Plaza giro

Urdinaren mugan

Zarautz eta Getaria arteko pasealekuan arrantzaleak, oinezkoak eta korrikalariak gurutzatzen dira. Eguraldi txarrarekin ere betiko ohiturei eusten diete.

Eguraldi eskasari aurre egin, eta lasterka atera ziren atzo batzuk Zarautz eta Getaria artean. GORKA RUBIO/ ARGAZKI PRESS.
Ilargi Agirre.
Zarautz
2012ko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun
Itsasoaren arabera, izaera aldatzen du lekuak. Aldarte ezberdina izaten du, olatu zakarrekin edo bare dagoenean. Itsasoaren mugan bizitzearen kontuak. Zarautz eta Getaria (Gipuzkoa) lotzen dituen oinezkoen pasealekuak Bizkaiko golkoaren gainean eraikita dagoela ematen du, hari metro batzuk kendu nahian bezala.Egun eguzkitsuetan, urdinak bezainbesteko protagonismoa hartzen du berdeak; mendiaren magalean barreiatutako mahasti dotoreak baitaude beste aldean. Eta eguraldi kaskarreko egunetan, guztia bilakatzen da grisa. Noizbehinka, euriari muzin egiten dioteausartek, eta horiek apurtzen dute itsasoaren bakardadea. Olatuen leherketa eta murmurioa dituzte bidelagun, une oro.

Jose Luis San Sebastian eta Marije Biurrarena senar-emazteek egunero egiten dute Zarauztik Getaria arteko bidea,oinez, ordu eta erdian. Baita egun tristeetan ere: «Aterkia eta txanoa hartu, eta 'ea, goazen!', esaten diot. Beti ezberdina izaten da paseoa, eta ederra da. Olatu handiak daudenean, ez bustitzeko, korrika eta guzti ibili behar izaten dugu», dio Biurrarenak. «Mediterraneoan ezagutzen ditut itsas bazterreko ibilbideak, baina honek ez dauka konparaziorik», azaldu du San Sebastianek. Garai batean, paseoa egin aurretik, errepide ertzetik ibiltzen zirela gogora ekarri du, eta, trafikoarekin beldurtuta, ez zutela hainbeste gozatzen.

Korrika edo arrantzan

Haize ufadekin, aterkiari eutsi ezinean dabiltza tarteka ikusten diren ibiltariak. Ondoko errepidetik pasatzen diren kamioiek putzuak zapaldu, eta zipriztinak botatzen dituzte paseora. Ez bustitzeko,tentuz ibili behar da. Gehiengoari aurka eginez, horrelako egunetan bakarrik joaten da Juan Jose Aizpurua. «Eguraldi onarekin, nahiago dut mendianibili: Pagoetan. Itsaso zakarra dagoenean, gailurretik ere entzuten da olatuen burrunba». Erretiratuta dago; bakarrik bizi da, eta halaxe ibiltzea atsegin du, bere kasa. «Zahartuta nagoelako joaten naiz Pagoetara. Gaztetan, Pirinioak nituen gustuko, eta Alpeetanere izana naiz».

Inguruko korrikalariek paseo horretan neurtzen dituzte indarrak. Ez dute kilometro kontagailurik behar. Zarauztik irten, eta errepidean dauden tunelak izaten dira nork bere sasoia kontrolatzeko mugarriak. Lehenengo tunelera larri iristen direnak, hasiberriak. Tunelak pasatuta Getariara bidean eroso doazenak, aurretik entrenatutakoak. Azken talde horretakoa dirudi Aitor Fernandezek. Kaskoak belarrian jarrita, erritmo onean eta arnasestu handiegirik gabe doa Getaria aldera. «Jende gutxiago dabil gaur, eta nahiago dut. Gozamena da hemen korrika egitea; izugarria da lekua».

Arrantzan ari dira Genaro Agirre eta Jose Antonio Andueza lagunak. Ordiziatik (Gipuzkoa) etorri dira Zarautzeraino. «Eguraldia? Afizioa dagoenean, eguraldiak ez du axola», esan du Agirrek, eta ehiza eta arrantzaren arteko aldeaz mintzatzen hasi da. «Ehizan, diru gehien duenak barruti onenetara joateko aukera dauka. Arrantzan, ez du balio diruak. Ilargiak, mareak eta pazientziak eragiten dute teknika». Kanabera mugitzen hasi da, halako batean. Arrainik ez da ageri, eta zizarea falta. Ez dute biraorik bota. «Arrantzaleok bizitzeko filosofia bat daukagu. Ez da arrantzan jardutea bakarrik; itsasoari begiratu, etaberriketan egote hori da. Belaunaldi berriei horixe falta zaizue; pazientzia».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.