Zaharretxeko giroa lortzeko, hirugarren adineko figurante pila bildu zen dekoratuan. Asko ziren eta ezin guztiekin egon, baina bazen emakume txikitxo bat, masailgorria eta begi urdin-urdinak, toki guztitan topatzen nuena.
Goizean-goiz travelling-a muntatzen zuten bitartean, argiztatzeko azken ukituak, aktoreen mugimenduak neurtu eta abar, kafe bila hurbildu nintzen katering-eko mahaira. Hantxe erreparatu nion lehenengoz amonatxoari. Kafeteraren erritmo karibearra zela eta, hizketarako beta izan genuen. Ilusioz beteta zetorren, eta berehala igarri nion hilabeteko gertakizun bereziena bizitzekotan zegoela. Irribarretsu, poz-pozik, egun batez aktore. Etxekoak ere urduri imajinatu nituen, batzuk besteei deika, zera, «amonak errodaje batean parte hartuko duela», protagonismo guztia harentzat. Ederki. Ongi ikasita zetorren gainera; ez zion kamerari begiratu behar, planu beraren toma guztietan mugimendu eta keinu guzti-guztiak berdin errepikatu behar zituen, eta batez ere pazientzia beharko zuen eguna oso luzea izango zelako.
Bazkalondoan komunean topatu nuenerako, nekatzen hasia zen. «Hau luze egiten da, ezta?», esan zidan serio. Ez zekien beste bost bat ordu egongo zela, gaixoa, mugimendu berdinak behin eta berriro errepikatzen. Amaitutakoan berriz, zera aitortu zidan: «Posible al da bihar ez etortzea? Nekatu egin naiz, nahikoa izan dut honekin». Eta hori eguna gurpildun aulkian igaro zuela. Nola esan etxean izartzat daukaten horri, hainbeste agureen artean ez zaiola filmean bereizi ere egingo? Halaxe da eta figuranteen bizitza, protagonismoa etxean geratzen da, eta kito.
Maratila
Urruneko figurantea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu