Maratila

Urrutira begira

Ane Muñoz.
2011ko abenduaren 16a
00:00
Entzun
Hor nonbait irakurri dut gaur bezalako egun batean, hau da, abenduaren 16an, estatu espainiarreko lehen konexio telefonikoa egin ahal izan zutela Bartzelonan. 1877.urtea zen, gure berraitona-amonen garaia. Ufa, ze urrun, ezta?

Geroztik etengabe garatuz joan den aurrerakuntza teknologiko haren lehen urratsetan, deiak oso garestiak ziren, oso esklusiboak, distantzia txikikoak, eta ez zeuden herritar arruntaren eskuetan. Gaur, berriz, hain juxtu 134 urteren ondoren, Ekuadorren daukadan lagunarekin zuzenean hitz egin dezaket, ia doan, hari begira nagoen bitartean. Eta ez hori bakarrik, izan ere, bart esperientzi berri bat bizi izan nuen, oraindik sinestea kostatzen zaidana: Ekuadorrekoarekin blagan nenbilela, Madrilgoa gehitu zitzaigun, eta, konturatu orduko, hiru burutxo neuzkan ordenagailuaren aurrean, lasai asko hitz eta pitz: hango hura, horko hori, eta hemengo hau. Ikaragarria, ezta?

Ez dakit Bell jaunaren garaikideek inola asmatu ahal izango luketen aurrerakuntza hark gerora hartuko zuen bidea, niretzat oraindik magikoa dena. Izan ere, txikitan etorkizunekotzat ematen genuen aparatu futurista hura jada ez baita etorkizunekoa, egun-egungoa baizik. Eta nola, gainera. Etxetik bertatik mugitu gabe munduko beste puntan dagoenarekin komunikatzeko aukerak anitz baitira, merkeak, azkarrak, eta nahiko erosoak. Elkarren artean fisikoki urrun bagaude ere, distantziak txikitu ditugu, eta naturaltasun guztiz erabili dezakegu parez pare bageunde bezala hitz egiteko aukera ematen digun telefono zahar haren biloba modernoa, deskuido batean zaharkitua ere geldituko zaiguna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.