Urrezko Danborra Xabi Alonsorentzat

Futbolaria aukeratu du Donostia Kulturak 2011ko saria jasotzeko; erabakia udalak berretsi behar du orain

Donostia
2010eko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Xabi Alonsok jasoko du 2011ko Donostiako Urrezko Danborra. Zurrumurrua zena atzo arratsaldean baieztatu zuen Donostia Turismok. Administrazio kontseiluak bilera egin zuen udaletxean, eta erabaki zuen saria futbolariari ematea. Eskertza moduko bat izaten da Urrezko Danborra, Donostiaren alde egindako lana eta hiriaren izena munduan barrena zabaldu izanari, eta Alonsok jasoko du ikurra, San Sebastian egunean, 2011ko urtarrilaren 20an. Aurrez, ordea, Donostiako Udaleko batzarrak berretsi behar du Donostia Turismok hartutako erabakia. Urteko azken saioan izango da hori, abenduko azken astean.

Bost hautagaik zuten Urrezko Danborra jasotzeko aukera. Alonsoz gain, Juan Mari Arzak sukaldariak, Miarritze errugbi taldeak, Union Artesana elkarteko danbor nagusi izandako Iñaki Barrenak eta Richard Oribe kirolariak osatzen zuten hautagaien zerrenda. Hiriko elkarteek eta norbanakoek proposatutako izenak ziren guztiak. Alonsoren hautagaitza Antiguako Kirol Elkarteak proposatu zuen -talde horretan egin zituen futbolean lehenengo urratsak-, baina ez zen bakarra izan. Urrian www.enterat.net webguneak galdeketa bat egin zuen Urrezko Danborraren harira. Hamar hautagaitza proposatu zituzten, eta futbolariaren alde egin zuten alde handiz galdeketa erantzun zutenek.

«Saria jasotzeko baldintza guztiak biltzen ditu Alonsok. Eguneroko jardunean eta aukera duenean, Donostiaren izena zabaltzeko eredugarria izan da», arrazoitu zuen bilera bukatuta Manu Narvaezek, Donostia Turismo elkartearen kontseiluko zuzendariak.

Donostiako sari preziatuena

San Sebastian egunean banatzen dute Urrezko Danborra saria, urtarrilaren 20an. Saria jaso dutenen artean gizarteko hainbat alorretako pertsonak daude. Donosti Cup futbol txapelketaren sustatzaile Iñigo Olaizola eta La Oreja De Van Gogh musika taldea izan dira saria eskuratu duten azkenak, 2009an eta 2010ean hurrenez hurren. Haien ondorengoa Xabi Alonso izango da, udalaren azken erabakiaren esperoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.