EZARIAN. ZIENTZIA

Unibertsoak

Eider Carton.
2010eko abenduaren 2a
00:00
Entzun
Unibertso asko existi litezkeela, gure bizileku den eta ikusten dugun unibertso erraldoi hau egon litezkeen unibertso guztien artetik bat besterik ez dela, errealitate paraleloak.... ideia horiek ez zaizkigu arrotzak egiten. Zientzia-fikzioaren bidez iritsi zaizkigu, eta erroak ere bota dituzte gure irudimenean. Berez, Hugh Everett fisikariaren tesian sortu zen unibertso paraleloen kontzeptu modernoa, 1957an, baina kosmologoen artean ez du inoiz izan zientzia-fikzioan bezain harrera berorik. Izan ere, lan-eremu bitxia da multibertsoarena. Bitxia, ez bakarrik ikergaiaren ezaugarriengatik; kosmologoek aztertzen duten arren, hipotesi zientifiko bat den, burutazio bat, ala metafisika hutsa den ere ez dago garbi.

Berez, XX. mendeko fisikaren ezinegon (ia obsesio) bati erantzun nahiak ekarri du multibertsoa, unibertso anitzen ideia. Fisikariek teoria bakar batean bildu nahi dituzte grabitatea eta mekanika kuantikoa. Grabitateak eskala handiaren portaera esplikatzen du: galaxiak, izarrak, planetak... Mekanika kuantikoak, berriz, eskala txikiarena: atomoak eta atomoa baino txikiagoak diren partikulak. Baina horiek biak ez dira aparteko bi mundu. Eskala handiko materia guztia eskala txikiko partikulez osatuta dago, eta, beraz, dena aterki bakarraren pean azalduko duen teoriaren bila ari dira aspaldian fisikariak. Logikoa da. Haatik, ez dute lortu, eta, are gehiago: existitzen diren proposamenetako batzuek gainditu egiten dute logika zientifikoaren muga.

Multibertsoa da horietako bat. Multibertsoa supersoken teoriaren ondorio bat da, eta supersoken teoria, berriz, grabitazioa eta mekanika kuantikoa batu nahiaren ondorio. Baina teoria horrek 11 dimentsioko espazio bat eskatzen du, besteak beste, eta guk ezagutzen dugunak hiru besterik ez ditu. Nola lotu hori? Bada, multibertsoaren bidez. Gure hiru dimentsioko unibertsoa hainbat unibertsoren arteko bat da, baina beste asko ere existitzen dira: 10.200 aukera, supersoken teoriaren arabera; 10.200 posibilitate horiek osatzen dute multibertsoa.

Supersoken teoria matematiken eremuan bakarrik mugitzen da, ordea. Matematikek ahalbidetzen dute unibertso-aniztasuna eta multibertsoa, baina, aldi berean, ezin da horren froga esperimentalik lortu. Teorian bertan dago muga, gainera. Multibertsoaren teorian ere unibertsoak ez dira elkarrekin komunikatzen, ez diote elkarri eragiten, eta, ondorioz, ezinezkoa da beste unibertsoei antzeman ahal izatea. Nola jakin, orduan, existitzen direla, gu haietako baten barruan isolatuta bagaude? Eta are oinarrizkoagoa dena: ezin badugu jakin beste unibertsorik existitzen den, zentzuzkoa da multibertsoa ikergai zientifikotzat hartzea? Izan ere, hipotesi bat ez da hipotesi zientifiko bat, ezin bada ez baieztatu, ez ezeztatu...

Azkenerako, gurpil zoro handi bat dirudi multibertsoaren ideiak. Ikergaitzat hartu dutenek uste dute badela grabitatea eta mekanika kuantikoa lotzeko bidea, froga esperimentalak kale itsu bat dirudien arren. Besta batzuek, aldiz, hipotesitzat baino, burutaziotzat dute multibertsoa, eta haren beharrik ez dute ikusten Fisikaren hutsuneak betetzeko. Askok aurreko pauso batean jartzen dute muga: ez dituenez betetzen hipotesi zientifiko baten eskakizunak, jainkoaren lurralde bereko jotzen dute multibertsoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.