaso dute.

1860. urtean sortu ziren egun Iruñeko kaleetan dantzan aritzen diren erraldoiak, Arizkungo eskulangile Tadeo Amorenaren eskutik. Ordutik, hamaika ekitalditan parte hartu du Konpartsak, eta horiek guztiak bildu ditu liburuak.

Irudi bitxi asko jaso dituzte liburuan, eta beste hainbat ezezagunak. Guztiak ere Iruñean argazki historikoak dituzten bildumetatik aukeratuak. Argitalpenak, orotara, 165 argazki bildu ditu. Tartean, konpartsari ateratako zaharrena, 1898. urtean Fermin Isturizek egindakoa, garai batean Sarasate pasealekuan zegoen Miserikordia Etxearen aurrean. Erraldoiak gaur ez bezalako janzkerarekin ageri dira, haurrez eta festetarako prest jantzita dauden iruindar askoz inguratuta. Iruindarrak ez dira gaur egun bezala jantzita ageri, zuriz eta gorriz, blusoi beltzarekin eta txapelarekin baizik.

Beste hainbat argazki bitxi ere ikus daitezke bilduman: 1931n Espainiako II. Errepublika aldarrikatu zenekoa, besteak beste. Erraldoiak koroarik eta ikur monarkikorik gabe ageri dira. Edota 1966ko uztailaren 24an ateratakoa. Egun horretan, Espainiako armadak Iruñeari gotorlekua itzuli zion, eta konpartsa armadaren desfileari bidea egiten ageri da.

Liburuaren 250 orrialdeetan XIX. mende bukaeratik duela gutxi arte egindako argazkiak ageri dira. Argazkiak hainbat iturritatik hartutakoak dira. Lehen garaikoak Iruñeko Udalaren, Nafarroako Gobernuaren eta Miserikordia etxearen artxiboetakoak dira. Liburuan hainbat bilduma pribatutako irudiak ere ikus daitezke: Jose Joakin Arazuri, Zubieta eta Retegi, Larrion eta Pomoulier, Erronkari eta abar. Inge Morath argazkilari austriarrak 50eko hamarkadan zuri-beltzean utzitako hainbat oroitzapen ere jaso dituzte argitalpenean. Azken hamarkadetako argazkiak eta urteurrena dela-eta egindako hainbat ospakizunetan ateratakoak, berriz, Diario de Navarra eta Diario de Noticias egunkarietakoak eta Iruñeko hainbat argazkilarirenak dira.

Argazkiak eta testigantzak

Bilduman konpartsarekin zerikusia izan duten 40 lagunen testigantzak ere agertzen dira. Bakoitzak konpartsarekin izandako harremana eta bizipenak kontatzen ditu. Tartean daude Pedro Trinidad Rojo erraldoi eramaile izandakoen biloba eta semea; Jose Luis Turrilas Manuel Turrilas konpositore entzutetsuaren semea; Paulina Fernandez Mañuetako txurro dendaren jabea; Fernando Hualde historialaria; Jose Luis Fraile gaitaria eta hainbat idazle, kazetari eta abar.

Liburuaren azken orrialdeetan, konpartsarentzat garrantzitsuak izan diren daten kronologia egin dute. Kronologiari jarraituz, Iruñeko Erraldoien eta Buruhandien Konpartsa osatzen duten zortzi erraldoiren, bost buruhandiren, sei kilikiren eta sei zaldikoren irudia eta deskribapena agertzen da. Ikus daitekezein diren irudien izenak, garaiera, pisua, eraikitze data eta janzkera.

Liburuaren koordinatzailea Jose Luis Larrion izan da, eta Goblal Servicios Culturales enpresak editatu du Iruñeko Udalaren laguntzarekin.

Liburua 20 euroren truke eros daiteke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.