Azken perla. Jose Luis Peñalva asaldatuta agertu zitzaigun atzo, prentsari begiratua emateko REk eskaintzen dizkion 10 minutu publikoak bere iritzi politikoa azaltzeko erabiltzen dituen tartean (09:05-09:15). Hona haren hausnarketa, laburtuta: «Nazka eman behar liguke Espainian oposizioak terrorismoa arma gisa erabiltzea gobernua jipoitzeko; ezin da ametitu Rubalcaba hiltzaileen lagun, biktimen etsai dela esatea. Ikus dezagun Ulsterrek erakutsi zigun eredua: gobernuak tortura eta hilketarik larrienak egin zituen arren oposizioak ez zuen txintik esan».
Urrun, gertu. Dani Alvarezek osteguneko 08:00etako albistegi nagusian adierazi zuen txantxen atalerako gorde behar zela Argentinan Chavezi adierazpen askatasunaren aldeko saria eman izana. Chavezek hedabideak itxi izan dituela gogorarazi zuen, txantxaren kalifikatiboa zergatik erabili zuen argudiatzeko. Ondorengo tertuliaren tartean ere hitz berberak erabili zituen, eta, aizue, debate entzungarria piztu zuen Joseba Arregi, Jose Ignacio Lacasta eta Rafa Larreina solaskideekin demokraziaren inguruan, Venezuela eta Kolonbia eredu hartuta. Osteguneko pasadizotik, hara zer inkognita geratzen zaigun: Alvarezek txantxa hitza erabiliko ote zukeen, Garzonek, Del Olmok edo Aznarrek, jakinda hedabideak itxi izan dituztela, antzeko saririk jaso izan balute?
Salaketaren jomuga. Xabier Lapitz Onda Vascako esatariak (Euskadi Hoy) dio EITBn Urtxuegia auziari buruz hitz erdirik ere ez dela aipatzen. Alberto Suriorengan jartzen du salaketaren zama, kazetaria zena orain «politiko txar» bihurtu dela esanez. Suriok albistea zer den eta zer ez hausnartuz egunotan eman dituen azalpenak entzunda, bat egin dezakegu, ziurrenik, Lapitzek hari buruz duen iritziarekin. Kontua da Lapitzen salaketaren geziak urteetan lankide izan dituen profesionalak dituela jomuga azken batean, horiek goikoen aginduei men egiteko erakusten ari diren erraztasuna dela eta.
Men egite hori luza genezake, ziurrenik, Arkaitz Goikoetxeari Garzon epaileak 2008an hartutako aitortzaren eta Benjamin Atutxa zinegotziaren inguruko kasura. Harrigarria da RE eta EIko albistegiek zenbateko zabalpena eman dioten kasuari, eta harrigarria zein modu akritikoan izan den guztia, dena egiatzat joz eta, adibidez, Goikoetxearen tortura salaketei bizkar emanez.
Komunikazioa. Uhinetatik tiraka
Urrun eta gertu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu