Urgull, harrien arteko Bizitza izeneko jardunaldiak antolatu ditu Aranzadi zientzia elkarteak, hemengo anfibioen berri emateko herritarrei. Deialdi guztiak irekiak izango dira, eta Urgulleko guardetxean izango dira, dohainik. Gaur arratsaldean hasiko da, eta martxoaren 27ra arteko programazioa antolatu dute.
Anfibio eta narrastiak: dibertsitatea eta kolorea izenarekin erakusketa bat prestatu dute, eta egunero ikusi ahal izango da. 17:00etatik 20:30era irekiko dute astegunetan; larunbatetan, berriz, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara ikusi ahalko da. Igandeetan, berriz, arratsaldetan bakarrik egongo da zabalik, 17:00etatik 20:00etara.
Gaur hasiko dira jardunaldiak, 19:00etan, eta ordu erdi bat geroago hitzaldi bat emango dute. Itsas dortokak Bizkaiko golkoko altxorra izena du, eta Nagore Zalduak emango du. Kostaldera oso noizbehinka bada ere agertzen dira dortokak. Kasu batzuetan itsasontziak nahi gabe jo, eta zaurituta Donostiako Aquariumean sendatzen dituzte.
Bihar, ordu berean, El único y discreto anfibio de Urgull (Urgulleko anfibio bakar eta ezkutukoa) izango da, Elina Uotilaren eskutik. Anfibio bakarra dago Urgull mendian, eta hori Arrabioa da. Haitz eta harri nahiz enbor hilen zirrikituetan egoten da ia denbora guztian, eta tenperatura epeleko gau hezeetan bakarrik irteten da lur azalera. Haren bizitzaren berri emango du hitzaldian.
Ostiralean, kontzertua
Ostiral gauerako bestelako emanaldi bat proposatu du Aranzadik. Bapo Morgan taldearen rock kontzertua izango baita guardetxean. Larunbatean, goiz hasiko dira ekimenak, 10:30ean haur tailerrak izango dituzte eta. Zer zara, igela ala dortoka? izena dauka, eta ume bakoitzak espezie baten maskara egin beharko du.
12:00etan, bisita gidatua izango da, Carlos Cabido eta Iñaki Sanzek zuzenduta. Sugandila berezi bat bizi da Urgullen; izan ere, iberiar sugandilaren motakoa izan arren, baditu berezitasun batzuk. Gainera, Balearretatik etorritako sugandila espezie batek arriskuan jarri du haren iraupena. Hori guztia eta gehiago azaltzen saiatuko dira bi gidariak. Eguraldi txarra egiten baldin badu hitzaldi bat emango dutela jakinarazi du Aranzadik.
Urgulleko anfibioak mintzagai martxoan
Aranzadik hemengo anfibioen berri emateko jardunaldiak prestatu ditu; erakusketa eta hitzaldiak izango dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu